Lehiaketa

Abiatu da euskal palindromoen lehiaketa

Duela mende bat antolatu zuen Kirikiño idazleak palindromo lehiaketa bat, eta, mendeurren horren harira, palindromo jostalarien lehiaketa antolatu dute. BERRIAk babestuko du.

Palindro lehiaketaren kartela. BERRIA
Palindromo lehiaketako kartela. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

«Zaharrak berri»; «dena asmatuta dago»... «Okitu, mutiko!». Lehen moda zena inoiz baino kemen handiagoarekin itzuli ohi da, eta, iraganeko kontuak berreskuratze aldera, Bigara taldeak, Markos Gimeno palindromogilea zenaren ingurukoek eta Rober Peramentok zera antolatu dute: euskarazko palindromoen lehiaketa; abenduaren 16tik otsailaren 29ra bitarte iraungo du. Horiek ez dira ausazko egunak, duela ehun urte antzekoa antolatu baitzuen Ebaristo Bustinza Kirikiño idazleak Euzkadi egunkarian, epe horrekin berarekin. BERRIAk babestuko du lehiaketa. Zer demontre da, bada, palindromo bat? Testu kapikua da; alegia, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera irakurtzen den hitz edo esaldia.

Nola parte hartu

Lehiaketaren parterik zailena palindromoa bera asmatzea da; ondoren, esteka honen bidez bidali besterik ez da egin behar, beranduenez otsailaren 2an. Nahi adina asmatu daitezke, baina badira kontuan hartu beharreko zenbait kontu: zentzua izan beharko du palindromoak, zuzena izan behar du, eta euskaraz idatzita egon —batuaz edo edozein euskalkiren eta tokiko euskararen idatzizko eta ahozko erabilerak kontuan izanda—. 11 karaktere izan beharko dituzte gutxienez. H-ak bi norabideetara erabiliko dira, eta, digrafoak hots bakarra badira ere —ts, tz, tx...—, bi letra moduan erabiliko dira. Adibidez: «Asto hotsa».

Aurkeztutako palindromoak originala izan beharko du, eta aurretik beste edozein lehiaketatan saritu gabea —ezta duela ehun urteko lehiaketan ere!—.

Sariak

Eta, irabazteko, zer? Kirikiñok ahalik eta palindromorik luzeena topatu nahi zuen; oraingoan, berriz, irizpide hauek baloratuko dituzte: komunikazio funtzioa, aberastasun semantikoa, ulergarritasuna, balio artistikoa, originaltasuna, eta zuzentasun formala eta gramatikala. Hauek izango dira epaimahaikideak: Joseba Sarrionandia idazlea, Peramento palindromogilea, Itziar Aranburu Bigarako kide eta palindromogilea, eta Aitor Ogiza Toto Ermuko Kaltxango AEK euskaltegiko irakaslea eta palindromozalea.

Otsailaren 29an jakinaraziko dituzte saridunak, eta lehiaketa ez dator sari gutxirekin: lehen sari nagusia bi lagunentzako asteburua bat da, Mañariko Aurrekoetxe baserrian (Bizkaia); bigarrena, bi lagunentzako bazkaria Mañariko Herriko Taskan; eta, hirugarrena, Markos Gimenoren palindromo bat dakarren kamiseta esklusibo bat: «Esanik erruz egi bat ta bi gezurrekin ase». Hiru sarituek opari hauek ere jasoko dituzte: Pamiela argitaletxearen bi liburu —Markos Gimenoren 101 Letrakartel eta Abere ba—, eta Gernika-Lumoko Euskal Herria museorako eta Mañariako Hontza museorako bina sarrera.

Palindromo lehiaketako sari nagusiak.

Aipamen bereziak ere egongo dira: palindromo jostalarienak edo dibertigarrienak BERRIAko zakutxo termikoa eta katilua jasoko ditu; luzeenak BERRIAko horma egutegia eta urteko agenda; eta 18 urtetik beherakoen artean borobilenak BERRIAko botila termikoa eta katilua —aurreko kategorietan aukeratuak izatea oztopatu gabe—. Aipamen berezietako sarituek ere liburuak eta museoetarako sarrerak jasoko dituzte. Parte hartzaile guztien artean launa liburu eta museoetarako sarrerak zozkatuko dira.

Palindromo lehiaketako aipaimen bereziak eta zozketa.

