Joan da minbizia duen gaixoa ospitaletik etxera. Ospitalean jaso du kimioterapia, erradioterapia, immunoterapia... Agian kirurgiaren bat egin diote. Tratamendu erasokorrak minbiziaren kontra, baina baita gaixoaren kontra ere. Etxera bueltatu da, hurrengo aurrez aurreko kontsultara arte edo tratamenduek eragindako ondoezak ospitalera joatera behartu arte. Bitartean, etxean aurre egin behar dio, etxean jasan behar du minbiziaren kontrako tratamenduen errusiar mendi fisiko eta emozionala.
Etorkizunean, beharbada, kontsultatik kontsultarako hutsune hori ez da hain hutsune izango eta lotura bat egongo da gaixoen eta medikuen edo osasun taldearen artean. Zilbor heste bat, birtuala eta adimen artifizialean oinarritua.
Minbizia duen eriak bere egoerari buruzko hainbat galdera erantzungo ditu sakelakoan edo tabletan. Zehaztuko du nola sentitzen den eta ea sintoma multzo batetik horietakoren bat izan duen. Erantzunak haren jarraipena egiten duen medikuari edo osasun taldeari iritsiko zaizkio.
Ez erantzunak bakarrik, ordea: tratatzen dituzten gaixo guztien erantzunak kategorizatuta eta lehentasunak ezarrita iritsiko zaizkie, hau da, arreta batez ere norengan jarri behar den zehaztuta. Arazoak izan ditzaketenak lehenetsita. Medikuak, jakina, informazio guztia aztertu beharko du eta horren arabera erabaki: gaixoari deitu, tratamenduren bat jarri, ospitalera joateko eskatu... Medikuen eta gaixoen arteko informazio jarioa hobetzeaz gain, minbiziaren kontrako tratamenduek eragindako zenbait konplikazio garaiz atzematen eta larriago ez bihurtzen lagundu dezake.
Step Monitoring izena du sistemak. Donostiako Naru Intelligence enpresak garatua. 600 pazienterekin baino gehiagorekin probatu du, eta baieztatu eraginkorra dela. Aurten lortu du merkaturatzeko baimena, eta jada hasi da bezero posibleekin hitz egiten, ospitaleekin eta osasun sistemekin.
Eider Sanchez eta Maider Alberich telekomunikazio ingeniariek sortu zuten Naru Intelligence. Zuzendari nagusia da Sanchez; zuzendari teknikoa Alberich. Bi telekomunikazio ingeniari osasungintzan lanean? «Ikasketak bukatu genituenetik lan egin dugu osasungintzan, adimen artifizialeko sistemak garatzen osasungintzan», azaldu du Sanchezek.
Ikertzaileak ziren. Almerich datu omikoen analisian (genomika, proteomika...) eta machine learning-ean espezializatu zen; Sanchez, berriz, medikuei erabakiak hartzen laguntzeko konputazio sistemetan, onkologian batez ere. Bakoitzak bide propioa egin zuen, Vicomtech zentro teknologikoan topo egin zuten arte.
Gaixoengana iritsi nahia
Ikerketa uztea erabaki zuten 2016an. «Teknologia berriak sortzen lan egiten genuen, baina askotan proiektu horiek paper zorroetan gordeta geratzen ziren, ez aurrera, ez atzera», azaldu du, etsita, Sanchezek. Proiektu horiek gauzatzeko, hau da, produktu bihurtu eta gaixoengana iristeko, baliodundu eta homologatu egin behar ziren. Sarritan ez zen bigarren urrats hori egiten: «Oso emaitza onak lortzen genituen, proiektuak medikuen eta pazienteen interesekoak ziren, baina hobekuntza horiek ez ziren iristen haiengana». Ikerketak eta ikerketen osteko lan hori guztia egiteko asmoz sortu zuten Naru Intelligence: «Pazienteengana iristea zen gure motibazioa». Prozesu luzea eta garestia izan ohi da.
Bien eskarmentua eta ezagutza uztartu zituzten. Adimen artifiziala, datuen analisia eta teknologia. Eta hori guztia onkologia gaixoei helarazteko borondatea.
Horrela sortu dute Step Monitoring, monitorizazio sistema. Minbizia gaixoaren etengabeko jarraipena egiten da, baita etxean dagoenean ere. Gaixoa bera arduratzen da bere egoeraren berri emateaz, osasun etxean edo ospitalean ordurik hartu gabe.
Normalean, medikuek kontsulten edo proben bitartez lortzen dute gaixoei buruzko informazioa. Izaten dira gaixoek deitu ahal izateko telefono zenbakiak ere. Kontsultetatik edo probetatik kanpo ere, ordea, hainbat gauza gertatzen zaizkie gaixoei. Minbiziaren kontrako tratamenduek eragindako sintomak eta konplikazioak, besteak beste.
«Pazienteek askotan ez dute jakiten gertatzen zaiena normala den edo itxaron egiten dute ospitalera deitu aurretik», Sanchezen arabera. «Tamalez, askotan egoera okertu egiten da, eta berandu joaten dira larrialdietara».
