Iazko abiadura bera eskainiko dute: 60 gigabit jarriko dituzte eskura, hau da, erabiltzaile bakoitzaren ordenagailuak segundoko gigabit bateko ahalmena edukiko du. Euskaltel da antolatzailea, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren SPRI taldearen eta BBKren laguntza jaso du.
Leloan bertan da agerikoa adimen artifizialaren arrastoa: The beat of technology (Teknologiaren taupada). San Vicentek azaldu duenez, ChatGPT programaren bitartez sortu dute. Aldagai batzuk sartuta, softwarea gai da testuak osatzeko, eta esaldi hori taxutu zuen, gaztelaniaz, antolatzaileen galderen bitartez. Adimen artifizialaren alderdi askori erreparatu diete hitzaldietan: aukerak izango dira hizpide, baina baita erronkak ere, eta kezkak. Esaterako, Jesus Aitor Prado Seoane abokatua adimen artifizialarekin sortutako obrez mintzatuko da, baita jabetza intelektualaren inguruan ere; Euskalhackeko kide Sergio Blazquez Lopezek teknologia modu seguruan erabiltzeko gakoak aletuko ditu; eta CreativiTICeko Jorge R. Lopez Benitok azalduko du zein den adimen artifizialaren eta metabertsoaren arteko harremana.
Horrez gain, ohiko gaiak ere jorratuko dituzte. Tokia izango dute irudimen digitalak, software libreak, bideojokoek eta zibersegurtasunak, besteak beste. Eta tokia izango dute, orobat, bide berriek: 2020an, pandemiak bultzatuta, streamer gune bat ipini zuten, eta jada egonkortu da. Horren inguruko jarduerak ere egingo dituzte: adibidez, irakatsiko dute nola atondu streaming-etarako gela. «Euskal Encounterrera streamer asko etortzen dira, berez, eta askok beren postuetatik egiten dituzte zuzenekoak», nabarmendu du San Vicentek. Parte hartzaileen arteko hartu-emana sustatuko dute, oro har.
Soslai aldaketa
Euskal Encounterrera joaten den jende gehiena aditua da teknologian, baina ezagutza ez da beharrezko baldintza; nahikoa da interesa, San Vicenteren irudiko. Askotarikoak baitira jarduerak, eta ugariagoak izango dira aurrerantzean, publiko aldaketari egokitu beharko baitira. Izan ere, pandemiaz geroztik aldatu egin da soslaia: aurretik, 26 eta 28 artekoa zen batez besteko adina, eta 32koa da aurten; gainera, familientzako topagunea bilakatzen ari da, gutxika. Emakumeak, ordea, nekezago erakartzen dituzte: %14 izango dira aurten. Proportzioa igotzea da erronketako bat, San Vicenteren berbetan.