«Irrifar laranja bat margotu diogu eguzkiari / Goizero egin diezagun harek koloretsuago argi / Esnatu dezan bihotz barrutan lo dugun bizi poz hori». Irri egiten duenari abestiak piztuko du festa maiatzaren 3an BECen. Bi orduz, kantaz, dantzaz, alaitasunez eta emozioz beteko dute erakustazoka, eta «maite zaitut» esango diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. 50 erakunde, udal, eragile, komunikabide, enpresa eta kooperatiba inguruk babestu dute ekitaldia.
Ikusi gehiago
Entitate horietako batzuk bildu dira gaur Bilbon. «Konturatu gara herri oso baten babesa eta laguntza dauzkagula», adierazi du Amagoia Mujika Maite Zaitut elkarteko kideak. Ezinbestekotzat jo ditu entitateek emandako «laguntza eta babes ekonomikoa», eta azpimarratu herriak ulertu duela zer asmo duten: «Guk hasieran sentitu genuen taupada ulertu du herriak: pailazoek omenaldi hau merezi dute».
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak, Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk eta Bizipoza elkarteko Amaia Elizondok hartu dute hitza gaur. Halere, bertan izan dira, besteak beste, BERRIAko, Naiz-eko, AEK-ko, Elkar fundazioko, Kaikuko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak. «Horien guztien arteko lotura da pailazoak maite dituztela, eta pailazoei ‘maite zaitut’ esan nahi dietela», azaldu du Mujikak, eta jakinarazi gaur Bilbon egon ez diren beste hainbat eragilek ere babestu dutela omenaldia.
Hain justu, Maite zaitut kantak hogei urte bete ditu aurten. «Maitatzen zekien herriari 'maite zaitut' esaten erakutsi zioten». Orain, iritsi da mezua haiei helarazteko garaia: «Orain guk haiei esan nahi diegu maite ditugula». Herri omenaldi «autentiko bat» egitea dute helburu elkarteko kideek. Mujikak gogoratu du ez dela pailazoen emanaldi bat izango, «pailazoentzako omenaldi bat» baizik. «Haiek erakutsi dizkiguten balio guztiak jarriko ditugu oholtza gainean».
«Konturatu gara herri oso baten babesa eta laguntza dauzkagula; guk hasieran sentitu genuen taupada ulertu du herriak: pailazoek omenaldi hau merezi dute»
AMAGOIA MUJIKAMaite Zaitut elkarteko kidea
Hiru aste baino ez dira falta herri omenaldirako. Ekitaldiak pailazoen dozena bat abesti izango ditu oinarri. Abesti horiek «kontakizunekin» jantziko dituzte, eta askotariko diziplinetako artistek parte hartuko dute. Agurtzane Intxaurragak eta Ane Labakak osatu dute proposamena. Oro har, berrehun parte hartzaile baino gehiago izango dira. Maite zaitut abestiak emango dio amaiera omenaldiari. «Dantza, erraldoiak, kalejira, txarangak... Pailazoek hainbestetan bete dituzten herritarron plaza horietako bat izango da BEC maiatzaren 3an», nabarmendu du Mujikak.
Entitateen laguntza eskertzeaz gain, herritarrei ere dei egin die Mujikak. Izan ere, gaurtik aurrera norbanakoek aukera izango dute ekarpen ekonomikoa egiteko elkartearen webgunean: Nikeremaitezaitut.eus. Horrez gain, Mujikak gogoratu du sarrerak eskuragarri daudela hartan ere. Herritarrei gonbidapena egin die, «bi orduko aparraldi emozionalaz» goza dezaten. Ahal izatekotan, aurpegia margotzeko margo gorria eramateko ere eskatu die, emanaldi «parte hartzailea» izango baita.
450 kanta baino gehiago
Duela 37 urte ekin zioten ibilbideari Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Ordutik, 31 ikuskizun sortu eta 39 disko grabatu dituzte, Mendiburuk jakinarazi duenez. Oro har, 450 abestitik gora argitaratu dituzte. Urte horietan guztietan «euskal herritarrei emandakoa» nabarmendu nahi izan du udalen izenean hitza hartu duen ordezkariak. «Erreferentziak sortu dituzte euskara etxeetan sartzeko, euskararekin jolasteko, balioak lantzeko, baztertuak erdigunera ekartzeko eta haurrengan mundu berriak sortzeko», azaldu du Mendiburuk.
Mendibururen arabera, udalek «hainbat ate» ireki dizkiete hiru pailazoei. Hasteko: «Kiroldegi eta antzokietan sartu dira lehenengo ikuskizunekin». Horrez gain, «liburutegietan eta hezkuntza zentroetan» ere sartu dira, liburu eta diskoen bitartez. Eta, hori gutxi balitz bezala, «gizarte zerbitzuetan eta ludoteketan» ere izan dute tokia. Besteak beste, gizarte zerbitzuekin elkarlanean aritu dira pailazoak, «arrazakeria, familia ereduak, dolua» eta halako gaiak berariaz lantzeko.
«Gizarte inklusiboago eta irrizaleago baten alde egin dute, betiere euskaraz; orain, egindakoa itzultzeko garaia da»
AMAIA ELIZONDOBizipoza elkarteko kidea
«Eragileek ere asko daukagu eskertzeko», gaineratu du Elizondok. «Gizarte inklusiboago eta irrizaleago baten alde egin dute, betiere euskaraz; orain, egindakoa itzultzeko garaia da», esan du. Horiek horrela, Elizondok ere BECera joateko deia egin du: «‘Eskerrik asko’ handi bat itzuliko diegu festa horretan».
Bide beretik, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak esan du Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «txikien haurtzaroa eta ez hain txikien bizitza kolorez eta bizipozez» bete dutela urte hauetan guztietan. Horregatik merezi dute omenaldia. Maiatzeko lehenengo larunbatean, eskerrak emango dizkiete «euskal gizartea kolorez eta maitasunez betetzeagatik» eta umeei «balio garrantzitsuak» helarazi izateagatik, «euskaraz eta modu oso dibertigarrian».