Sexologia

Adarrak direla eta, bi hitz

Desleialtasunak bikotearen konfiantza urratzen du. BERRIA.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Bikote sistema eraikitzen doan heinean, hainbat desio bideratzen ditugu, beldur batzuk baretu, konpromisoa sustatu, intimitatean sakondu, bakoitzaren alde ilunak eta argiak hobeto ezagutu, bakoitzaren espektatibak azaleraztu… Burutazio eta sentimendu batzuk oso esplizituak bihurtzen diren bitartean, beste batzukinplizituago egiten dira; adibidez, fideltasunaren gaiarekin lotzen ditugunak.

Bikote harremanaren hastapenetan gai horri buruz ez da deus esaten batzuetan. Kasu horietan, bakoitzak eraikitzen ditu kontzeptuaren edukiak: alde batetik, norberaren espektatibak, desioak eta beldurrak kontuan hartuta, eta, bestetik, bikotekide biek egiten dituzten komentarioetan oinarrituta. Beste batzuetan, aldiz, arauak argitzea ezinbestekoa da. Alde batetik, bien artean inolako konpromisorik ez dagoela ziurtatzeko, eta, bestetik, «hirugarren bat» ez dela egon behar garbi uzteko. Edozein kasutan ere, mugak eta zelakoak ez dira hain argiak.

Fideltasun kontzeptua eduki desberdinekin betetzen dugu gure bizitza osoan. Adin desberdinetan, esperientzien bitartez… gure burua ez dugu leku berean jartzen. Bikote harremanean berean ere, desioak eta beldurrak aldatu egiten dira batzuetan. Horregatik, komenigarria izango litzateke aldiro bikotearen arteko konpromisoa zertan datzan aztertzea.

Askotan, inoiz pentsatuko ez genuena ere pentsatzen baitugu azkenean.

p«Nik oso argi izan dut beti, eta esan ere esan diot nire bikotekideari, inoiz berak beste batekin txortan egingo bazuen, gure harremana apurtuko zela. Inoiz ez nuen espero pertsona hori, bera izan beharrean, ni izatea, eta, aldi berean, hain argi edukitzea nire bikotekidearekin jarraitu gura dudala».

p«Beti pentsatu izan dut bikotekideak amorantea duela enteratuz gero berehala utziko nuela. Eta hemen naiz ni, bera ulertu nahian eta gure harremana berreraiki nahian».

p«Aspaldian aspertuta, sexu gogoarekin, baina ezin edo gura ez etxekoarekin. Kanpoan ibili ostean, nire bikotekideak jakin gabe noski, gure bikote harremana berpiztu egin zen. Egun esan dezaket egin dudana ondo etorri zaigula. Normala naiz?».

p«Nire laguna inoiz edo aldiro beste batzuekin egoten bada eta ni ez banaiz enteratzen, ez zait inporta. Garrantzitsuena da gure konpromisoari eustea eta gu biok elkarrekin ondo konpontzea eta gozatzea».

p«Guk biok beste lagun batzuk dauzkagula badakigu, baina ez dizkiogu gure joan etorriak elkarri komentatzen. Gure muga hauxe da: bikotekidea bestearekin maitemintzea. Orduan bai, kontatu behar diogu zer gertatzen den eta, horren arabera, erabaki zer egin».

p«Mingarria egiten zait beste batekin dagoela pentsatze soilak; horrelakorik gure artean gertatuz gero, harremana utziko nuke».

p«Beti pentsatu izan dut lagunak gau bateko kontua edukiz gero ez zidala eragingo, baina behin gertatu da, eta burua ezin altxatu nabil».

p«Niri errazagoa egingo litzaidake nire bikotekideak noizean behin beste batekin joatea, orain bizitzen dudana baino. Oso harreman sendoa dauka bere betiko lagunarekin, eta euren arteko konplizitatea ezin dut jasan».

p«Nik inoiz beste batzuekin egin dut txortan, baina horrek sekula ere ez du ipini nire bikotekidearekin daukadan harremana kolokan. Argi izan dut beti zer izan den, eta zer nahi dudan. Baina nire lagunak gauza bera egingo balu ez litzaidake batere gustatuko. Kontraesana?».

Lazgarria den egoera bat bizi arte zaila izango da ziurtatzea zein izango den gure jokabidea, gure jarrera.

Desioa eta beldurra txapon berearen alde biak dira. Jaiotzen garenetik eta hil arte. Mugikorrak, aldakorrak, aberasgarriak gara. Onartzea besterik ez dago.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.