Donostiako Aste Nagusia

Abuztuko sagardotegia

Sagardoaren kultura bisitariei hurbiltzeko, sagardo azoka jarri dute Groseko Katalunia plazan, Aste Nagusian. Jan-edanerako aukeraz gain, hainbat ekitaldi egiten dituzte.

Sagardotegiko menuaz goza daiteke Aste Nagusian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Tortillak, bakailao errazioak, txuletak, gustu askotako pintxoak... sagardotegi garaia aspaldi amaitu bazen ere, Donostiako Aste Nagusian aukera dago egunero euskal gastronomian hain entzutetsua den menua jateko. Izan ere, egunero, 12:00etatik 16:00etara eta19:00etatik 00:00etara, nahi duenak aukera dauka Gros auzora joan, eta Katalunia plazako karpan dagoen III. Sagardo Azokan pintxo, platertxo, sagardotegiko menua edota Gipuzkoako hamahiru sagardotegietako sagardoak dastatzeko.

Astearte arratsaldean, adibidez, jendetza batu zen azokan.«Lehen aldiz etorri naiz hona, eta oso gustura nago. Sagardoa oso ona dago, eta giroa ere ederra da», zioen Marian Mendiak.

Era berean, han zebiltzan azoka lehenagotik ezagutzen zutenak ere: «Iaz ere hemen izan ginen», esan zuen Juanjo Arkarazok: «Inguruan bizi gara, eta horrelako ekitaldiak etxetik gertu izatea gauza ederra da». Esandakoa berretsi zuten Trini Barandiaran eta Leire Barandiaran ama-alaba beasaindarrek: «Aurrez ere egonak ginen hemen, eta aurten ere oso giro ona aurkitu dugu. Horrelako ekintzak oso egokiak iruditzen zaizkigu bai tokikoei bertakoei zein kanpokoei sagardoaren mundua erakusteko».

Hain zuzen, mota zein adin guztietako jendea ikus zitekeen karpan. Batzuk kuadrillarekin joanak ziren, eta beste batzuk familia giro ederrean zeuden, eta baziren bikote planean joandakoak ere. Denen helburua berbera zen: sagardo giroaz gozatuz arratsalde-pasa on bat egitea. Giroa alaitzeko, 20:00etan hasita kanta-emanaldia eskaini zuten Luis eta Leire Astiasaran aita-alabek.

Dena den, batzuk ondo pasatzen ari ziren bitartean, beste batzuk lanean ari ziren; hala ere, langileen artean ere giro ona zen nagusi. Esaterako, letxugak mozten ari zen Aloña Imaz, Begiristain sagardotegiko langilea (Ikaztegieta, Gipuzkoa): «Hasierako egunak lasaiak izan baziren ere, jada mugimendu gehiago nabaritzen dugu. Jendeak azokarekiko inpresio ona daukala dirudi». Oihana Gainzerain Zelaia sagardotegiko langilea (Hernani, Gipuzkoa), berriz, harreran ari zen lanean iritsi berriei kasu egiten: «Aste Nagusiak dirauen bitartean daukagun giro onari eutsiko diogula espero dugu. Publikoak, batez ere pintxo txikiak eskatzen baditu ere, asko dira afaltzera datozenak; sagardotegiko menuak arrakasta handia du».

Kalitatezko sagardoa

Euskal Herriko Sagardo Mahaia erakundeak hirugarren aldiz antolatu du Aste Nagusirako azoka, euskal sagardoaren mundua zabaltzeko helburuarekin. Joxean Goñi Gurutzeta sagardotegiko (Astigarraga, Gipuzkoa) kidearen esanetan, garrantzitsua da Aste Nagusian «euskal giroa islatzen duten ekitaldiak antolatzea».

Goñiren arabera, azoka erakusleiho egokia izan daiteke euskal sagardogintzarentzat: «Azokaren bidez, gure produktua jendeari helarazten diogu». Modu honetan, kalitatezko euskal sagardoa eskaintzen saiatzen dira, izan ere, azokako hamahiru sagardo motek Gorenak marka daramate: «Sagardoa egiteko baserritarrei hartzen dizkiegun sagarrak homologatuak dira. Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Fraisoro Ingurumen eta Nekazaritza Laborategian berriz aztertzen dituzte guk jasotzen ditugun sagarrak».

Dena den, produktuen kalitatea bermatzeaz gain, euskal kultura sustatzea ere bada azokaren helburuetako bat da: «Kultur azoka ere osatu nahi izan dugu. Hori dela eta, egunero gonbidatu bereziak izango ditugu», azpimarratu du Goñik. Esaterako, astelehenean Kirikoketa ikuskizuna eskaini zuten, sagardoa nola egiten den erakutsiz. Azken egunetan, berriz, Luis eta Leire Astiasaran zein Juan Mari Beltran musikariek eta Elorri taldeak emanaldiak eskaini dituzte iluntze aldera. Gaur, berriz, Iñaki Labakak eskainiko du kontzertua, eta bihar, azken egunean, Xabi San Sebastian izango da giroa jartzearen arduraduna.

Aurtengo aldiak ez du egitarauaren aldetik berrikuntzarik izan, baina Goñiren esanetan, karpari dekorazio aldetik «sagardotegi kutsua» ematen saiatu dira. Azkenik, Goñi bera gustura ageri zen ordura arteko emaitzekin: «Kontuan izanda ia 30 lagun gabiltzala hemen egunero lanean, ondo koordinatu garela esan genezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.