Orain dela mende bateko lehiaketan 150 palindromotik gora bidali zizkioten Kirikiñori, eta onartu zituenak egunkariko Temas euzkérikos (Euskal gaiak) atalean argitaratu zituen. Lehen bi asteetan B. Egitizezizenez sinatzen zuen irakurle batek bakarrik egin zizkion ekarpenak; nahikoa eta soberan Kirikiñorentzat: «Horrek erakusten du gure hizkuntza horiek [palindromoak] eratzeko gai dela, egilearen sormenaz eta hizkuntzaren ezagutzaz gain». Argitaratu ziren gehienak B. Egitizek bidali zituen: 134.

B. Egitizek 42 palindromo bidali orduko, Kirikiñok gai ikusten zuen gainontzeko euskal hizkuntzei «enbidoa» botatzeko: «Ea zeinek egiten dituen gehiago eta hobeto». Eta, otsailaren 29an, harrituta erreparatu zion erredakzioan jaso zuen palindromo mordoari: «Norbaitek esan baligu euskaraz ezin zirela hainbeste sortu, ez geniokeen sinetsiko».

Neskatilak oilaskoen kontra

Apurka-apurka agertu ziren beste parte hartzaile batzuk. Hala idatzi zion Neskatila bat bezala sinatu zuen eibartar batek: «Esaldi palindromoen lehiaketarekin, hiru dira asmatzeko zailenak direnak: 1) zure lehiaketa; 2) Gabonetako loteria asmatzea; 3) Egun mutil laguna bilatzea». Gutuna 1924ko urtarrilaren 1ean argitaratu zuten Euzkadi-n, eta, pare bat palindromorekin batera, honela egin zuen agurra neskatilak: «Urte berria, bizitza berria, gerra neska lagunik ez duten 24 urtetik aurrerako oilaskoei».

Aberri ezizenarekin, elgoibartar batek ere bidali zituen palindromoak: «Nauzie erre ei zuan», «aita, erre atia», «aurra oso arrua». Iruzkin bat ere gehitu zuen Kirikiñok, segidan: «Aberri adiskidea aztoratuta dago eibartar gazteak deklaratu duen gerrarekin [...]. ‘Inoiz oroitu dira gutaz?’, dio oso harro, eta [neskatilek] erasotzeko irrikaz dago preso har dezaten».

B. Egitizek, neskatilaren gerra adierazpena irakurri ostean, amesgaiztoa izan zuen, eta egunkariari jakinarazi zion: fusilez armatutako neska patruila batek gazte bat atxilotzen zuen, eta mehatxu egiten zioten berehala ezkondu ezean lau tiro emango zizkiotela. B. Egitizek ere preso emango luke bere burua, gerra piztekotan. Kirikiño, gatazkaz: «Neskatilak ondo armatzen badira, ez dago inolako zalantzarik gerra irabaziko dutela».

Lizentziak

Malgua izan zen Kirikiño hainbatetan, eta oker batzuk onartu zituen palindromoen idazkeran. Biritxinak palindromo hau bidali zion: «Zagarr ederra oso arr ederragaz». Bistakoa da akatsa, «baina kontu hain katramilatsua denez, soka lasaitu egin behar da apur bat», zioen Kirikiñok. Mugak ere bazituen, parte hartzaileek horrelako lizentziei «probetxua ateratzen» hasiz gero, palindromoei zorrozki begiratuko liekeelako. Bateren bat «kortxo-kentzekoa baino bihurriagoa» zen.

Tranpak eginez edo egin gabe, lehiaketaren antolatzaileak berak aitortu zuen egunkarikoek ez zutela asmatu palindromo bat bera ere sortzen; gainera, «buruko min galantarekin» amaitu zuten. «Erabaki genuen gehiago ez saiatzea, mugatuz, kasu honetan, B. Egitiz mirestera eta txalotzera».

Kopuruagatik izango balitz, dudarik gabe B. Egitizek irabaziko zukeen lehiaketa. Berez, hark asmatu zuen palindromorik luzeena —«Iradu gara, gumar’en erruz erun ezayazen urez urrenera mugara gudari»—, Txadin izeneko emakume batek eta Batixta izeneko beste batek zera bidali zuten arte: «Akitika aruat anuduna, neurekin ta orra zelan ama mattia gaiti amaman alez arro at nik eruen anuduna ta ura akitika». Azkenean, neskatilek irabazi zuten gerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.