Miarritzeko (Lapurdi) itsasoaren grisak bat egin du zeruarenarekin, eta biak hasi dira bustitzen. Baina Maitaldia festibala prest zegoen: Baratze Publikotik Plaza Berri trinketerat igorri du pilota: hara bideratu baititu dantzari eta ikusleak. Martin Harriaga dantzariak Starlight piezaren trebatze ariketak egitekoak zituen jende aitzinean. Alta, plan aldaketaren berri eman du Harriagak berak mikrotik: «Gaur sorkuntzan ariko naiz, beti larri nabil, baitaude gauza pila bat doitzeko, beraz lanjer ttipia badu artistek publikoarekin bat egiten duten aldi oroz. Hala ere, prest negoen jiteko, baina gaur ematekoa dudan ikusgarriak hainbertzeko galdea ukan duen, non bigarren saio bat ere emanen baitut. Hala, fisikoki sobera zaizkit egun berean bi emanaldi eta publikoaren aitzineko errepika hau egitea».
Antolatzaileek taula gaina Robinson Cassarino dantzari eta koreografo gazteari eskaini diote. Igandean ematekoa du Petites choses pieza. «Ez da batere koreografo ezaguna, baina bai oso famatua den batekin egin du lan: Hofesh Shechter israeldarrarekin. Harriagak eta Cassarinok hori dute partekatzen: Israelgo dantzekiko harremana. Mugimenduaren ikusmolde bera dute biek», xehatu du Eloixa Ospital proiektu kargudunak.
Berrehun bat ikuslek hartu dituzte Plaza Berriko harmailak. Eta sortu da Cassarino eta bi dantzarien arteko burbuila Petites choses piezaren zati baten errepikarako. Batzuetan Cassarino dantzariekin batean sartua da akuarioan, eta jarraitzen die besoen korronteek markatzen duten mareei. Eri puntetaraino iristen da balizko uraren korrontea. Bertze batzuetan urruntzen da, bikotearen marmoka jestuak mikrotik botatzen dituen hotsekin lagunduz: olagarroaren tentakuluen bentosak mahai batetik askatzean egin lezaketena erreproduzituz, bistatik galdu gabe besoek olatua oratuz egiten dituzten mugimenduak. Koreografoak ez du bakar bat ere galtzerat uzten, denak arrantzatzen ditu.
Polina Jourdain-Kobychevaren argazki erakusketarekin bat egiten du dantza errepika honek: argazkilariak pilotariengan dantza ikusi die, Cassarinok, berriz, dantza ekarri dio pilota plazari, eta hein batean, pilota dantzari: pilotaren punpeen soinua izan baitaiteke mikrotik ilkitzen duena, erritmoaren markagailu.
«Pieza honetan entseatzen gara mintzatzea emaztearen posizioaz abortuaren eskubideari dagokionez. 1960-1970 urteak eta oraingo egunean AEBetako estatu batzuetan emazte batzuei debekatu nahi dieten eskubidearen arteko korrelazio ttipi bat egiten dugu, lekukotasun batzuei esker. Emaztearen tokiari nola eragiten dion erakutsi nahi dugu; politikan, bizi pribatuan, bikote harremanean...». Kontent da Miarritzen, baitago ustea Paris bezalako hiri erraldoietan baizik ezin dela dantza garaikidea eman. Aitortu du ez zuela uste Maitaldia festibalera «hain goizik» parte hartuko zuenik, are gutiago gisa honetan: «Ikusleengandik hain hurran».
Bi dantzarietako bat hazpandarra da: Benoit Couchot. Euskaraz badaki, baina «herdoildua» du, luzaz elerik egin gabe, ez da baliatzerat menturatu: «Dantzaz oso guti nekien partitu nintzelarik, eta itzuli naiz dantzari! Euskal dantzan hasi nintzen, eta jazz dantza garaikide kurtso batzuk hartu nituen ez baitzen bertzerik, gero, Miarritze eta Angelun segitu nuen, Parisen urte batez egon nintzen, Rotterdamen hiru urtez eta Alemanian batez. Geroztik Europa guzian aritu naiz lanean konpainia ezberdinetan». Loriatua da etxean dantzan aritzea, familia eta lagunei erakusten ahalko baitie bere trebezia. Dantza garaikidearen unibertsoa jauzi-dantzekin harritzen du: «Mutxikoak izugarri maite ditut. Hemendik kanpo beti ateratzen ditut, eta denak harritzen, ez baitituzte ezagutzen».
Oren erdia airez aire pasa da, txalotu eta zalu hustu ditu tokiak publikoak. Adin zerbait duen emazte bat satisfos jalgi da errepikatik: «Asko maitatu dut, zinez ongi ari direlako, gorputz osoa dantzan jarriz. Anitz aritu naiz dantzan: Pariseko opera dantza eskolan, nazioarteko dantza akademian... Erakatsi dut gero, baina belaunean zauritu...Atzo argazki hauek ikustera jin nintzen, ez nekien gaur itzuliko nintzenik!».
Abortuaren eskubideak du pilota hartu
Martin Harriagaren ordez Robinson Cassarino koreografoak egin du publiko aitzineko dantza errepika Miarritzeko Maitaldian. Olagarroaren mugimenduen bidez ezarri du abortuaren eskubidea ikusmiran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu