PROPOSAMENAK

30 urtez umorea antzezten

Araiako Umorezko Antzerki Jaialdiaren 30. aldia ospatuko dute asteartera bitarte. 'Familia Sarekada' antzezlana aurkeztuko dute gaur, 22:30ean, Arrazpi Berri kiroldegian

'¡Dale Ramon!' antzezlana. ARAIAKO UMOREZKO ANTZERKI JAIALDIA.
unai etxenausia
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
30 urte bete ditu Araiako (Araba) Umorezko Antzerki Jaialdiak. Atzo hasi eta asteartera bitarte ospatuko dute herrian. Herrialdeko beste hainbat txokotan 27ra arte iraungo dujaialdiak. Lehenbizikoz, Jaione Azkona aktoreak hartu du jaialdiko zuzendaritza, Javier Alkortak agur esan baitie zuzendari lanei.

Porpol antzerki taldeak 1994an gauzatu zuen Aiaraldean umore antzerkiaren jaialdi bat antolatzeko ametsa, eta, ordutik, antzerkizaleek hutsik egin gabe izan dute proposamen bat Arabako ibar horretan. Hala, hiru hamarkada betetzera heldu da jaialdia. Kalean, barruan, haurrentzat, helduentzat, euskaraz, gazteleraz, Euskal Herriko produkzioak, nazioartekoak... Urte guztiotan, jaialdia hazi egin da kualitatiboki eta kuantitatiboki. Aurten ere izen handiko konpainiak izango dira jaialdian.

Hamabi antzerki konpainia izango dira Araian, eta zortzi antzezlan eramango dituzte Arabako 23 herritara. Arrazpi Berri kiroldegiak hartuko ditu barruko jaialdiko ikuskizun garrantzitsuenak. Egunero 22:30ean hasiko dira antzezlan guztiak.

Herenegun abiatu zen jaialdia. Alfredo Sanzolek zuzendutako La Ternura obra arrakastatsua gozatu zuten arabarrek. Gaur, berriz, Familia Sarekada euskarazko komedia ikusi ahal izango da, Vaiven konpainiak gidatuta. Gaur espero da jende gehien.

MyL2.0 obra antzeztuko dute gaur, Mariana Collado eta Lucio A. Baglio dantza eta komedia bikoteak. «Zer eman diezaioke dantza espainiarreko dantzari batek dantza garaikideko dantzari bati, eta alderantziz? Nola ulertzen dute elkar mugimenduaren bidez komunikatzen diren baina hizkuntza desberdinetan mintzatzen diren bi pertsonak? Zer harreman dugu desberdina den horrekin? Zertan dugu antza eta zerk hurbiltzen gaitu bestearengana?». Horrelako galderei erantzun bat ematen saiatuko dira.

Bihar, berriz, Las XL-k ikuspuntu feministatik sortutako Degenerate mucho obra aurkeztuko dute. «Nori bururatu zitzaion dena bitan banatzea?» galderarekin aurkezten dute antzezlana. Argudioz beteta dagoen, baina bereizgarri dituzten umorea eta zuzeneko musika alde batera uzten ez dituen ikuskizuna da. Kontraesan pertsonal eta kolektibo, zein «inposizio eta errebeldia festa batean» parte hartzera gonbidatzen duten ikuslea.

Los Absurdos taldearen Gruyere lanak emango dio amaiera jaialdiari etzi. Ernestok eta Mariak bankuarekin dituzten zorrak ordaintzeko biziko duten epopeia kontatzen du.

Urtero legez, kaleko antzezlanak ere izango dira egunean zehar. Araian kaleko ikuskizunak eskainiko dituzten zazpi konpainiek Arabako beste herri batzuetan antzeztuko dituzte beren lanak: La Nordika konpainiaren Candido, Trapu Zaharraken ¡Dale Ramón!, Jimena Cavallettiren Mecha, Ramiro Vergazen Whitte Bottom...

Hori gutxi balitz bezala, 30. urteurrena ospatzeko, edizio guztietako material grafikoarekin erakusketa bat antolatuko dute Araian bertan; jaialdiaren urteotako historia erakutsi nahi dute bertan.

Jaialdirako sarrerak eta abonuak www.jaraialdia.com webgunearen eta Entradium plataformaren bidez eskuratu ahal dira.

Umorezko Antzerki Jaialdia



Asteartera arte, egun osoan,Araian (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.