36. Herri Urrats, 37. ikastola

Hondar urteotako arrakastatsuenetarikoa izan da 36. Herri Urrats. Eguraldia lagun, milaka jendek ttipi utzi dute Senpereko aintzira. Besta giroak Seaskak daraman borrokari sostengua ekarri dio: Frantziako Hezkuntza ministerioari eskatu 30 irakasleetarik bost baizik ez baitizkio hitzemanak.

Brebeta euskaraz. En Tol Sarmientok egin zion kantua aurtengo Herri Urratsi. Kontzertua aitzin, ikasleek brebeta euskaraz egiteko aldarrikapena egin zuten. GUIILAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun

Giro bikaina, zinez!», izan dira Hur Gorostiaga Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioko zuzendariaren eleak, aintzira garbitzen ari zen bitartean. «Hainbesteko lanaren ondotik, ikustea herriak nola erantzuten duen, ederra da».

Izan ere, 36. Herri Urratsek arrakasta gaitza bildu baitzuen igandean. Dena bete-betea bazen ere, jendea «ongi banatua» zela ere nabarmendu du zuzendariak; guneka «pilaketak» izan baziren ere, «eguzkiaren beharretan zen jendea».


Irekiera ekitaldia. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak eman zion abiatze ofiziala. / GUILLAUME FAUVEAU

Jendetzaren erakusgarri izan ohi dira aparkalekuak: kasurako, hamahiru hektarea bete ziren osoki autoz. Haren irudiko, «jendetza uholdea» bildu zen igandean, eta oroitzen da hori gertatu zela Ziburuko (Lapurdi) Kaskarotenea ikastolak gorabeherak pairatu zituelarik ere, auzapezak argindarra moztu ziolarik.

Paxkal Indo Seaskako lehendakariak abiatu zuen besta ofizialki, 10:00etan: dasta «gazi-gozoa» utzi zion bestak. «Ongi lan egin dugu, denak konbentzitu baititugu, Paris izan ezik». Bada, Seaskak irakasle postuak eskatu dizkio heldu den ikasturterako Frantziako Hezkuntza ministerioari: 30, hain zuzen ere. Haatik, orain arte ez dizkio bost baizik hitzemanak: «Larria da, zinez». Oroitarazi du iaz jadanik 20 postuko «defizita» bazela, horregatik, Seaskak hamar hartu zituela bere gain: Euskararen Erakunde Publikoak bortz hartu zituen, eta azken bortzak irakasleek beraiek «oparitu» zituzten, geletan 26 ikasle onartuz: «Ohartzen gara irakasleek egiten duten indarraz».


Aro paregabea. Eguraldia lagun, familiak ere baliatu ziren egunaz. / GUILLAUME FAUVEAU

Halaber, Gorostiagak salatu zuen Frantziak «ito» egin nahi duela euskarazko irakaskuntza, «oztopatu eta suntsitzen» ere entseatu dela sarea; euskara «biziberritzen» ari den honetan, «ez du maite».

Irekiera ekitaldian Euskal Herri osoko ordezkariak egon ziren: Euskal Hirigune Elkargoko auzapezak, eta Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Foru Gobernuko ordezkariak. Gainera, senatari eta diputatuek ere beren burua agertu dute, departamenduko eta Akitania Berria eskualdeko hautetsiekin batera. Ororen buru, Euskal Herriko ordezkaritza politikoak «aho batez» erakutsi dio babesa Seaskari. Frantziako Estatuko ordezkaririk ez zen, ordea.

Olivier Dugrip errektoreak bai, bestan parte hartu zuen, arratsaldean, baina «pribatuki». Dugripek gomendatu dio Indori Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministroari «beste bilkura bat» eska diezaion. «Errektoreak Bordeletik ez du gehiago fitsik egiten ahal», argitu du ikastolen lehendakariak. «Hezkuntza ministroa da oztopoa. Girondinoak eta jakobinoak beti hor dute segitzen: jakobinoak dira nagusi oraingo gobernu honetan, Frantzia uniformea nahi duten horiek», gehitu du Indok. Argi du arazoa ez dela administratiboa: «Arazoa hizkuntza politikarena da: euskarazko irakaskuntza ito nahi dute, publikoa nahiz Seaska. Orain, elkarrekin erantzun behar diogu».


