Abizena baino askoz gehiago

Munduko txoko askotan jaun eta jabe da orain ere aitaren abizena. Hala ere, azken mendean, zenbait tokitan, aurrerapausoak eman dituzte amarena maila berean jartzeko; geroz eta euskal herritar gehiagok lehenesten dute amaren abizena.

Jaioberri bat ospitalean, artxiboko irudi batean. CC0
Jaioberri bat ospitalean, artxiboko irudi batean. CC0
Maixa Utrera Puelles.
2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Abizenak ez dira izenaren atzean doazen deitura hutsak. Antzina-antzinatik, norberaren identitatearen funtsezko zati izan dira, eta sarri familia edo kolektibo baten identitatearen erakusgarri. Badira izenak ordezkatzea lortu duten abizenak eta ezizen bihurtu direnak, baita izen bereko lagunak ezberdintzeaz arduratu direnak ere. Pertsona bakoitzaren abizen guztiek, ordea, ez dute pisu bera; lehena izan ohi da protagonista, eta bigarrenetik aurrera doazen guztiak, aldiz, osagarriak. Azken mendera arte, haur bat jaiotzen zenean, argi zegoen abizen protagonista hori zein izango zen: aitarena. 

Are gehiago, munduko txoko askotan abizen bakarra erabiltzen dute familia bereko kide guztiek, eta hori ere aitarena izaten da ia beti. Herrialde askotan, seme-alabek ez ezik, emaztegaiek hartzen dute senarraren abizena ezkontzerakoan, eta ordura arte zutena —euren aitarena— galdu. AEBetan, adibidez, ezkondu ostean, emakumeek euren abizena bigarren izen bihurtu ohi dute, eta senarraren abizena eskuratzen dute. 

Erresuma Batuan, Turkian eta Japonian ere ohikoena emazteek senarraren abizena eramatea da, baina, Aitzpea Leizaola antropologoak (Donostia, 1971) azaldu duenez, ez da hain urrutira bidaiatu behar horrelakorik ikusteko. «Ipar Euskal Herrian ere oso zabalduta dago ezkondutakoan emazteak senarraren abizena jartzea, eta duela gutxi arte seme-alabek soilik aitaren abizena eraman zezaketen, halabeharrez». 2005ean, baina, Frantziako Gobernuak lege berri bat onartu zuen, eta ordutik gurasoek aukera dute euren seme-alabei amarena, aitarena edo bien abizenak jartzeko. Hala ere, bikote heterosexual gehienek soilik aitarena eramateari eutsi diote. 

Hego Euskal Herrian, ordea, 2000. urtetik dago amaren abizena lehen abizen gisa jartzeko aukera. Espainiako Gobernuak urte hartan onartutako legea aurrerapauso handia izan bazen ere, bi gurasoen arteko akordioa behar zen amaren abizena onartua izateko. Adostasunik ezean, aitarena jarri behar zen, legeak hala aginduta. 2017ko ekainaren 30ean, baina, lege berri bat onartu zuten, eta, horri esker, Espainian eta Hego Euskal Herrian aitaren abizena eta amarena maila berean egotera pasatu ziren. Hots, umearen lehenengo abizena jartzerakoan gurasoak ez baziren adostasun batera iristeko gai, hiru eguneko epea emango zitzaien, eta hiru egun horien ostean adostasunik ezean, erregistro zibileko arduradunak erabakiko zuen zein abizen jarri lehenengo umeari. Hala ere, eta Ipar Euskal Herrian gertatu den bezalaxe, herritar gehienek seme-alabei aitaren abizena ematen jarraitu dute.

«Nik hartutako erabakia ez bada ere, denborarekin konturatu naiz nire gurasoek tradizio patriarkalarekin hautsi nahi izan zutela».

LUKE EZPELETAAmaren abizena daraman herritarra

XXI. mendean aitaren abizena oraindik jaun eta jabe bada ere, ikerketa anitzek frogatu dute abizenei buruzko arau eta pertzepzioak aldatzen ari direla, eta gora egin duela amaren deitura lehenengo jartzeko joerak. Horrek, kopuruak gorabehera, erakusten du bilakaera izan dela berdintasunaren alorrean eta amaren oinordetzari garrantzia emateko bidean. 

Alderdi sinboliko eta kulturalaz gain, erabaki horrek ondorio praktikoak ere baditu eguneroko bizitzaren hainbat alderditan. Adibidez, arlo profesionalean eta akademikoan amaren abizena lehenengo jartzeak pertsona bat bereizten lagun dezake. Esklusibotasuna gero eta garrantzitsuagoa den mundu batean pertsona askok garrantzi handia ematen diote deitura bereizgarriak eta ez-ohikoak izateari. Horregatik, aitaren abizena ohiko abizen bat denean, amarena nahiago izaten dute batzuek. Leizaolak azaldu duenez, baina, ordena ez da garrantzitsuena beti. «Portugalen, adibidez, amarena jartzen dute lehena, eta aitarena bigarren lekuan, baina sozialki pisua duena aitarena da. Batzuetan ez da ordena kontua, filiazioa zeren arabera markatzen den baizik».

