Abuztuko zeru urdina garaile Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan

Mario Larrinaga Mochalesen konposizioak jaietako elementu mordo bat erakusten du: Arriaga antzokia, txupinazoko giroa, eta Marijaia. 2019an ere Larrinagak irabazi zuen hiribilduko kartel lehiaketa.

Bilboko jaietako kartel saritua, eta, inguruan, Bilboko Udaleko ordezkari batzuk eta lehiaketako epaimahaiko kideak, gaur goizean, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
Bilboko jaietako kartel saritua, eta, inguruan, Bilboko Udaleko ordezkari batzuk eta lehiaketako epaimahaiko kideak, gaur goizean, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko ekainaren 25a
12:40
Entzun

Gorria gailendu zen erabat Bilboko Aste Nagusiko iazko kartelean; aurten, agerikoa da aldaketa kromatikoa. Mario Larrinaga Mochalesen (Bilbo, 1999) Azul agosto (Abuztu urdina) ilustrazioa gailendu da jaietako kartelen lehiaketan, eta, izenburuak iradokitzen duenez, urdina da nagusi saritu duten irudian. Arriaga antzokiaren kontrapikatu bat erakusten du marrazkiak, festazaleak daude inguruan, eta irudiaren erdia hartzen du zeru ia oskarbi batek. Beste ezberdintasun bat aurreko urtekoarekin: iazkoan, Marijaiak bereganatu zuen protagonismo osoa; aurtengoan, urrunean ikusten da, antzokiko balkoian, beste elementu mordo baten maila berean. 3.000 euroko saria eskuratu du Larrinagak. Bigarren aldia da Bilboko jaietarako kartela ondu, eta saria irabazten duela: 2019an ere gailendu zen lehiaketan, Gure Mundua lanarekin.

Gaur goizean iragarri dute zein kartel den irabazlea, Bilboko udaletxean egindako prentsaurreko batean. Guztira, 303 proposamen aurkeztu dituzte —haietako batzuk Peruko, Kubako, Errumaniako, Kolonbiako, Brasilgo eta Ekuadorko artistenak—, eta bizilagunek eta epaimahaiak ebatzi dute aproposena. Sei lan finalisten artean, botoen %64 eskuratu ditu Larrinagaren lanak —gehien bozkatuetan bigarrenak, %18—. «Hainbeste aniztasun dagoenean —modernitatea, elementu tradizionalak...—, zaila da nondik jo erabakitzea», adierazi du Ibai Sanchez Telebilbaoko kazetari eta epaimahaiko kideak.

Ehunka proposamenetatik, epaimahaiak sei finalista aukeratu zituen, eta hainbat irizpide hartu zituen kontuan baheketa egitean, Sanchezek esplikatu duenez: batzuk baztertu zituzten, aurreko kartelen antz handiegia zutelako; beste batzuk, modernoegiak zirelako... «Karteletako irabazleak bikain islatzen du Aste Nagusia zer den», Sanchezek aldarrikatu duenez. Eta, gainera, askotariko euskarrietara erraz egokitu daitekeen konposizio bat da, haren irudiko. «Ondo ikusten dugu horma batean, edo pantaila batean...».

Bederatzi kidek osatu dute epaimahaia aurten: Sanchezez aparte, Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziak, Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziek, Alicia Fernandez Rekalde aretoko zuzendariak, Eder Aurre moda diseinatzaileak, Elena Guerra sortzaile digitalak, eta Bilboko Konpartsen Federazioko ordezkari batek. Gainera, adimen artifizialaren inguruko aholkularitza jaso dute, bermatzeko asmoz kartelak ez direla izan teknologia horren bidez sortuak. Borja Sanz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateko doktorea izan da aholkularia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.