Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Abeslariak gogoan

Xabier Lasa.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Paquita gogoan.Markos Zapiain filosofo kontenplariak Faktoria saiotik (asteartea, 12:15ean) jaurtitzen ditu bere harrikadak uhinetara. Azken txandan, gai batetik bestera naturaltasunez jauzi egiteko daukan artea erakutsi zigun. Paquita la del Barrio kantaria hartu zuen hizpide; Rata de dos patas abestiaren egilea, alegia. Bada, di-da batean, Manu Etxezortu ohartzerako, Mikel Aramendi eduki zuen gogoan, hainbat entzulek daukagun min bera adierazteko. Orain bi urte bitarte, Aramendiren analisiak astean kasik lau ordutan entzuteko pribilegioa genuen (19:05etik 20:00). Aukera 45 minutura murriztu da egun (astelehena, 18:05-19:00). Zapiainek gupida eta lotsarik gabeko maniobra ikusi du aldaketa horretan, «espainolistek egindako mozketa Aramendi efektua indargabetu eta EIko arratsaldeak despolitizatzeko asmoz». Esanak esan, Jaime Otamendirekin Mezularia saioak hartu duen norabide berria goratu zuen, giza harremanak nahiz gizarte edo sexu gaiak azpimarratzen saiatzen delako.

Nire liburua gogoan.Jabier Muguruzak, ostiraletan (09:35) gogoetarako daukan zutabean, Robert Johnson izan zuen aipagai, deabruarekin hitzartu omen zuen bluesmanik onena, 27 urtez hildakoa. Johnsonekin hasi zen bakarrizketak norabide zehatz bat hartu zuen lasterrera: Muguruzak berak aste honetan argitaratu duen liburuak (Nueve encuentros con el alma) eta bertako kulturgileek hartu zuten protagonismoa. Jakina da ostiraletako leiho hori Muguruzak bere gogoetak airera ditzan jarria dagoela (zeinak atsegin handiz entzuten baititut, hain zuzen). Herenegungoak oso etikoa ez zirudien autopromozio tankera hartu zuen; ez zen hori izango Muguruzaren asmoa. Baina…

Okerrak zuzentzen.Javier Vizcainoren Gabon saioko solaskideen joera politikoa zehazten hasita, hirutik biko proportzioan EAJren alde jotzen dutela esan nuen aurreko astean. Egiatan, ez da iristen kopuru horretara, nahiz eta guztiak balantzan jarrita EAJren inguruko iritzia bai atera garaile (zilegizkoa, hedabide pribatua den aldetik). Solaskide batek karnet edo kargu politikorik ez eduki arren, euskal politikako gaiak behin, bitan, hirutan… jorratu ahala, ez da zaila asmatzea zein ideologia politikotatik dabilen gertuago. Eurak dira mihia astindu aldiko autodefinitzen doazenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.