ETB

Abatar batek aurkezle lanak egingo ditu ‘Erremontari’-n

Oriamendi enpresak sortu du aurkezlea, adimen artifizialarekin. ETB1ek astelehenetik aurrera emango du Sagardoaren Txapelketa (22:30). Finala ekainaren 12an jokatuko dute, eta partidak hiru setekoak izango dira.

urtzi urkizu
2023ko apirilaren 13a
13:25
Entzun

Adimen artifizialeko lau programa erabilita, Oriamendi enpresak pertsonaia digital bat sortu du, abatar bat, erremonteko sei jokalari erabilita. Erremontari deitu diote, eta Endika Barrenetxea jokalariaren ahotsa oinarri hartuta mintzatuko da. Abatarrak aurkezle lanak beteko ditu ETB1eko Erremontari saioaren hirugarren denboraldian. Sagardoaren Txapelketa jokatuko dute hirugarren urtez Galarreta pilotalekuan (Hernani, Gipuzkoa), eta Euskal Telebistak astelehen gauetan emango ditu partidak. Gaur goizean aurkeztu dute, Hernanin (Gipuzkoa), Oronan —txapelketako babesleetako bat da—.

Esti Veintemillas Oriamendiko informatikariak azaldu duenez, ez da erraza izan euskaraz mintzatuko den abatarra sortzea. «Adimen artifizialaren hizkuntza ezagutzeko denbora luzez aritu gara. Jakin behar da zer eskatu, nola eskatu, zeri eman garrantzia». Nahi duten produktua lortu arte. «Programa gehienek ez dute euskara hizkuntza moduan sartuta. Baina pertsona baten audio bat grabatuta, errepikatu egiten du esandakoa». Hala egin dute Barrenetxeari ahotsa grabatuta.

Erremontari saioak hezur-haragizko aurkezleak ere izango ditu, ohi moduan. Baina abatarrak bestelako zenbait aurkezpen egingo ditu. «Izan ere, abatarra ez dago bizirik, eta ezin ditu bat-bateko gauzarik egin», azaldu du Veintemillasek.

Oronako aurkezpenean, Erremontari pertsonaia digitalari marranta apur bat nabaritu zaio zenbaitetan, hizketan ari zela. Horren arrazoia argitu du Oriamendiko teknikariak: «Hizkuntza ezagutzen ez duelako gertatzen zaio. Ingelesa du jatorrizko hizkuntza, eta batzuetan nahastu egiten da eta soinu arraroak egiten ditu». Veintemillasek «aurrerapauso txiki bat» ikusten du abatarraren erabileran. «Teknologia sartzen ari gara saioan, eta adimen artifizialarekin areago joan gara oraingoan».
Aurreko bi urteetan beste pauso batzuk eman dituzte. Esate baterako, jokalarien kaskoetan mikroak eta kamerak sartzen hasi ziren. Txapapean ere bada kamera bat, eta kamera bat dute zazpian eta lauan jarritako zulo bakoitzean.

Lehiak, hiru setetan
Aurten, gainera, berrikuntza garrantzitsu bat sartu dute erremonte txapelketan. Lehenengo aldiz erremontean, partidak set formatuan jokatuko dira: hamabost tantoko bi setek osatuko dute partida printzipioz, baina bikoteek set bana irabaziz gero, beste set bat jokatuko dute, bost tantora, irabazlea zein den zehazteko.

ETBko saioan, Sagardoaren Txapelketa guztia emateaz gain, elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak izango dituzte ikus-entzuleek. Teknologia berriak erantsiko dituzte. Hilaren 17tik aurrera, ETB1ek prime time-an emango du saioa, 22:30ean; partidak 18:30ean hasiko dira, Galarretan.

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte, eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Hauek dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Ezkurra II.a-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II.a-Zaldua (Aburuza).

Txapelketa set formatuan jokatuko denez, lehenengo setean txapak erabakiko du aurreneko sakatzailea. Bigarren setean, lehenengo seteko bikote galtzailea hasiko da sakatzen, eta hirugarrengoan ordura arte tanto gehien egin duenak sakatuko du.

Txapelketaren formatuan, denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan; lehenengo lau sailkatuak finalerdietarako sailkatuko dira, eta bi bikote kanpoan geratuko dira.
Lehenengo bi setak irabazita (2-0), lau puntu batuko ditu bikoteak; 2-1 irabazten duenak hiru puntu izango ditu; 1-2 galtzen duenak puntu bat eskuratuko du; 0-2 galduz gero, punturik ez da lortuko; eta lehen bi seten batuketan hamasei tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du.

Finalerdiak ekainaren 5ean jokatuko dituzte; lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da, eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Finala ekainaren 12an jokatuko dute.

Saioaren ordu berean, ETB2k El Conquistador del Caribe abentura reality-a ematen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.