ATZEKOZ AURRERA. Marc Badal. Ingurumenean aditua

«Aberats berri konplexua gainditzeko garaia dugu»

Bartzelonatik Luzaidera joan zen bizitzera Badal. Baserritarren «etnozidio isila» salatzeko, liburu bat argitaratu berri du. Kapitalismoak nekazaritza ekologikoa irentsi duela dio.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Teoria eta bizimodua bat egiten saiatzen hamabost urte daramatza Marc Badalek (Bartzelona, 1976). Ingurumen Zientziak ikasi zituen, eta landa eremuetako okupazio mugimenduen inguruan egin zuen tesia. Azken bi urteotan, Luzaideko mendialdeko baserri batean bizi da, Nafarroan, «errepidetik kilometro batera». «Nekazarien aurkako etnozidioa» salatu du azken liburuan: Vidas a la intemperie. Notas preliminares sobre el campesinado (Egurats zabaleko biziak. Nekazariei buruzko atariko oharrak).

Bartzelonatik Luzaideko paraje batera. Nolatan?

Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean agroekologia masterra egiten ari nintzenean, 2000. urtean Galipotaren Azpian Baratzea Dago taldeak lehen baratzeak okupatu zituen Madrilen, eta praktika militante bihurtu zituen agroekologiaren printzipioak. Urte hartan, ez dakit zergatik, 1990eko okupaziotik edo intsumisiotik zetorren jende askok landa eremuetara jo zuen, hiriko bizimoduari kritika egiteko. Masterraren eta doktore tesiaren harira, Nafarroako herri okupatuetan sarri ibili nintzen 1997tik 2003ra. Beti egon da lotura estua, mugimendu horretan, Itoizko urtegiaren eta AHTaren kontra Katalunian eta Euskal Herrian ari zirenen artean.

Nekazaritza ekologikoa ez al da bihurtu hirietako dirudun ortorexikoentzako fetitxe hutsa?

Nekazaritza ekologikoa 1970eko kontrakulturatik zetorren, eta balio politiko eta sozial handiak zekartzan. Oso jende gutxi zebilen horretan. 1990 amaieran ere, non eros zenitzakeen elikagai ekologikoak? Lehen kontsumitzaile elkarteetan, edo oso sare txikietan. 2000ko hamarkadan piztu egin zen, ordea. Orain, oihan bihurtu da hau: gizarte mugimenduek sorturiko diskurtso eta praktikekin mozorroturiko ereduak sortu dira, dirua irabazteko asmo hutsarekin. Sekulako nahasmena sortzen dute, eta jende askok ez daki bereizten zeintzuk diren egitasmo eraldatzaileak eta zeintzuk ez. Okerrago: esperientzia eraldatzaileenak muga batekin egiten ari dira topo, eskaintza asko handitu delako. Nekazaritza ekologikoa zabaldu da, beraz, baina ekonomia kapitalistaren atal bat bihurtuta; hazkuntza handienetako atala da, gainera.

Nola bereizi, orduan, nekazaritza ekologikoko egitasmo zintzoak eta diruzale hutsak?

Gogoratuta baserritarra dagoela oinarrian. Ekologikoa ekoizten duen baserritar sarerik gabe, ez dago kontsumo talderik edo euskal nekazarien aldeko mugimendurik. Ekoizleak elikagai onak sortu behar ditu, baina ez da aski: gizarte dinamizatzaile izateko tresnak hartu behar ditu, talde gatazkak konpontzeko tresnak eta heziketa politikoa.

Jendea baratzea jartzen ari da balkoian, eta hipsterrak garagardoa egiten ari dira. Zeren sintoma da hori guztia?

Bistakoa da hirietan zer edo zer aldatu dela jendearen gogoan. Gu landa eremuari bizkarra emanda hazi gara, Espainiako trantsizioko filmetako topikoekin: baserritar ezjakina, aberats berria... Landa mundu tradizional haren hondamenetik denbora pasatu da, eta, azkenean, badugu garaia orain aberats berrien konplexuak gainditzeko. Balkoian edo baratze parkeekin, jendea hasten da konturatzen zer esan nahi duen eta zelako lana dakarren elikagaiak hazteak.

Haziera hazi bankua sortu duzu. Baratzeetan landutako espezien aniztasuna galtzea kultur aniztasuna galtzearekin lotuta dagoela diozu. Nola?

Europan tokian tokiko aldaeren %90 baino gehiago galdu dira, eta horrek zerikusia du nekazarien etnozidio isilarekin, hau da, baserritarren mundu tradizionalaren suntsipenarekin. Haziok ez dira hondamendi ekologiko batengatik galdu, baizik eta industria bioteknologikoaren haziak zabaldu direlako.

Azken hamarkadetan, euskal kulturan ere baserritar munduko oihartzun orotatik ihes egin nahi izan dute sortzaileek, euskarazko hiri kultura baten bila.

Kulturako jendeak bi begirada izan ditu nekazari eta landa munduarentzat. Alde batetik, gainditzeko zer edo zer gisa: analfabetoak, astakiloak, ia azpigizakiak... Eta, beste aldetik, landa eremua Arkadia gisa aurkeztu duena, paradisu gisa. Uste dut azken begirada horrekin ikusten dutela Ipar Euskal Herria Hegoaldean: «Lehen Euskal Herria halakoxea zen», esaten dute. Barre asko egiten dut horretaz, nahiz eta ulertu egiten dudan, bizitoki ditudan bailaren ederra ikusten dudanean.

Hasi al gara Euskal Herri-Euskal Hiri dikotomia faltsua gainditzen?

Gainditzen ari gara, gaurko sistema hondoratzen ari dela gero eta argiago ikusten duelako jendeak. Hiriko kulturak lurralde osoa kolonizatu du. Luzaiden ere ikusten dut. Inoiz ez da egon hirien eta landa eremuen arteko muga hermetikorik; horrek ez luke zentzurik. Baina bi munduen artean inoiz hesirik egon baldin bada, deseginda dago erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.