Erremedioa gaitz bihurtu dela esango luke hitz jokoak gustuko dituenak. Bypassa buxadura bihurtzea horixe bera baita. Hain zuzen, buxatutako arteria baten odol fluxua haren kanpoaldetik lehengoratzeko prozedura kirurgikoa da bypassa. Kendu arteria eta jarri errepide; kendu odol fluxua eta jarri ibilgailuen joan-etorria, eta hara hor A-15 autobideko Oindolarko eta Gorosmendiko tunelak, erremedioak gaitz bihurtuta: bypassak berak buxatuta.
Bihotzekoak tratatzeko larrialdiko tratamenduak dira bypassak, eta norberaren ernegua, amorrua eta frustrazioa hitzez adierazteko tokiak sare sozialak. Halaxe da A-15a tarte horretan erabiltzen duten gidari askorentzat: Telegrameko talde bat sortu dute. Haserrea eta etsipena adierazteko eta arintzeko erabiltzen dute taldea, baina elkarren artean informazioa ahalik eta lasterren banatzeko eta buxadurari irtenbideak emateko ere bai. Berrehun lagun baino gehiago daude taldean: Autovia Pagozelai du izena. Sortzeko arrazoia, hasieran, elurrak autobidean eragiten zituen eragozpenen berri ematea ei zen. Orain, berriz, lanen eta ilaren berri izatea da. Eta galdera batekin hasten dira elkarrizketa ia guztiak: «Inork badaki nola dagoen A-15a oraintxe?».
Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko irailean abiatu zuen Oindolarko eta Gorosmendiko tunelak egokitzeko lanen bigarren fasea. Haien kalkuluen arabera, lan horiek aurtengo udaberrirako egongo dira amaituta, eta lan denak 2026an amaituko dituzte —A-15eko Gipuzkoako parteko lau tunelak Europako segurtasun eskakizun berrietara egokitzen ari dira—. Estaldura sendotu, drainatze sarea berritu, suteen aurkako babes sistemak eta aireztapen sistemak jarri, LED teknologiaren bitartez argiztapena modernizatu... Oindolarko tunelean, Iruñerako bidean ari dira lanak egiten. Gorosmendiko tunelean, berriz, Donostiarako bidean. 17 milioi euroko aurrekontua dute bi tunel horietako lanetarako. Azken lanak Belabietako tunelean egingo dituzte, baina Donostiarako bidean. 25 milioi euroko aurrekontua dute lan horietarako, eta espero dute 2026ko udazkenean amaitzea. Guztira 97 milioi euro inbertituko dira.

«Hau guztia amesgaizto bihurtu da. Etxetik irten, eta ez dakizu zerekin egingo duzun topo. Egun jakin batzuetan, Belateko tuneletan ere lanetan ari direnez, kamioien joan-etorria asko handitzen da, eta Belabietako eta Gorosmendiko bypassetan sekulako ilarak sortu», azaldu du Sakanatik (Nafarroa) Beterrira (Gipuzkoa) ia egunero joan-etorria egin behar izaten duen erabiltzaile batek. Eta istripuak direla, eguraldia dela... erabiltzaile horrek dio egunari «neurririk hartu ezinda» ibiltzen direla, eta Telegrameko taldeak lagundu egiten duela egoera «apur bat» arintzen: «Han jartzen dutenaren eta irakurtzen duzunaren arabera, batzuetan aukera daukazu beste bide bat hartzeko, adibidez Etzegaratekoa». Talde horretan esandakoak aintzat hartzea ez ezik, mapen aplikazio batzuk irekitzea eta han esandakoaren arabera norabide bat edo bestea hartzea ere eguneroko ariketa izaten da askorentzat.
Gipuzkoako Aldundiak berak ere ireki du informazioa emateko kanal bat Telegram sare sozialean: A-15 autobidea-autopista. Bertan sartu eta atzeraka egitea bezalakorik ez dago azken bolada luzean izan diren intzidentzia guztien berri izateko. Noski, erabiltzaileen taldean tonua ez da kanal ofizialean bezain aseptikoa.
N-121-A errepidean ere bai
Hilabete hauetan guztietan, gainera, tunelen iluntasuna ez da A-15 autobidean bakarrik nabaritu. Izan ere, Iruñearen eta Behobiaren arteko N-121-A errepidean ere hainbat mozketa eta traba izan dira —eta izango dira— hainbat egunetan, Belateko tunel berriko lanak direla tarteko —7,6 kilometroko tartean ari dira lanak egiten, Arraitz eta Oronoz-Mugairi artean—. Urrutira joan gabe, joan den ostiralean itxita egon zen N-121-A errepidea 08:00etatik 17:00etara, 27. eta 35. kilometroen artean. NA-1210 errepidetik bideratu behar izan dute trafikoa halakoetan. Joan den asteko asteazkenetik, berriz, egunero 15-20 minutuz itxiko dute errepidea, tunel barruan kontrolatutako leherketak egiteko. Ernegua, amorrua eta frustrazioa hor ere. Eta Telegram talde bat hor ere. Halabeharrez.
Tunel berriak 2.885 metro izango ditu, eta 300 bat metroko zuloa egin dute oraingoz, %10 inguru. Nafarroako Gobernuko Obra Publikoen eta Azpiegituren zuzendaritzak emandako epeen arabera, espero dute lan horiek 2027. urtearen amaierarako bukatzea.