Abeltzaina

Endika Landa: «Abeltzain eta nekazari gazteei eman behar zaie hitza»

Dubain amaitu berri den COP28 klima krisiaren nazioarteko biltzarretik itzuli berri da Landa. Abeltzaina da, eta lehen sektorearen inguruko topaketa batean izan da, «abeltegiko esperientzien» berri ematen.

Endika Landa abeltzaina. BERRIA
Endika Landa abeltzaina. BERRIA
unai etxenausia
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Endika Landak (Gasteiz, 1990) 33 urte ditu, eta abeltzaina da. Bizitza aurrera ateratzea geroz eta zailagoa den sektore batean hasteko erabakia hartu zuen. Izan ere, azken datuen arabera, Arabako nekazaritzan aritzen direnen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Landak berritasuna eta freskotasuna ekarri dizkio sektoreari, eta bere esperientzia nazioartean kontatzeko aukera izan du.

COP28 klima krisiari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen goi bileran izan da Landa, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak). Munduko World Rural Forumeko ordezkaritzako nekazari eta abeltzain gazteekin batera, Lukianon (Araba) daukan familia abeltegian klima larrialdiaren aurkako borrokan izandako esperientziaren berri eman du orain. Beraz, ez da «goi agintarien negoziazioetara» joan.

Dubain goi mailako bilerak egin dituzte estatuburuekin, eta foro horietan zientzialariek eta eminentziek parte hartzen dute. Horrez gain, hainbat arlotako adituek beren esperientziaren berri eman dute. World Rural Forumeko ordezkarietako bat izan zara zu. Aintzat hartu zituzten zuk esandakoak?

Testuingurua kontuan hartu behar da. Biltzarrean egon naiz, baina ez naiz goi agintarien negoziazioetara joan. Hainbat ekintza egin dira, eta horietako batean hitz egin dut, nazioarteko nekazaritzari eta abeltzaintzari buruzko topaketa batean. Gure abeltegiko esperientziak kontatu, eta beste hainbat errealitate ezagutzeko aukera izan dut.

Uste duzu horrelako leku batean benetako aldaketak lor daitezkeela?

Poliki doa guztia, eragin nahi duten alor ugaritako sektore asko baitaude tartean: energia, nekazaritza, abeltzaintza... Lurralde bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta behar ezberdinak dituzte langileek. Baina elkarrekin egin behar dugu aurrera; guztion artean jarri behar dugu konponbidea.

Inoiz imajinatu al zenuen munduko goi bilera batera joango zinenik?

Egia esan, ez.

Ikasiko zenuen zerbait...

Gure sektorearen ikuspuntu globala eman dit. Hau da, borrokak batu behar diren kontzientzia irabazi dut. Leku bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta aintzat hartu beharreko zerbait da hori. Baina beharrezkoa da guztiok batera borrokatzea.

Abeltzain gaztea zara zu, baina gaur egun gazte gutxik aukeratzen dute lanbide hori, ezta?

Familiako enpresa batean nabil ni, eta gustatzen zaigu lana. Gaur egungo gazteentzat ez da oso lan erakargarria; sakrifikatua da, azken urteotan hobekuntzak izan dituen arren.

Nola erakarri gazteak?

Funtsezko hiru oinarri bete behar dira lan honetan aurrera egiteko. Ingurumen iraunkortasuna bai, baina jasangarritasun ekonomikoa ere garrantzitsua da: egiten diren aldaketa guztiek errentagarriak izan behar dute negozioarentzat. Horrez gain, garrantzitsua da bizitza egonkor baterako aukera izatea; lana antolatu eta denbora librearekin uztartu behar da. Hiruretako batek huts egiten badu, zaila da aurrera egitea.

Zertan nabari duzu gehien klima aldaketaren eragina?

Klima larrialdiaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira. Guk zortea izan dugu aurten; ez dakit zergatik, baina ezustean agertu eta hedatu da gaixotasun hemorragiko epizootikoa; hainbatek pairatu dute Euskal Herrian. Are, gero eta ohikoagoak dira faunak —basurde eta oreinek— eragiten dituen kalteak. Neurriak hartzera bultzatzen gaitu horrek.

Eta zuek zer neurri hartu dituzue abeltegiak eragindako ingurumen inpaktua murrizteko?

Jasangarritasun ekonomikoari lotuta doa dena. Eguzki panelak instalatu ditugu energia aurrezteko, eta bazka gutxiago eta ur gutxiago erabiltzeko modua ematen duten tresnak ere bai.

Nola ikusten duzu zurea bezala familiek kudeatzen dituzten abeltzaintza enpresen etorkizuna?

Hau enpresa normal bat da, baina bere berezitasunekin. Garrantzitsua da lehen aipatu dizkizudan oinarriak ez ahaztea. Ogibide sakrifikatutzat jotzen zen lehen, baina hori aldatuz doa pixkanaka.

Lehen sektorean ere, gazteona da etorkizuna?

Abeltzain eta nekazari gazteei eman behar zaie hitza. Gazteek COP28n eta halako biltzarretan egon behar dute, beren ikuspuntuaren berri emateko.

LOTSABAKO

Zer gustatzen zaizu gehien zure lanean?
Beti ikasten dudala, eta ez naizela aspertzen.

Behiez gain, beste zaletasunik?
Hondartza eta olatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.