Abordatzea, haize harroaren kontra

Donostiako Piratak atzera portura itzuli dira haize zakarra dela eta.Parte hartzaileen «prestasuna» nabarmendu dute, itzultzeko eskaerak jasotako erantzunagatik

Donostia
2015eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Ez zituzten ur-lasterra eta haizea alde izan atzo piratek, baina, hala ere, Aste Nagusia «luzea» dela gogorarazi zuten bozgorailuetatik, eta «Donostia abordatzeko egun asko» dituztela esan. Piraten Abordatzean 4.000 lagun inguru bildu ziren, 400 baltsa guztira; boluntarioak ere ez ziren gutxi izan. Ordea, ekitaldia dagoeneko hasita zegoela atzera itzultzeko eskatu zuten antolatzaileek, portua itxiz, hego haize gogorra zela-eta «alferrikako ezbeharrik» gerta ez zedin. Uxue Santiago komunikazio taldeko kidearen arabera, baltsek «oso zail» zeukaten portutik ateratzea, eta, aterata, «Santa Klara uhartera eta Ondarreta aldera» bideratzen zituen haizeak.

Hasieran berria jada uretan zirenek gogo onez hartu ez bazuten ere, gehienek laster egin zioten jaramon antolakuntzakoen eskakizunari, eta pixkanaka portura itzultzen hasi ziren. Santiagoren hitzetan «txalotzekoa izan da jendearen prestasuna eskaerari erantzutean». Boluntarioen eta suhiltzaileen laguntzaz egin zioten aurre egoerari. Atzera egiteko erabakiak ohiko lana «bikoiztu» zuela zioen komunikazio taldeko kideak: boluntarioek, batetik, Kontxara heldu zirenei laguntzera eta haien baltsak jasotzera joan behar izan zutelako, eta, bestetik, portura itzuli zirenei ere lagundu behar izan zietelako, ohi ez bezala. «Partaideen segurtasuna beste ezeren gainetik» dagoela, eta baltsekin ez bada ere, «jai herrikoietan parte hartzen» jarraituko dutela eman zuten aditzera piratek. «Bada Abordatzea lasterketa dela uste duen jendea, baina, izatez, zarata ateratzeko, aldarrikatzeko eta ondo pasatzeko jai bat da» azaldu zuen Santiagok.

Gertatuak gertatu, izan zuten itsasoan jolasean aritzerik parte hartzaileek, igerian, elkarri ura botata, arraunean batzuk, eta aurrera nola egin asmatzen ez zutela besteek. 16:30 aldera abiatu ziren goizean prest utzitako baltsen bila. Indarrak ondo hartuta ekin zioten horri, asko eta asko piratek antolatutako herri bazkarian izan baitziren: aurten piratek jasangarritasunaren aldeko apustua egin dutenez, bertako produktuekin prestatutako bazkaria egin zuten. Ondoren, Kaotikoren kontzertua ikusi ahal izan zuten Flamenka gunean. Baltsak topatu ondoren, 17:00ak aldera bota zuten Abordatzeko suziria Ezkila Kapitainak eta Mattik, portuko sarrera ixten zuen ontzitik. Suziria botatzeko erabili zuten ontzia aldentzeaz batera hasi ziren pixkanaka baltsetako batzuk itsasora ateratzen.

Atzera portura itzultzerik izan ez zuten baltsetako batean izan zen Beñat Urteaga donostiarra. Bera eta bere lagunak Kontxara «apur bat kostata» heldu baziren ere, aurtengo abordatzea «oso ona» iruditu zaio: «Pena da askok atzera egin behar izana, sekulako giroa baitzegoen, baina, polita izan da jendearen jarrera». Hain zuzen ere, jendearen jarrera iruditu zaio «onena» Urteagari aurtengo piraten ekitaldi jendetsuenetik: «Beste urte batzuetan jarrera erasokorrak ikusi ditut, batzuk harrotu egiten direlako, eta, aurten, ez dut horrelakorik ikusi; jendea oso jator aritu da». Haren hitzetan, urtero da «zaila» aurretiaz jakitea, zer emango duen Abordatzeak. «Eguraldiaren arabera, txaluparen arabera, bazkarian dagoen jendearen arabera, aldatu egiten da».

Baltsetan ziren piratek ez ezik, bertaratutakoek ere gozatu zuten ekitaldiarekin lehorretik. Portuko txoko guztiak bete ziren ikuslez, baita Aquariumaren goialdea eta Urgulleko hainbat bide ere. Itsasoan, bestalde, eskuz egindako baltsa piratengandik oso ezberdin diren ohiko Kontxako badiako ontzietan ere bildu ziren ikusleak.

Lehorrean ere, jai giroa zain

Abordatzea haizeak apur bat zapuztu izanagatik ere, ondoko ekitaldietan gozatzeko aukera izan zuten piratek. Flamenka gunea gainezka egitear zela aritu zirenEl hijo de la Marily eta El nieto de la Paparda taldeak eta horiei lekukoa DJ Kanaky Zunba Set-ek hartu zion.

Giro lasaitxoagoan aritu ahal izan ziren Trinitate plazara joan zirenak, afari giroan. Olatz Salvador bakarlaria izan zen afari horiei musika jartzen. Tximeleta taldea aritu zen, 23:30ean Flamenkan, eta amaitzeko, gaua luzatzeko betebeharra Xabi Solano & DZ Sound System-ek hartu zuten, Guardetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.