ATZEKOZ AURRERA. Higinia Garai eta Elizabeth Casillas. Komikigileak

«Abortua arma politiko bat da»

Garaik eta Casillasek 'Todas nosotras' eleberri grafikoa ondu dute. El Salvadorko abortuaren kontrako legearen ondorioak pairatu dituzten lau andrazkoren kartzela ondorengo bizitza jasotzen du liburuak.

MARISOL RAMIREZ /FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Mundubat elkartearen proposamen batetik tiraka ondu dute Higinia Garaik (Bilbo, 1978) eta Elizabeth Casillasek (Bilbo, 1986) Todas nosotraseleberri grafikoa (Emakume guztiok). Irudiz hornitu du Garaik, eta hitzez osatu Casillasek. El Salvadorren abortatzeaz akusatuak eta kartzelatuak izan diren lau emakumeren bizipenak ditu hizpide. Larunbatean aurkeztuko dute Getxoko komiki jardunaldietan, Itzubaltzetako kultur etxean, 12:00etan.

Proiektu handiago baten zati bat da Todas nosotras. Zeri erreparatzen dio eleberri grafikoak?

Elizabeth Casillas: Proiektuaren gainerako ataletan El Salvadorko emakumeen kartzelaldiari buruz hitz egin denez, komikiak kartzela ondorengo bizitzan jartzen du arreta. Kartzelatik ateratzen direnean, zer gertatzen da emakume horiekin? Horretarako, asmoa zen El Salvadorrera bidaia bat egitea Higiniak, Itxaso Diezek eta hirurok. Haurdun geratu nintzen eta ezin izan nintzen joan, baina kontaktuan egon ginen une oro. Emakume horien bizitzak onduz joan gara.

Mariana Lopez, Cinthia Rodriguez, Maria Teresa Rivera eta Elsi Rosales dira protagonistak. Nortzuk dira emakume horiek?

Higinia Garai: Beste hainbat emakumeren ahotsa dira. Ia guztiak ama dira oso gaztetatik, eta erabat barneratua dute ama izatea dela egin beharrekoa. Ez dira abortatu nahi duten emakumeen kasuak. Are, El Salvadorko legedia eta errealitatea kontuan hartuta, hala balitz ere ez genuke sekula jakingo.

E.C: Hemengo begietatik ikusita, emakume horiek bizitakoa ez da abortu bat, konplikazio obstetriko bat baizik. Kasu askotan, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean hiltzen da fetua. Abortuaz ari garenean, fetua bideragarria ez den denbora hartzen da kontuan, 24 aste gehienez. Abortatzea leporatu, eta hilketa larriagatik kondenatzen dituzte. Ospitaletik kartzelara doaz, eta ezin izaten dute dolua igaro.

Beraz, zer ikuspegi dute abortuaren inguruan?

H.G: Ez daude abortu librearen alde. Abortuaren alde agertzen dira lau kasutan: bortxaketa bat izan denean, amaren bizitza arriskuan dagoenean, haurraren bizitza bideragarria ez denean eta adin txikikoren bat bortxatu dutenean. Abortu librea gehiegizkoa iruditzen zaie. Oso emakume erlijiosoak dira; beren sinesmenekin talka egiten du abortuak.

1998an egindako moldaketaren arabera, abortua legez kontrakotzat jotzen da El Salvadorren, baina gero ez dituzte abortuagatik kondenatzen, hilketagatik baizik. Nola da posible?

E.C: Konstituzioa aldatu zutenean, zehaztapen bat egin zuten: enbrioia, ernaltzen den momentutik bertatik, pertsona bat da. Hortaz, pertsona baten hilketa leporatzen diete, ahaidea izatearen astungarria erantsita. 30-40 urteko kartzela zigorrak ezartzen dizkiete.

Zer helburu dute kartzela zigor horiek?

H.G: Pagaburu moduan erabili nahi dituzte. Abortua arma politiko bat da. El Salvadorren, erlijioak garrantzi handia du; beraz, askoz ere zailagoa da abortuaz hitz egitea. Orain, nazioarteko presioa dela eta, agerian geratzen ari da oinarrizko eskubideak urratzen ari direla, baina sakoneko arazoa da goiko klaseetako pertsonek ez dutela batere enpatizatzen klase sozial txiroenetako pertsonekin. Uste dute besteen arazoa dela.

E.C: Elizak emakumearen gorputzaren kontrolaren bitartez erakusten du bere boterea. Oso erlijiosoak diren tokietan beti agertzen da abortuaren gaia. Indar erakustaldi bat da abortua zigortzea. Baina hori itxurakeria besterik ez da.

Zein da errealitatea?

E.C: Dirua baldin baduzu, abortatu ahal izango duzu: ez zara kartzelara joango. Kartzelara doazen emakume guztiak pobreak dira.

Sufrimendua eta erresistentzia gurutzatzen dira kontakizunean.

E.C: Mezu positiboa zabaldu nahi dugu. Kontatu nahi genuen emakume horien bizitzak nola jarraitzen duen aurrera tragediaren ondoren. Askotan entzun ditugu emakume horien istorioak, eta haien artean sortu diren ahizpatasun eta batasun sentimenduak izan dira gehien barneratu duguna. Elkarrekin egoera aldatu nahi dute, elkar babestuz eta elkar lagunduz.

Nolakoa izan da emakume horien istorioa paperean islatzea?

H.G: El Salvadorrera bidaiatze hutsa izugarrizko kontrastea izan zen. Emakume horiek marraztea oso atsegina izan da. Pixka bat nireago egin ditut istorio horiek horrela, nahiz eta apur bat inbaditzaile ere sentitzen naizen. Zergatik kontatu behar dut nik haien historia?

E.C: Animatu egin nau. Oso zorioneko sentitzen naiz. Emakume horiek beren mina konpartitu dute gurekin, baina baita beren borrokarako grina ere. Mezua hori da: zuen erasoen aurrean hemen jarraituko dugu, batuta. Ez gaituzue garaituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.