Gerrak amildegi eta zubi gaia izango du ardatz aurtengo Iparra-Hegoa egitasmoak. Hainbat jarduera antolatu dituzte, Seguran (Gipuzkoa) bihartik igandera bitartean. Euskal herritarren artean zubiak eraikitzea eta «mugak gainditzea» du helburu nagusi elkarteak. Horren barruan, Josu Txueka historialari eta EHUko irakasleak (Lerin, Nafarroa, 1956) 36ko gerra eta errefuxiatuak hitzaldia emango du, asteazkenean, herriko kultur etxean, 19:30ean. Gerra
militarki 1939ko apirilaren 1ean bukatu zen arren, hainbat urtetan ondorioak nabariak izan zirela azalduko du historialariak. Munduan zehar barreiatutako milaka errefuxiatuena izan da nagusietako bat, Txuekaren aburuz.
Zein izan ziren 1936ko gerran egon ziren erbesteratze mugimendurik handienak?
1939an izan zen erbesteratzerik handiena, baina 1936an bertan, adibidez, Irun hustu egin zen. Frankistek hiriak hartzen zituzten neurrian, jende askok alde egiten zuen, ahalik eta azkarrena. Erbesteratze mugimendu ugari gertatu ziren. Haurren erbesteratzea, esaterako, 1937an izan zen. 20.000 haurrek baino gehiagok alde egin zuten Euskal Herritik. Frankistek Gipuzkoa hartu zutenean, Gipuzkoatik Bizkaira joan zen jende uholdea, eta,frankistak Bizkaira sartu zirenean, jendea Estatutik kanpo alde egiten hasi zen.Gerra bukatzear zela, 1939ko otsailean, izan zen erbesteratze mugimendurik handiena, hala ere.
Jakin al daiteke, zehazki, zenbat lagunek alde egin zuten?
Kataluniatik, esaterako, Bartzelona galdu ostean, Gironatik barrena kalkulatzen da 400.000 lagun erbesteratu zirela. Horietatik asko euskaldunak ziren. Oso ohikoa zen errepublikazaleek Bizkaia galdu eta gero Santanderretik [Espainia] alde egitea eta Frantziara joatea. Frantziatik, berriz ere, Kataluniara itzuli ziren gerran borrokatzera hainbat soldadu. Gerra amaitzear zegoenean, 6.000 euskal herritar inguruk bigarren erbesteratze bat izan zuten Kataluniatik.
Euskal Herritik zenbat pertsona irten ziren?
Datu zehatzak jakitea oso zaila da. Agian, pertsona bat bi aldiz dago kontatuta; hurbileko kalkuluak egin dituzte, soilik. Gutxi gorabehera, 150.000 lagun atera ziren, gerrako hainbat alditan.
Ameriketara ere alde egin zuten.
Argentinara, Txilera, Venezuelara eta Mexikora joan ziren makina bat. Buenos Airesen, adibidez, Laurak Bat euskal etxeak indar handia eduki zuen, garai hartan. Talde handi bat biltzen zen han, eta kontzentrazio horrek euskaldunen presentzia areagotu eta ikusgarriago egin zuen.
Ipar Euskal Herrian zein zen garai hartako egoera?
Frantzian, Fronte Popularra zegoen agintean orduan. Ezkertiarra eta errepublikazaleen aldekoa zen teorian gobernua, baina ez zion eman Espainiako Errepublikari eskaini beharko liokeen laguntza, gerra garaian. Esan daiteke muga pasatzen zutenei Gobernuak ez ziela bereziki harrera lagunkoia eskaini.
Non eman zieten aterpea erbesteratuei?
Kontzentrazio esparruak eratu zituzten. Eztabaida bat dago esparru horiei zenbateraino dei dakiekeen kontzentrazio esparru. Ez ziren Alemaniakoak bezalakoak, jendea hiltzeko sortuak. Baina, aldi berean, ez dira frantziarrek deitzen zieten harrera esparruak ere. Leku horiei harrera lekua deitzea eufemismo bat erabiltzea da, militarrez eta txarrantxez inguratuta bizi baitziren guztiak. Argi dago ez zeudela askatasun egoeran. Lana eskuratzen zutenean bakarrik lortzen zuten handik irteteko modua.
Bigarren Mundu Gerra 1936ko gerra amaitu eta hilabete batzuetara hasi zen. Gertaera horrek nola eragin zien erbestean zeuden pertsonei?
Hori da, bai. 1939ko apirilean amaitu zen 36ko gerra, eta 39ko irailean hasi zen Bigarren Mundu Gerra, teorian. Zuzen-zuzenean eragin zuen. Langile ugari behar zuten bai nekazaritza eremuetan bai lantegietan ordu hartan. Izan ere, Frantziako armadan sartzen ari ziren milaka eta milaka gazte ordezkatu behar zituzten, eta kontzentrazio esparruetatik hartu zituzten langile horiek, hain zuzen ere. Jendea leku batetik bestera, Tolosara [Okzitania] eta Pauera asko mugitu zuten. Horrez gainera, Frantziako agintariek errefuxiatu kopurua nola edo hala gutxitu egin nahi zuten. Jendea modu batera edo bestera Espainiaratzera animatu zuten. Askok, aukera izan zutenean, Ameriketara alde egin zuten, eta erantzukizun politiko militar handirik ez zutenak Hego Euskal Herrira ere itzuli ziren.
Zein da Euskal Herritik gertuen eraiki zuten kontzentrazio esparrua?
Ipar Euskal Herritik lau kilometrora zegoen Gurs kontzentrazio esparrua, Zuberoatik oso hurbil. Berez, kontzentrazio esparru hori euskaldunak sartzeko sortu zuten. Lehendabizi sartu zirenak 6.000 euskaldun izan ziren.Horiekin batera, bidali zituzten nazioarteko brigadistak, Espainiako armadako errepublikako kideak, eta hegazkinlariak. Beste12.000lagun inguru izan ziren bigarren multzo horretan.
Lehen esan duzunez, gerrak arrastoa utzi zuen urte askotan.
Bai. Jose Antonio Agirre lehendakaria bera, esate baterako, 1960an hil zen, Parisen. Nahiz eta erbesteratu asko Franco hil eta gero, hona buelta tu ziren, erroak erbestean zituzten, eta han geratu ziren.
Josu Txueka. Historialaria
«36ko gerra amaitzear zela izan zen erbesteratzerik handiena»
Segurako Iparra-Hegoa egitasmoaren barruan, hitzaldia emango du Josu Txuekak 1936ko gerraren eta erbesteratuen inguruan. Gerra amaitu eta hainbat urtetan iraun zuen ondorio nabarmenetako bat izan da erbesteratuen auzia, historialariaren aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu