Abereak eta beste Agurainen

Urtero, Aguraingo festetako egun handia izaten da azokarena. Berrehun abere baino gehiago izango dira gaur: behiak, ardiak, zaldiak, ahuntzak eta txerriak.

Aguraingo ganadu azoka, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Aguraingo ganadu azoka, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
unai etxenausia
2024ko urriaren 8a
05:00
Entzun

Festetan murgildu da Agurain (Araba), eta gaur ospatuko dute ganadu azoka: jaien ardatza izango da beste behin. 1395ean sortua, Euskal Herriko zaharrenetakoa da. Sei mende baino gehiagoko historiarekin, ezinbesteko eguna bihurtu da nekazaritza mundua eta euskal tradizioa maite dituztenentzat. Nekazaritzako mekanizazioak ekitaldia eraldatu duen arren, milaka bisitari erakartzen ditu oraindik ere azokak, abeltzaintza, artisau eta kultur eskaintzari esker, eta euskal tradizioari eta landa inguruneari omenaldi bizia egiten dio. Aurten, berrehun abere baino gehiago izango ditu azokak —behiak, ardiak, zaldiak, ahuntzak eta txerriak—, eta era guztietako artisau produktuak erosi ahal izango dira.

Gaztelako Alfontso X.a erregeak aldatu zuen herriaren izena, 1256an: Hagurain ordez, Agurain, hiribildu titulua emanez, Aguraingo Udal Artxiboan gordeta dagoen pergaminoaren arabera. Errege pribilegio horretan, «Gasteizko frankiziak [foruak] egiaztatzen zaizkio, eta asteartero azoka egiteko aukera ematen zaio, Gasteizkoak bezala». Ondoren, Henrike III.a erregeak Aguraingo konde Pedro Lopez de Aiala kantzilerrari urtero azoka bat egiteko pribilegioa eman zionetik, azoka hori urriko jaietako protagonista eztabaidaezina bihurtu da.

Azokako antzinako argazkia. AGURAINGO UDALA
Azokako antzinako argazki bat. AGURAINGO UDALA

Gaur egun, azoka egun bakar batean egiten dute, urriko lehen igandearen ondorengo asteartean, nahiz eta aurreko mendeetan zortzi egunekoa izaten zen. Denboraren poderioz, nekazaritzako makinak landa lanetan sartzeak nabarmen murriztu du zaldi aziendaren salerosketa, eta, gaur egun ia traturik egiten ez den arren, erakundeek eta abeltzainen elkarteek elkarrekin egindako ahaleginari esker aurrera egin du ekitaldiak, eta urtero milaka bisitari erakartzen ditu.

Nolanahi ere, Aguraingo jaiak zerbaitegatik nabarmentzen badira, urriko lehen astearteko ezinbesteko ganadu feriagatik nabarmentzen dira. Gaur egun ere, oraindik, urriko lehen igandearen ondorengo asteartea oso berezia izaten da Agurainentzat.

Abereak baino gehiago

Aguraingo ganadu azoka 11:00etan hasiko da ofizialki, artisau, gastronomia eta abeltzain produktuekin. Azokaren erakargarri nagusietako bat Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako zaldi aziendaren lehiaketa da. Aldi honetan ehun ale baino gehiago bilduko dira, eta 15. urteurrena ospatuko dute. Gainera, Artzain Gazten Herrialde Lehiaketa egingo dute; 38. aldia izango du aurten. Biak dira azokako ekitaldirik nabarmenenak.

Aguraingo kaleetan ere behi aziendaren, txerrien, ahuntzen eta ardien erakusketak egongo dira gaur, baita nekazaritzako makinak ere. Horrez gain, artisau produktuak, produktu gastronomikoak eta Euskal Herriko berezko produktuak saltzeko postu ugari egongo dira.

Abereez gain, bestelako protagonista batzuk ere izango ditu egunak. 11:30ean, Aguraingo Musika Eskolako ikasleen kalejirak herriko kaleak alaituko ditu lehenbizi; arratsaldean, 17:00etan, mus txapelketa egingo dute, Lope de Larrea ikastolan; 17:30ean, berriz, Itzal Magoaren magiaz gozatzeko aukera izango da txosnetan; 18:30ean, txokolate jana izango dute txosnetan bertan.

Azkenik, 19:00etan, Xaiborren musikarekin amaituko da eguna, San Juan plazan; horrekin amaituko da tradizioz eta entretenimenduz beteriko eguna Agurainen.

Uda amaitzeko eta udazkenari ongietorria egiteko aukera eskainiko du Aguraingo azokak gaur, eta baita euskal abeltzaintzaz, nekazaritza tradizioaz, bertako kulturaz eta gastronomiaz gozatzekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.