Donostiako Aste Nagusia 

Abordatzea, kolore biziz

Aurtengo abordatzean zortea izan dute piratek, eta eguraldia alde eduki dute. 300 baltsa baino gehiago atera dira Donostiako kaitik, Kontxako badia eta Donostia bera abordatzeko asmoz

Matti eta Ezkila izan zituzten lagun atzo abordatzeko parte hartzaileek, piraten txupinazoa bota zuten Hassana Aalia eta Kateryna Kirsanova errefuxiatuekin batera. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharrera hurbildu ahala, jendearen oihu hotsak eta abestiak entzuten ziren atzo. Zapiak buruan, irribarrea ezpainetan, arrauna eskuan eta lelo bat bihotzean: Gora kai herrikoiak!. Donostia «elkartasunez» abordatzea zuten xede piratek atzo.

Eguzkitik babesten saiatu ziren asko, eta itzalaz edo ur pistolez baliatu ziren horretarako. 15:00etarako, Flamenka gunea jendez betetzen hasia zen, eta Motxila 21 talde nafarraren ardura izan zen gunea girotzea. Downen sindromea duten pertsonaz osatutako Nafarroako elkarte bat da Motxila 21, eta mezu indartsua aldarrikatu zuen: pertsona ororen arteko berdintasunarena. Ekitaldia 17:00etan zen, baina, ordubete lehenago, Flamenka jendez gainezka zegoen: pixkanaka, flotagailuz eta kamiseta koloredunez hornitutako lagunak kaiaren sarrera aldera joaten hasiak ziren.

Abordatzearen koloreak

Donostiako kaia kolorez beterik zegoen atzo: baltsen banderak, kuadrillen kamisetak, kofradien txalekoak... Baina bazen abordatzerako ezinbestekoa zen kolore bat: boluntarioak ordezkatzen zituen kolore horia. Maialen Mujika piraten boluntarioak partaideek erakutsitako jarrera txalotu zuen: «Jendeak kontzientzia handia erakutsi du aurten, eta oso garbi utzi du dena». Irati Rubio DYAko boluntarioa da, eta aurreko urteetan baino baltsa gutxiago zeuden irudipena azaldu zuen. Antolakuntzak adierazi zuen 300 baltsatik gora zeudela, eta 2.400 partaide inguru. Partaide gehienak Euskal Herrikoak ziren, Gipuzkoa, Bizkai, Araba, Nafarroa eta Lapurdikoak, baina nazioarteko partaideak ere izan ziren: Katalunia, Eslovenia eta Herbehereetakoak, hain zuzen ere.

Negu Gorriak-en Kolore bizia kantaren hitzak entzuten ziren megafoniatik: «Kolore bizia arrazakeriaren kontra!». Horixe izan baitzen piratek maiz errepikatu zuten mezua: inolako erasorik onartuko ez zuenarena, alegia. Antolakuntzak partaideei gogorarazi zien abordatzea ez zela «lasterketa bat», eta «elkar laguntzera» animatu zituen bertaratu ziren ehunka pertsonak. Aurtengo Ezkila kapitaina Aingura kofradiatik zetorren, eta «Gora jai eta kai herrikoiak!» oihuarekin eman zion hasiera. Partaideek Matti aurkitu zuten kaian, piraten txupinazoa bota zuten Hassana Aalia eta Kateryna Kirsanova errefuxiatuekin batera. Piraten helmuga, Kontxako badia baino gehiago, Donostia bera zen.

Ikusleek abordatzean parte hartzen ari zirenengan jarria zuten arreta guztia, eta zirraraz miretsi zituzten. Donostiako kaitik Kontxako badiaraino inguratu zuten kosta. Tronpeta hotsak eta oihuak eskaini zituzten partaideek itsasotik, ikusleen txaloen truke. 18:00ak aldera, lehen baltsak iristen hasi ziren Kontxako hondartzara. Goitik behera blai iritsi ziren Carla Urbiola, Naroa Sadaba eta Guiomar Hernandez. Abordatzean lehen aldiz atera ziren, eta ez zuten espero hondartzaraino iristea. «Badaezpada, koltxoneta bat ekarri dugu, baltsa hondoratzen bazen ere», azaldu zuen, barrez, Urbiolak. Taldean, hura da Donostiako bakarra, baina beste kideek ez zuten arazorik izan ohituretara moldatzeko. Hamahiru lagun izan arren, hirurak iritsi dira lehenak. «Gure taldea nazioarteko jendez osatua dago», azaldu zuen Hernandezek. Aurtengo piraten xedea izan da aniztasuna ordezkatzea, eta atzoko abordatzea Donostiako kultura, kolore eta pertsonen aniztasunaren isla izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.