Iruñeko sanferminak

514 ekitaldi ofizial izango dira sanferminetako egitarauan

Berritasun gisa, uztailaren 8an Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra izango da Udaletxe plazan, eta uztailaren 14an, Los Tenampas taldearen kontzertu berezi bat.

Sanfermineko zapi gorriak. IDOIA ZABALETA / FOKU
Sanfermineko zapi gorriak. IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko ekainaren 19a
12:20
Entzun

Geroz eta gertuago dira sanferminak, eta gutxi falta da uztailaren 6ko txupinazorako. Festa hasteko hamazazpi egun falta diren honetan, 2024ko San Fermin jaien egitarau osoa argitaratu du Iruñeko Udalak. Egitaraua 514 ekitaldi ofizialek osatzen dute, eta 1,85 milioi euroko aurrekontua du: jaiaren bereizgarriak diren ekitaldiak daude, hala nola txupinazoa eta entzierroak, baita kultur jarduerak ere, kalean eta hiriko hainbat tokitako agertokietan banatuta.

Uztailaren 6tik 14ra, bi asteburu barne, ohiko entzierroak, kontzertuak, kaleko musika, su artifizialak, jotak, bertsolariak eta familientzako, gazteentzako eta nagusientzako guneak egongo dira, besteak beste. Musika nagusituko da Iruñean, aurretik aurkeztutako kontzertuak kontuan hartuta. Maider Beloki Kultura zinegotziak eta Iñigo Gomez Kultura arloko zuzendariak gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu duten berrikuntzen artean dago Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra; Udaletxe plazara itzuliko da, uztailaren 14an. Horrez gain, gaiteroen zazpi bandak eta konpartsako txistulariak izango dira musikaren arduradunak. Los Tenampas taldeak, berriz, kontzertu berezi bat emango du Gazteluko plazan uztailaren 14an, 22:00etan, Gaixoa ni baino lehen.

Beste berrikuntzetako bat da adineko pertsonentzako jarduerak auzoetara eramatearen aldeko apustua. Poliki-poliki festa beste auzoetara «zabaldu» nahi du Belokik, eta, aurten, uztailaren 12an, Adinekoen Eguna aintzat hartuta, Iruñeko Donibane auzoko Azueloko monasterioaren plazan jota jaialdia egingo dute eguerdian. Beste egun bereziak Jota Eguna (asteartea, 9) eta Haur Eguna (asteazkena, 10) dira. Haurrentzat txotxongiloak, kalejirak, zezensuzkoa eta entzierro txikia antolatu dituzte, besteak beste. Iruñeko Konpainia plazan programa berri bat ere aurkeztu dute: De vermuteo con Travestika, uztailaren 11n, 13:00etan. Bertan, musika, dantza, antzerkia eta umorea nagusituko da drag artisten eskutik.

Jaia herritar guztientzat izan dadin, Iruñeko Udalak Zentzumenen Babeslekua izeneko gune bat prestatu du Kondestablearen jauregian. Familientzako espazio inklusiboa izango dela esan du zinegotziak, bereziki lasaitasunerako eta gozamenerako babesa behar duten pertsonentzako sortua, soinu intentsitate txikiarekin eta egokitutako materialekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.