Bilboko Aste Nagusia

71 udali Euskara saria

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak jaso du aurtengo Euskara saria, Hau Pittu Hau konpartsaren eskutik..Saria eman aurretik bazkaria egin dute Euskalgunean

71 udali Euskara saria.
Bilbo
2014ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazio eta sustapenerako egindako lana saritzeko asmoz, Hau Pittu Hau konpartsak Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari eman dio aurtengo Euskara saria, Bilboko Aste Nagusian. Izan ere, konpartsaren eta Uemaren helburua berbera baita: «Euskal Herri euskaldun bat lortzea».

2003an hasi ziren Euskara saria ematen, eta ordutik, urtero legez, Aste Nagusiko astelehenean, bazkaria egin eta gero, euskararen alde denetariko arlotan lan egiten duten norbanako zein talde edo elkarteri ematen diote saria.

Bazkaltzen jende ugari batu zen Euskalguneko konpartsetako elastikoak soinean. Aldarte onean bazkaldu zuten, eta kafe ordua iristean banatu zuten saria. Mikel Ansotegi Uemako zuzendaritza batzordeko kideak hartu zuen saria, talde osoaren izenean.

Pozez azaldu zen Ansotegi tripa «ondo beteta» eta saria eskuan. Hirurogeita hamaika udal ordezkatzen dituztela gogorarazi zuen, eta saria haiek egindako lana aintzat hartzeko modu bat izan dela azaldu zuen. «Uemak urte asko eta asko daramatza euskararen alde lanean, eta horrelako sari bat jasotzeak esan nahi du egiten dugun lana ikusi eta baloratzen dela. Eta, gainera, egindako lanaz jendea poztu egiten dela ikusteak gu ere asko pozten gaitu».

Haien lana euskararen «arnasguneak» sortzea dela azpimarratu zuen Ansotegik. «Arnasguneak euskararen birikak izango ziren. Bilbon gaudela, hemengo jai giroa ikusita, esan beharrik ere ez dago inguru hau euskalgunea dela. Euskararen berezko izaera duen gunea».

Hau Pittu Hau konpartsari eskerrak emanez eman zuen agurra Ansotegik: «Zuen lanari eta euskararen alde lanean dabiltzaneuskaltzale, euskaldun eta guztiei eskerrak eman nahi dizkizuet ordezkaritza guztiaren izenean. Denoi esker euskaltzale gehiago sortzen gabiltza eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.