«Abesti batzuk heldu behar diren momentuan heltzen dira zure bizitzara». Nerea Ibarzabal bertsolariak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994) argi du kanta bat ezagutzeko uneak eragin handia duela kanta horrekin sortzen den loturarekin. Hori dela eta, asko pentsatu ostean, Physis Versus Nomos taldearen Arraro abestia hautatu du elkarrizketa egiteko: «Ez da nire bizitzako abestia, baina bai aurten egindako aurkikuntzarik onena».
Nola entzun zenuen lehenbizikoz Arraro kanta?
Oso modu politean, egia esan. Aspalditik nuen diskoa autoan, baina behin martxan nengoela akordatzen nintzen beti. Justu konfinamendu fasea amaitzean eta Bizkai eta Gipuzkoaren arteko muga ireki zutenean, etxera etortzeko jarri nuen, eta... bua! Kanta batzuk entzunda nituen lehendik, baina ez arretaz, eta, egia esan, sekulako aurkikuntza izan zen; bidaia osoa eman nuen negarrez.
Zure ustez, beraz, eragina du kanta bat lehenbizikoz entzuteko uneak kanta horrekiko garatzen dituzun sentimenduekin?
Erabat. Harrapatzen zaituen momentuaren arabera markatu egin zaitzake; agian beste noizbait entzutean ez zaizulako hainbesterako iruditzen. Arraro, esaterako, ikaragarria izan zen; ederra eta harmonikoa. Nik uste, batzuetan, zuk jotzen duzula abesti horiengana, eta beste batzuetan kantak zure bizitzara heldu behar diren momentu zehatz horretan heltzen direla. Desertu batean ura behar duzun bezala behar nuen nik kanta hori.
Zer sentiarazi zizun abestiak?
Baretasuna. Eskala oso xume, polit eta errepikakor batekin eta esaldi oso sinple eta xumeekin, behar nuen hori eman zidan. Batzuetan ez duzu gehiago behar. Karamelu baten antzera. Txikia. Hiru minututan amaitzen da, baina ase egiten zaitu. Horrela sartu zitzaidan, eta oraindik ez dut diskoa autotik atera. Gainera, Arraro du izena, eta, bueno, oin dena da arraroa, ez? Beraz, oso zuzenean heldu zitzaidan.
Zer kontatzen da abestian?
Ez du ezer esaten, baina asko esaten du. Natura, lasaitasuna, eta kontrakotasun asko ere azaleratzen ditu. Esaterako, kilkerra aipatzen du, eta une hartan kilkerra entzutea soilik kristorena zen, ez? Poema moduan asko gustatu zitzaidan; gero, irakurrita, ez da hainbesterako agian, baina kantuan entzutea beste gauza bat da. Abesteko oso modu berezia dute, gainera, enfasi handia jartzen dute silaba bakoitzean; hain ondo entzuten da... Disko osoari buruz hitz egiteko aitzakia bat izan daiteke abestia, egia esan.
Izan ere, diskoari izena ematen dion kanta da Arraro.
Bai, Arraro nionean du izena eta arrarotasunaren apologia egiten du. Arraro sentitzea eta horregatik pozik egotea. Oro har, hitzari ematen zaion konnotazio negatibo hori apurtu eta esanahi dibertigarri eta interesgarri bat ematea. Nik uste dut Malen Amenabarrek ere asmatu zuela diskoa ilustratzeko egindako marrazkiarekin. Lortu du arrarotasun mota hori transmititzea.
Hari esker ezagutu zenuen taldea?
Kantaren bat entzunda nuen, baina arreta gehiegirik jarri gabe. Malenek azala egin zien, eta hor hasi nintzen taldea ezagutzen. Gainera, Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra taldekideak ezagutzen nituen. Askotan ibiltzen dira bertsoak musikatzen, eta, hain zuzen ere, Pasai Donibanen egin genuen saio batean oparitu zidaten diskoa. Geroztik, autoan nuen botata; orain garrantzi handia hartu du niretzat, eta hau haien lana asko gustatu zaidala esateko era bat ere izan daiteke.
Zer nabarmenduko zenuke haien abestietatik?
Hitz joko asko dituzte, eta edozerekin ausartzen dira kanta bat sortzera. Adibidez, diskoko kanta bat, Erantzun, lau zatitan banatua dago. Kanta oso bat da, baina diskoan banatua. Horrekin gorputzaldi oso bat harilkatzen dute. Hari oso bat dauka diskoak. Agian autoan zoaz entzuten, arreta guztia horretara duzula, eta azal moduko bat da; Physis-en azala. Hori sekulakoa da. Koherenteki dago eginda, aldaketa bortitzik gabe.
Melodia ala letra?
Elkar indartzen dute, baina egia da letrak pisu handia duela gustatzen zaizkidan musika taldeetan. Batzuetan letra hain ona ez duen kanta on bat entzuterakoan, hasten naiz pentsatzen ea nola konpon nezakeen. Physis gustatzen zait haien letrek, irudi edo galdera politak plazaratzen dituztelako. Interpelatu egiten zaituzte.
Zergatik abesti bat?
Efimeroa bezain iraunkorra delako. Arteak edo musikak sentitzen duzun horri izena jartzea lortzen du batzuetan, eta hori magikoa da; zuretzat kaka putza dena super polit esatea lortzen duelako. Eguneroko horretan edertasuna bilatzen laguntzen du musikak maiz.
MAITE DUT MAITE... 'ARRARO'. Nerea Ibarzabal. Bertsolaria
«Abesti bat efimeroa bezain iraunkorra da»
Physis Versus Nomos taldearen 'Arraro' abestia gomendatu du Ibarzabalek. Konfinamenduaren amaieran ezagutu zuen kantua, eta orduan lehenbizikoz entzuteak «markatu» zuela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu