Udako seriea. Euskal Herriko ingurubirak (V)

Abadiako arnasgunea

Hendaiako hondartza bekoz beko, Pirinioak makurrarazten diren zokoraino iritsiko da ibiltaria. Ozeanoaren abaroan, zabukatze leunean, Dunbarriak deskubritu ditu deblauki: bi uhartexka biki, bi-biak sendoak bezain amiragarriak.

Ibiltaria Hendaiako hondartzan hasiko da ibilian. JOSEAN GIL-GARCIA
Ibiltaria Hendaiako hondartzan hasiko da ibilian. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Hendaia
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Hendaiako Hondarraitz hondartzari (Lapurdi) amaiera jartzen dioten bi haitz berezi ikusiko ditu bidaztiak mendebaldeko muturrean ibilian hasi eta berehala. Jatorrian, itsasoaren higadurak bakartu zituen harriok. Hala ere, haien agerpena zuritze aldera, bestelako azalpena ematen dute elezaharrek. Nonbait, Aiako Harrian bizi zen erraldoi batek jaurti zituen harri bereziok itsasora. Geroztik hor daude bi uhartexka, itsasertzetik bereizi nahi izatearen amarrua eginez. Beste kondaira batek, ordea, Baionazar izeneko herri batekin lotzen ditu harri misteriotsuak. Haren arabera, uhartexkak dira, hain justu ere, herrixka zaharraren azken arrastoak.

Hondarraitz hondartzaren amaieran, amets egiteko tenorea ere bada. Izan ere, Santa Ana lurmuturraren gain-gainean, Abadiako natura eremu babestua dago. Anton Abadia esploratzaile eta zientifikoak utzitako ondare amiragarrian blaitzeko aukera paregabea dago. Dublinen (Irlanda) jaio zen Abadia, 1810. urtean. Akaso urrun samar Euskal Herriko historiarekin bat egiteko. Baina gauzak zer diren, aita zuberotarra eta ama irlandarra zituen. Gazte zelarik, Frantziako Tolosa aldera bidaiatu zuen bere familiarekin. Ikerketak eta ikasketak egiteko duin berezia zuen Abadiak, eta, ezaguna denez, hamalau hizkuntza mintzatzeko abilezia berezia erakutsi zuen. Hizkuntza alorrean ez ezik, astronomia, fisika, geologia eta kartografia gaietan ere oso emana izaki, bere jakituriaren fruituak sarri eman zituen ezagutzera.

Udako seriea: abadiako natura oasia

Etiopiako erliebe gorabeheratsuak erakarrita, herrialdeko mendi garaienen profilak eta altuerak jasotzera abiatu zen Abadia. Kirolaren deiari gorazarre egiteko baino begirada zientifikoa garatzeko asmoa zuen ikerlariak. Izan ere, 1848ko maiatz aldean, laguntzaile ugariz hornitutako karabana osatuta, Bwahit mendira jo zuen kalkuluak egiteko. Teodolitoa, hipsometroa eta barometroa aldean, tokiko oztopoei aurre eginda, gailurrean izatea lortu zuen azkenik. Hala ere, ustela irten zitzaion saiakera, egindako behaketa ez baitzen fidagarria izan paisaia elurtuak den-dena oztopatu zuelako. Izpirituen bizilekua izanik, errespetua zerion mendi sakratua omen zen hura. Hala ere, bere nekaezintasunak ez baitzuen mugarik, bizkor abiatu zen Etiopiako lurraldeko mendirik altuenera. Bihotzean zeraman arantza atera zuen azkenik Etiopiako sabaian, Ras Dejen mendian. Abadia biziki poztu egin zen orduan, tour d´horizon ia oso bat neurtu ahal izan baitzuen.

Astronomia behatokia

Etiopiatik bueltan, euskal identitatea aldarrikatzeko lanari ekin zion, eta euskararen gaineko ikerketak sustatu zituen. Euskaltzale porrokatua izan zen, eta euskal kulturaren alde zernahi lan egin zuen, bereziki Euskal Jai eta Lore Jokoen bitartez. Astronomiaren pasioari ere oratu zitzaion, eta makina bat bidaia egin zuen eklipse eta, oro har, unibertsoko misterioaren korapiloa askatzeko asmotan. Esaterako, 1860ko eguzki eklipsea ondo aztertzearen kariaz, Warren de la Rue astronomo britainiarrak Ribabellosa (Araba) herria aukeratu zuen moduan, Abadiakoak Briviesca (Burgos, Espainia) herriko zoko-mokoak hautatu zituen. Sekulakoa izan omen zen 1860ko eguzki eklipse hura, memorian iltzatutako une ederra izan zela. Ideia bat egiteko, Warren de la Ruek idatzitakoa ezin argiagorik izan: «Araba aldean uzta hasita baitzegoen, lanak eman zituen eklipsea aztertzeko larrea aukeratzeak. Baina lurraren jabeak jakin zuenean huraxe zela bere lursaila zientifikoen lanetarako hobekien egokitzen zen ingurua, berehala laga zuen bere belazea ikerketa gauzatu zedin». Egun desiratua iritsi zela, haatik, etsipena gailendu zen taldearen baitan: «Lainotuta argitu zuen eklipsearen egunean. Zorionez, eguerdian zerua argitzen hasi eta lainoak apurka-apurka desegin ziren. Zeru bikaina izan zuten azkenik, erabat garbia».

(ID_17207114150985) ABADIAKO ARNASGUNEA
Abadiako gaztelu neogotikoa da, eta zertzelada afrikarrekin apainduta dago. JOSEAN GIL-GARCIA

Ordurako Euskal Herrian gotorleku bat izateko ametsa bete zuen Abadiak Hendaiako kostaldean: Aragorriko etxaldean. Itsasoraino 50 metro amiltzen diren labarren ertzean kolpetik amaitzen diren lurrak erosi zituen. Irlandako neogotikoaren antza izango zuen jauregi bat altxatzeko agindua eman zuen. Gero, zertzelada afrikar batzuekin apaindu zuen jatorrizko eraikuntza. Behatoki astronomiko bat martxan jarri zuen barruan, eta 1979ra arte funtzionamenduan ibili da. Sarrerako ate nagusiaren ondoan zulo bat dago, eta inskripzio bitxi bat dakar: Ez ikusi, ez ikasi. Nonbait, zientifikoak makina bat gauza ikusi zuen arren, hamaika gauza zeuzkan oraindik ikertzeko.

Hondartzan barrena

Hendaiako hondartzan hasiko du ibiltariak Abadiako gaztelurako zidorra. Mendebaldeko muturrean emango zaio hasiera, kostaldeko xendra abiatzen den zokoan. Hondarribiko hiribildua eta Jaizkibel mendigune sonatua badiaren bestaldean ikusiko ditu, estanpa hieratiko baten moldean. Hendaiako hondartza zabala dela, ekialdeko zokoan Abadiako naturaguneaz gozatuko du ibiltariak. Uretan hanka puntak bustitzen ibiliko balira bezala, kostaldea parez pare, haitz puska dotoreak ere ikusiko ditu ibiltariak. Akaso, labarretik iheska. Hain urrun eta han gertu. Bidaztiaren konplizitatea bilatu nahirik edo, haienganako begirada zuzena erakarriko dute harriok. Pirinioak itsas azpira doazeneko gunea baita, harri puskek sorrarazten duten misterio aura ez da nolanahikoa.

Hara egingo ditu urratsak txangolariak, hondartza parez pare duela. Horiek horrela, palmondoak, tamarindoak, arteak eta magnoliak (Magnolia grandiflora) lagun, osteratxo samurraz gozatzen hasiko da. Ibilian-ibilian, zeruertzak marraztutako paisaia iradokitzaileaz jabetzeko tenorea ederki baliatuko du, Anton Abadia zientifikoak bazterrotan egingo zukeen bezala.

(ID_17207115355235) ABADIAKO ARNASGUNEA
Dunbarriak Abadiako naturagune babestuan daude, kostaldetik iheska. JOSEAN GIL-GARCIA

Kasino zaharrera berehalakoan iritsiko da. 1884an eraikia, gaur egun apartamentuak eta komertzioek hartu dute lekukoa. 1860tik aurrera turismoa erakarri zuen Txingudiko badiarekin bat egiten duen eremuak, eta XX. mendearen lehen urteetan parajeotako erabateko aldaketa etorri zen. Itsasertzeko pasealekua erreferentziatzat hartuta, beraz, ekialderantz abiatuko da bisitaria, egokitutako bidea amaitu arte. Hala, Uhainak hotela parez pare duela, hondartzara jaitsi eta bazterretik jarraituko du. Errekastoa zeharkatu eta, Hendaiako Itsas Ospitaleko eremua inguratu ostean, Abadiako harri bikien inguruko xehetasunak eta geologiari buruzko ohar ugari dakartzan murala ikusiko du hormari lotuta.

Hondartza uzteko unea izaki, asfaltoan gora egin eta Abadiako naturaguneko aparkalekura iritsiko da ibiltaria. Kostaldea korritzen duen Litoral Xendra bertan laga, eta natura eremu babestuan sartuko da. Harlauzez jantzitako pasealekuan aurrera eginda, Larretxean izango da segituan. Abadiako eremuaren gaineko informazioa eskuratzeko leku aproposa izaten da Larretxekoa. Baserri horretatik hurren Larrextaberri izeneko arditegia dago. Harlauzak gogaide, aurrera segituko du hurritzak, sahats ilunak eta fruta arbolek atentzioa emango diotela. Ibilian-ibilian, Nekatoenea baserrira helduko da. Bidebanatzean, Asporotsttipi eta Katalinkoenea aldera egingo du. Hurrengo bidebanatzean, Asporotsttipira bidea utzi eta ezkerretik segituko du. Hariztian murgilduko da tanpez, eta Lohiko badia bete-betean harrapatuko du, maitagarrien ipuinen antzera.

Lehen bunkerrak laster agertuko zaizkio ibiltariari Kapelu inguruan. Zuhaitzak atzean utzi eta belardia zeharkatzen duen zidorra utzita, eskuinetik segituko du, sigi-saga erlaitzaren abaroan. Bikiak ikusteko parada ezin hobea izango du aurrerago, bigarren bunkerra parez pare duenean. Harriak atzean utzi eta Erdiko Ura izeneko behatokira iritsiko da. Bista paregabea Hendaiako hondartzaren eta badiaren beste aldeko bazterren gainean. Belardia inguratzen jarraituko du. Bidebanatzean, Nekatoeneara doan bidexka alboan laga eta, kostaldeko zidorrari men eginez, Larretxera berriz iritsiko da. Natura eremutik irtenda, hondartzako ibilbidea baliatuko du berriz ere ibilbideari amaiera emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.