Konplikazio horietako batzuk larriak izaten dira, infekzioak edo odol isuriak, esaterako. Konplikazio larrien eraginez, gaixo batzuk ospitaleratu behar izaten dituzte eta, zenbait kasutan, minbiziaren kontrako tratamendua eten behar izaten diete.
«Horrelako konplikazioek eragin handia dute pazienteengan, haien bizi kalitatean eta emaitza medikoetan», Sanchezen esanetan. «Gaur egungo sistemak, ordea, askotan ez dauka tresnarikedo ez du aukerarik eskaintzen gaixoen jarraipen zehatza egiteko. Gure sistemak bai, automatizazioaren bidez».
Konplikazio larri horiek garaiz atzematea eta saihestea da Step Monitoringen helburuetako bat, eta, saihestu ezin direnean, haien ondorioak apaltzea.
Batetik, gaixoen eta medikuen artean komunikazio kanal berri bat sortuz, gaixoak bere egoera eta gertatzen zaiona medikuari edo osasun taldeari momentuan bertan jakinarazteko; bestetik, informazio hori guztia sailkatuz eta lehentasunak ezarriz.
«Gure sistemak informazio hori guztia momentuan aztertzen du eta medikuei eskaintzen die», nabarmendu du Sanchezek. Gaur egun, ospitale batek edo osasun sistema publiko batek gaixoei buruzko informazio eguneratua jaso nahiko balu, ziurrenik gaixoei banan-banan deitu beharko lieke. Gaixoak dozenaka edo ehunka batzuk badira, langile mordoxka eta denbora behar dira horretarako. «Gure sistemak lan hori guztia egiten du, gaur egungo taldeekin».
Step Monitoringek gaixoek emandako informazioaren araberako lehentasunak ere ezartzen ditu. Egoeren larritasunaren araberakoa. Nola? Analisi estatistikoak eta adimen artifizialeko tekniken bidez. «Makinak egiten du», Sanchezen esanetan. «Hodeian dauden algoritmoek, konputazio gaitasunak: pazienteen datu bolumen handia analizatzen eta gurutzatzen du aldi berean. Lana errazten du, eta denbora eta baliabideak aurrezten ditu». Algoritmo horiek, jakina, oinarri zientifiko bat behar dute, gaixo bakoitzak emandako informaziotik egoera bakoitzaren larritasuna neurtu ahal izateko: «Medikoki estandarizatuta eta nazioartean onartuta dauden protokolo eta akordio medikoetan oinarrituta daude».
Sintomen berri
Pazienteek hainbat datu bete behar dituzte sakelakoan edo tabletan (web aplikazioa ere garatu dute). Egun horretan edo aurrekoetan izan dituzten sintomei buruzkoak, esaterako: sukarra, mina, jateko gogoa, goragalea... Mina baldin badute, gorputzeko zein lekutan zehaztu behar dute gorputzaren irudi batean. Aplikazio garbia da. Koloreek eta irudiek erraztu egiten dute prozesua.
Aplikazioak medikuei esan egiten die zeintzuk diren egun horretako kasu larrienak. Emandako informazioaren arabera, zeintzuk izan beharko luketen arreta jasotzen lehenak. Deitzen hasita, nori deitu behar zaion aurrena. «Sistemak medikuei esaten die gaixo bakoitza zer moduz dagoen eta gaixo bakoitzaren egoera ebaluatzen du», azaldu du Sanchezek. «Baina ezin dugu kendu medikuaren ebaluazioa eta erabakia».
Step Monitoringek ez du medikua ordezkatzen. Ez du medikuen eta gaixoen arteko harremana eteten. Ez du erabakirik hartzen, medikuak baizik, jasotako datuen arabera: «Medikuek egoera aztertzen dute, ikusten dute ea normala den, gaixoak kontsultara joan behar duen... Gure sistemak ahalbidetzen du medikuek informazio hori guztia eskura edukitzea eta haiek ekarpen nagusia egin dezaketenean erabiltzea: erabakiak hartzeko orduan. Sekulako informazio pila prozesatzen egon behar izan gabe».
Step Monitoringek ez die medikuei esaten zer egin behar duten gaixo bakoitzarekin. Naru Intelligencen, baina, badute ikerketa lerro bat, Step Analysis, gaixoen egoeraren bilakaerari buruzko aurreikuspenak egiteko, «konplikazioak aurreikusteko».
Step Intelligence saltzeko garaia da. Proiektua aurkezten ari dira, bai Euskal Herriko ospitaleetan eta osasun sistem publikoetan, bai Euskal Herritik kanpo, Katalunian, esaterako. «Interesa badute».
Zientzia
Adimen artifiziala gaixoa eta medikua gerturatzeko
Minbizia duten gaixoen osasun egoeraren jarraipen zuzena egiteko sistema bat sortu du Naru Intelligencek: Step Monitoring. Tratamenduen konplikazioak garaiz atzemateko balio du. Gaixoek aplikazio baten bidez bidaltzen dute informazioa; sistemak sailkatu egiten ditu, lehentasunak ezartzen; eta medikuek, erabaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu