Militantea, borrokalaria, eredugarria, bateratzailea... Hitz horiekin definitu dute azken egunetan Jean Abeberri Koko. Abertzalea zen, eta giza eskubideen aldeko militante sutsua. Astelehen arratsean zendu zen, bihotzekoak jota; 85 urte zituen.
Euskal militanteak babestu izan ditu abokatuak, eta biziki ezagutua eta preziatua zen Ipar Euskal Herrian, atzo arratsaldean Miarritzeko (Lapurdi) krematorioan egin zioten agurrean bildu zen jendetzak erakustera eman zuen gisan.
Ingurune guzietako jendea elkartu zen: IK eta ETA erakundeetako preso ohiak, euskal iheslari politikoak, alderdietako buruak, giza eskubideen aldeko erakundeetako kideak eta norbanako andana. «Abeberri familiako guziak bezala, gizon bikaina zen, leiala eta zuzena. Elkarri errespetu handia genion», kontatu zuen Didier Borotrak, Miarritzeko auzapez ohiak.
«Giza eskubideen defendatzaile handia». Hitz horiekin definitu zuen Maritxu Paulus Basurko abokatuak. «Haren lanarekiko errespetu handia dut». Ildo beretik, Cristophe Deprez LDH Giza Eskubideen Ligako buru eta abokatua: «Ezinbestekoa zen niretzat gaur hemen egotea. Lehenik, giza eskubideen aldeko militante gisa. Nik ez nuen bizi izan zatiketa, eta aitortzen dut LDHra iritsi nintzenean ez nuela ulertu nolatan ziren bi mugimendu giza eskubideen alde. Euskal Herriko gatazkaren irudikoa da: orain, lan hori egiten dugu, hautsitakoa berriz lotzeko».
«Mili eta polimili, IK eta ETA, Patxa, EMA eta EB... Garaian ziren bronka politiko guzien gainetik zegoen. Beti denak lagundu ditu», gogoan du Jean Noel Etxeberri Txetx militante abertzaleak eta altermondialistak. Euskal militante anitzen abokatu izan zen Abeberri, IK-ko militanteena, besteak beste. Horietako andana joan ziren azken agurrera. «Guretzat, lehenik militante bat zen; lehen militante abertzaleetarik iparraldean», erran zuen Filipe Bidart IK-ko preso ohiak. «Borroka guzietan izan da, bera ere militante politikoa zelako». Halaber, haren gizatasuna eta elkartasuna azpimarratu zituen. «Bidelagun» gisa aurkeztu zuen Jean François Lefort LofSortuko koordinatzaileak. «Azken denbora hauetan bake prozesuaren alde aritu da. Abertzale zintzo bat galdu dugu, sortzaile bat. Orain guri da bere bidea segitzea Euskal Herriaren askatasuna lortu arte».
Lekukoa hartzeko prest
Omenaldi zibila egin zioten Koko Abeberriri, kantu, dantza, bertso eta hitzaldiak tartekatuta. CDDHPB Giza Eskubideen Batzordeko presidenteorde gisa hartu zuen hitza Gabi Mouescak. «1980ko hamarkada hasieran, herri hau estatu terrorista baten biktima zen. Anitz ziren, hemen eta beste lekuetan, herri honek pairatzen zuen bortizkeria ukatzen zutenak, baita giza eskubideena beren borroka zuten jendeak ere. Koko Abeberrik, beste gutxi batzuekin batera, munduaren aurrean herri hau hiltzen ari zirela salatzeko duintasun herritarra izan zuen».
Mikel Epalza apezak ere hitza hartu zuen Abeberriren omenez; bakearen aldeko langile gisa aurkeztu zuen. «Bake prozesuan gaude, gu bai, baina, maleruski denak ez daude». Abeberrik Euskal Herriko errealitatea hedatzen lagundu zuela oroitu zuen. «Euskal Herria eta preso guziak askatzeko lekukoa utzi diguzu».
ATZEKOZ AURRERA
Abokatu borrokalariari agurra
Azken agurra eta omenaldia egin zizkioten atzo Jean Abeberri 'Koko' CDDHPB Giza Eskubideen Batzordearen sortzaileari. Abokatua eta militantea oroitu zituzten han bildurikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu