250 urtez erakusten eta sortzen

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena ospatuko dute irailean. Astero, hainbat diziplinatan trebatu nahi duten milaka ikasle hartzen ditu eskolak.

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola, kanpotik. UNAI ETXENAUSIA
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola, kanpotik. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak 250. urteurrena ospatuko du irailaren 21ean. Gasteiztarren belaunaldien prestakuntza artistiko eta teknikoan izan duen funtsezko eginkizuna nabarmentzen duen mugarria da. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen, 1774an. Marrazketa eskola gisa abiarazi zuten, eta, ikerlari batzuen arabera, Zapatari kalearen inguruan zegoen. Hortik aurrera, lekuz aldatu zuten, eskola kaleko eraikin batean kokatu zuten arte; egungo kokapenera heldu aurreko azken geldialdia izan zen hori. Eskolak 101 urte eman ditu egungo kokapenean, Peñafloridako Kondearen plazan. 1923an inauguratu zuten, Arte eta Lanbide Eskola hartzeko espresuki egina. Ordutik, urtez urte, ehunka ikasle igaro dira bertatik. Erakundea kultura eta hezkuntza zutabea izan da hirian, mende askoan izandako aldaketa sozial eta teknologikoetara egokituz.

Urteurrena, beraz, ez da soilik haren historia aberatsa gogoratzeko aukera bat, baizik eta baita haren bilakaeraz eta komunitatean izan duen eraginaz hausnartzekoa ere, Gasteizen sormenerako eta berrikuntzarako ezinbesteko gune gisa duen ondarea sendotuz. Duela hamar urte, 240. urteurrenean, Eusko Legebiltzarrak Gasteizko Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen eskola; ikastetxeak ordu hartan eman ahal izan zuen poz apurretako bat izan zen, krisi ekonomikoak ia adierazpenik txikienera murriztu baitzituen data esanguratsu horretan aurreikusitako ekintzak. Ikasle eta irakasleen bultzadari esker gauzatu ziren gutxi horiek.

Arte eta Lanbide Eskolako ikasle bat. JUANAN RUIZ / FOKU
Arte eta Lanbide Eskolako ikasle bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU

Bi mende eta erdi hauetan zentroaren historia eraiki duten hamaika ikasle ezagun pasatu dira bertatik: Justo Antonio Olagibel eta Julio Sarasibar arkitektoak, Ignacio Diaz de Olano margolaria, Juan Luis Moraza eta Koko Rico eskultoreak, Modesto Lomba diseinatzailea... Manuel Iradier esploratzaileak berak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen.

Gaur egun, esentzia mantentzen badu ere, moldatu eta eraldatu egin dituzte eskolaren helburu nagusiak. Ez du jada, adibidez, 70eko hamarkadan Informatikako eskolak ematen hasi zen lehen lekuetako bat izatera eraman zuen lanbide heziketarako grina hori.

Are gehiago, hirian hain garrantzitsuak bilakatu diren gizarte etxeak zabaldu zituztenetik, jende askok zalantzan jarri zuen eskolaren jarraitutasunaren beharra. Hala eta guztiz ere, 250 urte hauetan bizi izandako kanpoko eta barruko gorabeherei aurre egiten jakin du eskolak. Hiriarentzat ere berebiziko garrantzia duen erakusketa gunea da gaur egun ere. Bai ikasleentzat, baina baita kanpoko artistentzat ere.

Arte eta Lanbide Eskola, beraz, erreferentziazko ardatza da Arabako hiriburuaren historiarako; izan ere, zentro horren helburu nagusia da 2024an «nahi duen edonor artearen, sorkuntzaren eta gozamen artistikoaren mundura hurbiltzea, bere ikasgeletan egunero gertatzen den sentsibilitate-ariketaren bidez». Hala jasotzen dute gaur egun patronatua osatzen duten erakundeek, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. Bi horien aurrekontuetatik eta ikasleek matrikulen bidez ematen dutenetik —ikasleak dira bigarren finantzaketa iturririk garrantzitsuena Udalaren atzetik— ateratzen da ikastetxearen urteko aurrekontua.

Ospakizunik gabe

Urteurren ospakizunik, baina, ez da egon oraindik, maiatzean urteurren jairik gabe geratu baitziren ikasleak, patronatuak oztopoak jarri ondoren prestatutako egitaraua bertan behera utzi behar izan zutelako. Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako ikasle asanbladak maiatzaren 18rako iragarri zuen eskolaren 250. urteurrena ospatzeko jaia. Zenbait hilabete eman zituzten ospatzekoa zen jaialdia antolatzen; baina azkenean bertan behera utzi beharra izan zuten egitarau guztia, eskatutako espazioak erabiltzeko baimena ukatu baitie patronatuak.

«Argi dago patronatuak gure klaseetan geldirik, isilduta eta otzanak nahi gaituela», salatu zuten asanbladatik. «Baina hori bai, haien nahi izugarri garestiak, uzkurtzaileak eta autoritarioak gure diruz ordaintzen, bitartean beti 'ezin da' eta 'ez dago dirurik' esaka dabiltza». Martxoan ere, Arte eta Lanbide Eskolako ikasleek «gardentasun falta» egotzi zioten patronatuari zuzendaritza berria hautatzeko prozesuan; hartutako erabakietan «pribatizazio zantzuak» ikusten baitzituen ikasle asanbladak.

Miren Bitori Urkola Tapia eskolako ikasleak ere salatu zuen hautaketa ekainean BERRIArako idatzi zuen iritzi artikuluan: «Kezkagarria da pentsatzea patronatuak prebarikatu ahal izan duela hautagai jakin batzuei mesede egiteko, berdin eskolako irakasleak izan ala ez; horrekin batera, herritar guztion hizkuntza eta kultura eskubideak urratzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.