Haurrendako animazioa. Haurrak izan ziren eguneko protagonistak: haurrendako egitarau joriak ekarri zuen Sarako ikastolako ikasle izama den Pontx pailazoa, eta arrakasta handia bildu zuen. / GUILLAUME FAUVEAU

Hariaren bi muturrak

Izpiritu horrekin bat, Biga Bai Ipar Euskal Herriko irakaskuntza publikoko adar elebidunetako gurasoen elkarteko kideek ere parte hartu zuten Senpereko bestan. Gisa berean, eskola publikoko irakasleen ordezkariek ere bai. «Gakoa Parisen da orain, han dute dena blokeatzen. Lan egin beharko dugu, azken 50 urteotan berdin aritu garen bezala, egoera desblokeatzeko».

Banakoak zangoak altxarazten dituen gisan, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarreraren parean, «sor eta gor» baita, Seaskak bere boza entzunarazi nahi du. Izan ere, Herri Urratseko jendetzaren oihartzunetik landa, mobilizatzera deitu dute, hezkuntza ministerioaren bulegoetara: Baionan, Donibane Lohizunen, eta Uztaritzen (Lapurdi); hala-hala, Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) zerga etxeen aitzinean. Horiek oro, ortziralean 18:00etan egingo dituzte, Euskaraz ikasi nahi dugu, murgiltze-eredua ez hunki lemapean.


Karrikako animazioa. Txarangek alaitu zituzten karrikak, batzuetan, leku eskasez. / GUILLAUME FAUVEAU

Zeren eta Seaskak ez baitu bideragarri ikusten bost postu horiekin heldu den sartzea abiatzea: kalkuluak eginez, kolegioan, gelaka 46 ikasle «metatuko» bailirateke.

Aldarrikapen haboro ere egin ziren igandean: preseski, ekitaldirik jendetsuenetarikoan, En Tol Sarmientoren kontzertua hasi baino lehen, Bernat Etxepare lizeoko ikasle batzuek brebeta azterketaren baldintzak jakinarazi zituzten; euskaraz ikasitakoa frantsesez erakutsi behar dute azterketaren egunean.


Zikiroa. Klasiko bihurtu da, eta ez zuen hutsik egin. / GUILLAUME FAUVEAU

Arrakastaren putarrak

Ikasleriaren zabalak Baionako Bernat Etxepare lizeoaren paretak hertsi egin ditu. Horregatik, 36. edizio honek bildu dituen sosek haiek handitzeko eta Baionako Estitxu Robles kolegioko berritze lanetarako balioko dute.

Horrekin aski ez, poxeluak poxelu, Seaskaren 37. ikastola zabaltzeko menturan dira datorren ikasturterako: Arbona-Ahetzekoa (Lapurdi). «Estatuak ito eta beldurtu nahi bagaitu ere, guk beti aitzina segituko dugu, eta, horregatik, irailean ikastola berria irekiko dugu», esan du pozik Gorostiagak. Hastapenean, ama-ikastola bakarrik izanen da Arbonan; aitzinago, lehen maila Ahetzen. Hala, 4.000 ikasle izanen dira Ipar Euskal Herriko ikastoletan irailean; duela 11 urteko kopuruaren bikoitza, hain zuzen ere Paskal Indok lehendakaritza hartu zuenean. Alta, utziko du postua «fiertatea eta umiltasuna» sentitzen: «Ez da militante batendako kargu ederragorik». Baina, lana ere bada egiteko: Ipar Euskal Herriko ikasleen %10 baizik ez baita ikastoletan: hala, hirukoiztea dago jomugan, eremua euskalduntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.