Filiazioa da, hain zuzen ere, amaren abizenari lehentasuna eman izanaren atzean dauden arrazoi nagusietako bat. Egungo gizarteak orekatu egin nahi izan du haur baten guraso guztien jatorria haurraren identitatearen barruan aitortzea. Gainera, seme-alaben hazkuntzan eta prestakuntzan amaren rola aintzat hartuta, bikote heterosexual askok amaren abizena lehenestea erabaki dute. Aldaketa horrek, amaren figurak familia identitatean duen garrantzia azpimarratzeaz gain, aurre egiten die historikoki ezarritako arauei, kulturan aniztasuna eta berdintasuna sustatuz.

«Familia eredu berriak onartu izanak aitarik gabeko haurren estigmatizazioa eten du».

AITZPEA LEIZAOLAAntropologoa

Gutxiengo iraultzaile bat 

Euskal herritarren gehiengo handi batek tradizioari eutsi badio ere, geroz eta gehiago dira erregistro zibilean amaren abizenari lehen lekua ematea erabaki dutenak. Guraso bezain beste arrazoi egon daitezke erabaki hori hartzeko: abizen bat bestea baino laburragoa izatea, bat bestea baino errazagoa izatea, edo politagoa... edo, batzuetan, estetikaz harago doazen arrazoiak egon daitezke ordenaren aldaketa horren atzean. 

Luke Ezpeleta Aranzabalen (Legutio, Araba, 2002) lehen abizena amarena da, jaio zenetik. Bere klasekide guztiek aitaren abizena zeramaten ikastolan, eta beti galdetzen zion bere buruari zergatik zen amarena zeraman ume bakarra. «Nik hartutako erabakia ez bada ere, denborarekin konturatu naiz nire gurasoek tradizio patriarkalarekin hautsi nahi izan zutela». Gainera, abizen baten historia mantentzeak «generoaren araberako eskubide bat» izateari utzi behar diola uste du.

Memoriak ere badu bere zeresana abizenen ordena hautatzerakoan. Izan ere, Leizaolaren arabera, joera handia dago aitaren abizena «arrunta» denean eta amarena «galzorian» dagoenean, bikote askok amarena lehenesteko. Edo, Elixabete Imaz antropologoak (Errenteria, Gipuzkoa, 1969) azaldu duenez, haurraren eta gurasoaren arteko lotura azpimarratzeko balia daiteke ordenaren aldaketa, batzuetan. Bi emakumek osatutako bikotearen adibidea jarri du horretarako: «Sarri ikusten da bi ama dituztenen haurren kasuan, haurdun egon ez den amaren abizena jartzea, nolabait umearekin duen lotura handitzeko». 

Amari errekonozimendua emateko

Arrazoiak arrazoi, argi dago amaren abizena lehenengo jartzea ez dela ekintza sinboliko hutsa. Duela ez hainbeste, amaren abizena zeramaten haurrak aitarik gabeko haurrak ziren ezinbestean. «Legitimoak ez zirenei sasi seme-alabak deitzen zitzaien, bereizketa oso nabarmena zen», azaldu du Leizaolak. «Gainera, aita ez izateak, edo aitak bere seme-alabak onartu nahi ez izateak eragin handia zuen haurrarentzat maila sozial, ekonomiko eta politikoan».

Gaur egun, ordea, Leizaolaren ustez, amaren figurak garrantzi handia hartu du, besteak beste, mugimendu feministari esker: «Familia eredu berriak onartu izanak aitarik gabeko haurren estigmatizazioa eten du». Hala ere, gogorarazi du amaren abizena patronimikoa dela, hots, amaren aitarena, eta amarena lehena jarri arren, funtsean, gizon baten abizena lehenesten dela. Amaren abizena benetan mantendu dadin «belaunaldi batzuk» itxaron beharko liratekeela uste du, eta seme-alabek praktika hori mantendu beharko luketela.

«Emakumea da guraso izateko orduan rolik garrantzitsuena betetzen duena, eta logikoa iruditzen zait sakrifizio hori egin ostean seme-alabei amaren abizena jarri nahi izatea».

GOIZANE ETXEBARRIARTEUNAAmaren abizena daraman herritarra

Amaren abizena urteetan bizirik mantentzeko prest dago Goizane Etxebarriarteun (Gasteiz, 2001). Ez du aitarik, eta legeak aginduta darama amaren abizena. «Hala ere, nire kasua ezberdina izango balitz, berdin-berdin eramango nuke amarena lehenengo. Emakumea da guraso izaterako unean rolik garrantzitsuena betetzen duena eta logikoa iruditzen zait sakrifizio hori egin ostean euren seme-alabei amaren abizena jarri nahi izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.