Sardea lastozko fardoan sartu du Jose Dapatzaranek, eta kolpe batez altxatu. Biratu, eta 6,2 metrora dagoen barra begiztatu du. Fardoa barraren gainetik jaurti behar du, baina bota gabe, jokatzen jarraitu nahi badu behintzat. Abiatu da, eta barratik bi metro eskasera geldituta jaurti du fardoa. Horrek lortu du 6,2 metroraino iristea, baina jaisterakoan barra eraman du atzetik. Depatzaran kanporatuta geratu da, eta Jose Martin Bustinza (Dima, 1972) garaile, bederatzi jokalarietatik hark bakarrik lortu duelako 6,2 metroko markara heltzea.
Hala bukatu zen atzo goizeanEuskal Herriko Lasto Fardoen Jaurtiketa txapelketa. Baina Bustinzak, lortutako markarekin konforme ez, eta segituan hartu zuen berriz sardea eskuan, harenerrekorra 6,9 metrotan dagoelako. Orain arteko saio guztietan jantzi du txapela, zortzitan. Hala eta guztiz ere, hiru ahaleginen ostean, ez zuen marka hobetzea lortu. Zergatik? «Ez gara behar beste entrenatzen, eta txapelketak ere geroz eta gutxiago ditugu». Hori da hark emandako arrazoia.
Haizea ere izan zitekeen bestearrazoietako bat, esatariak txapelketaren erdian esan bezala. Baina ez du hala uste txapeldunak: «Haizea ez da beste munduko ezer izan, behin baino ez dut haizearekin jaurti, eta beste jokalariek beste horrenbeste». Fardoen egoerak, berriz, eragin handia dauka. Jaurtitzaile bakoitzak bere sarde eta fardo propioak eramaten ditu txapelketetara. Bigunegi badago, ez du behar besteko altuera lortzen. Eta gogorregi badago, berriz, ez da sardetik egoki irteten, dimarraren arabera.
Entrenatzea ere funtsezkoa da txapelduna izateko. «Ni otsail edo martxo aldera hasten naiz entrenatzen», azaldu zuen Bustinzak, «baina norberaren erabakia da; batzuk urte osoan entrenatzen dira, eta beste batzuek 6-7 hilabeterekin nahikoa dute». Hala ere, beharrezko entrenamenduak geroz eta gutxiagotan egiten dituztela onartu zuen. Eta zalantzan jarri zuen lehiatzen jarraituko ote duen ere. «41 urte ditut, eta urtero geroz eta zailagoa suertatzen zait».
Geroz eta lasto jaurtiketa txapelketa gutxiago egotea ez da kasualitatea. «Leku guztietan bezala, hemen ere murrizketak egon dira», esan zuen Bustinzak. Iritzi berekoa da Bernardo Ureta Euskal Herriko Herri Kirolen Federazioko lehendakaria. «Babesleek ez digute haiekin hitz egiteko aukerarik ematen».
Gazteena, arinena
Udalekin ez da berdin gertatzen, udal batzuek «asko» laguntzen dutelako. Hala ere, ematen duten dirua sarritan ez da nahikoa izaten. Bilboko Udalarekin, adibidez, «ezin konta» daiteke datorren urteari begira, ezin delako jakin orain arteko diru laguntzari eutsiko dion. Gauzak hala, «beste bide batzuk» saiatuko dituztela aurreratu du federazioaren lehendakariak, eta gogorarazi du kirolarien atzetik «lan handia» dagoela.
Hala ere, jendearen aldetik harrera zabala dute, oraindik ere,herri kirolek. Txapelketara ehunka pertsona bildu ziren atzo, eta gehienak han egon ziren bi orduan.
Txapelketan parte hartu zuen jokalaririk gazteena eta pisu aldetik arinena, berriz, Mikel Agirre izan zen; Mutrikukoa da (Gipuzkoa), eta 20 urte ditu. Azken-aurreko postuan geratu zen, 4,80 metroko markarekin, «marka pertsonalki garrantzitsua», haren hitzetan. Sokatiran hasi zen, Mutrikuko taldean; eta geroago fardoak jaurtitzera ere animatu zen. Bi kirolak ditu gustuko orain, eta, ahal duen neurrian, biekin jarraituko du. Hurrengo urteko txapelketarako, gainera, badu erronka: bere marka gainditzea, «ahal bada».
Bilboko Aste Nagusia
6,2 metrora dago garaipena
Joxemartin Bustintza 'Tubik' irabazi du Euskal Herriko Fardo Jaurtiketaren Txapelketa, Aste Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu