Gertakari ikusgarriak gailendu ohi dira gerren inguruko kontaketetan: bonbardaketek eragindako txikizioa, kanoien eztanda, herri bat mendean hartu dutenen desfile harroa. Baina oharkabean igaro litezkeen detaileek ere josten dute garai baten memoria: haurrarengandik banatu behar izan duen senidearen aurpegi oinazetua, kalea korrika eta soldadu baten zaintzapean igaro duen bikotearen larritasuna, elkar besarkatu diren bi lagunen bozkarioa, soldadu bat botak garbitzen hiriko iturri batean. 36ko gerran, gisa horretako eszenak ere grabatu zituzten Hearst Metrotone News AEBetako berri agentziako berriemaileek —William Randolph Hearst enpresariaren jabetzakoa zen—. Agentziaren eduki horiek publikoak dira orain, UCLA Kaliforniako Unibertsitatearen Film & Television Archive-ren (AEB) eta Kaliforniako PHI The Packard Humanities Institute-ren elkarlanari esker: ikus-entzunezkook digitalizatu eta haien kalitatea hobetu dute, eta newsreels.net atarian jaso dituzte.
AEBetako zinemetan proiektatu zituzten grabaketa horietako asko. Izan ere, agentziako berriemaileek munduan ateratako filmazioekin albistegiak osatzen zituzten New Yorken. Newsreel deituriko bi minutu eskaseko piezak ziren, eta pelikulen aurretik ematen zituzten, Silvia Ribelles PHIko historialari eta Oviedoko Unibertsitateko (Espainia) ikerlariak azaldu duenez.
Askotariko gaiak jorratzen zituzten: gatazka belikoak gai azalekoagoekin uztar zitzaketen, hala nola errege-erreginen familietako ezkontzekin, futbol partidekin, edo bainujantzien desfile batekin. XX. mendearen hasieran loratu ziren newsreel-ak, eta 1960ko azken urteetan desagertu zen albisteak kontsumitzeko manera hori, ordurako telebista sartua baitzen estatubatuarren etxeetan.
1981ean, Hearsten agentziak dohaintzan eman zizkion UCLAri 1929 eta 1967 bitartean egindako filmazioak. Eduki oparo bat, AEBetako publikoak interes handia izan baitzuen 36ko gerran. Guztira, bederatzi milioi metro zinta ditu bildumak, eta gerrari buruzko hirurehun bat pelikula daude, zehazki. 2016an, PHI akordio batera heldu zen UCLArekin, material hori guztia digitalizatzeko eta publikoarentzat eskuragarri ipintzeko. Gerraren inguruko interesak bere horretan jarraitzen duen seinale, 36ko gatazkaren edukiak lehenetsi dituzte digitalizazio prozesuan, eta dagoeneko garai hartako material guztia ikus daiteke webgunean.
Txikikerien garrantzia
Gatazkako mugarrietako batzuk ageri dira irudietan. Xehe erakusten dute, besteak beste, errekete mordoa Iruñeko Gazteluko plazan bilduta, 1936ko abuztuaren 3an —emakume batzuk ere badaude, tente jarrita—. Edo urte hartako irailean jazotako Irungo bataila (Gipuzkoa). Edo, 1937ko maiatzeko ikus-entzunezkoetan, Durango eta Gernika-Lumo (Bizkaia) birrinduak. Edo Bilboren erorketa tropa faxisten eskuetan, 1937ko ekainean: hilaren 19an, oraindik kea darie hiriko zubiei, goizalde hartan izan baitziren bonbardatuak; egun batzuk geroagoko irudietan, armada faxistako aurreneko bi soldaduak ageri dira Bilbon —Gonzalo Aguilera eta Ramon Lanbarri prentsaburuak—, eta tropa osoak desfilatzen hurrena, diputazioaren jauregiko balkoian dauden buruek agur faxista egiten dieten bitartean.
«Albistegietan, gerraren mugarriak erakusten zituzten, jendeak jakin zezan zer gertatzen ari zen. Baina, batez ere, herritar zibilen sufrimenduan ipini zuten arreta»
SILVIA RIBELLESKaliforniako The Packard Humanities Institute-ko historialaria eta Oviedoko Unibertsitateko ikerlaria
Hainbat eduki mota jasotzen ditu bildumak: batetik, albistegiak daude, hau da, muntatutako piezak; eta, bestetik, albistegietan gehitu ez zituzten txatalak, bazterkinak. Hala, bazterkinetako edukia aurretik argitaratu gabea da, eta, beraz, aparteko ekarpena egiten du, Ribellesen irudiko. «Gerraz ezagutzen ditugun argazki mitikoetan —Robert Caparenetan edo [David Seymour] Chim-enetan, adibidez—, objektiboaren aurrean dagoena ikusten dugu bakarrik. Baina pelikula batean kamera ezker-eskuin mugitzen da, angelua irekitzen da, eta irudi estatikoaren inguruan zegoena ere ikus dezakegu».
Albistegien laburtasunaren kausaz eta publikoaren atentzioa mantentzeko helburuarekin, gertakari ugari sartzen zituzten, eta bakoitzaren une laburrak. «Albistegietan, errefuxiatu talde bat oinez ikus zenezakeen pare bat segundoz; baina bazterkinetan, agian hamar segundoz ikus ditzakezu: detaile gehiago dago, familia taldeak ageri dira, nola zeuden jantzita, zelako zapatekin, zer animalia mota zeramatzaten...». Eta antzeko xehetasunak eskaintzen dituzte atzegoardiako beste eszena mordoek: andreak arropak garbitzen ibaian, gizonak zelaiak goldatzen, jendea kafetegietan jesarrita goiz eguzkitsu batean, soldaduen bizimodua lubakietan... «Uste dut bazterkin horiek ikuspegi zabalago bat ematen digutela gure arbasoek gerra garaian zuten bizimoduaren inguruan», azpimarratu du ikerlariak.
Gerraren ikuspuntu bat
Xehetasun horietako zeintzuek gainditzen zuten galbahea, ordea? Gerraren zer alde erakusten zuten AEBetako zinema aretoetan? «Lehenik eta behin, jazoera deigarrienetan zentratzen ziren», Ribellesen arabera. Esaterako, Bilboren erorketari buruzko albistegi bat proiektatu zuten 1937ko ekain bukaeran, hau da, tropa faxistek hiria hartu eta pare bat astera. Gernikaz ere albistegi bat dago: euskal herritarren «hiri sakratua» dela diote. «Bartzelonako lehen bonbardaketaren berri eman zuten, halaber, 1936ko urriko Madrilgo bonbardaketena... Gerraren mugarriak erakusten zituzten, jendeak jakin zezan zer gertatzen ari zen. Baina, batez ere, herritar zibilen sufrimenduan ipini zuten arreta».
Alde horretatik, litekeena da «sentsazionalismoa» izatea jomuga, ikerlariaren iritziz. Adibide bat aipatu du: Oviedoko setioa hautsi zenean, 1936ko urrian, eta elikagaiak zeramatzaten lehen kamioiak sartu zirenean hirian, haien inguruan bilduriko bizilagunak filmatu zituzten zakuetatik patatak ateratzeko ahaleginetan. Lerroburuetan ere nabarmena da horikeriarako joera: Irungo batailaren albistegiaren hasieran, irudia osorik betetzen duen tituluak adierazten du, harridura markarekin, hiria «suntsitua» izan dela gerrako «batailarik handienean». Eta azpian, honako hau nabarmendu zuten: «Irun gartsutik egindako ihesaldi zoroaren sekulako filmak!».
Gertakari horiek ondo identifikatuta daude, argi dago non eta noiz jazotakoak diren. Baina, kontrara, edukietako batzuk zatikatuta daude, batik bat bazterkinetakoak. Izan ere, albistegiak osatzen zirenean, proiektatuko zituzten zatiak ebaki egiten zituzten, eta erortzen zirenak ordenarik gabe itsasten, gordetzeko. Han-hemengo txatalekin osatuta daude zinta horiek, eta nahasita ager litezke, kasu baterako, Bilboko, Madrilgo eta Bartzelonako irudiak. Mataza askatzeaz arduratzen da Ribelles. Filmetako eszena guztiak deskribatzen ari da, marko politiko batean kokatzen, asmatzen non grabatu ziren, nor diren ageri diren pertsonaiak... Testu horiek espainolez eta ingelesez argitaratuko dituzte newsreels.net-en, edo propio 36ko gerrari eskainiko dioten atari batean.