Diziplinen arteko mugak gaindituko ditu Erriberriko Antzerki Jaialdiak (Nafarroa), ostiraletik abuztuaren 4ra bitarte. Jaialdiak 25. urteurrena ospatuko du, musika, dantza, zirkua eta antzerkia uztartzen dituen programazioarekin. Erriberriko jaialdiak 27 emanaldi programatu eskainiko ditu guztira. Antzerkiarekin batera, musika, dantza eta zirku ikuskizunak ere egongo dira 27 emanaldien artean, eta horietatik bakarra izango da euskaraz: 104 Haurra (Yarleku Teatro), Jokin Oregiren zuzendaritzapean.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren aurtengo aldia Pikazaren eta Goirizelaiaren zuzendaritzapean egindako hirugarrena da —La Dramatica Errante proiektuko kide dira biak—. Halere, hurrengo urtekoa izango da azkena, lau urterako kontratua sinatu baitzuten 2021eko abenduan. Hamaika proiektu aurkeztu ziren urte hartan, eta, lehendabizikoz, bi pertsonak osatutako zuzendaritza baten alde egin zuten kontratazio mahaiko arduradunek.
Antzezlan guztietatik hamalau emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte; zortzi Nafarroako konpainietakoak dira, ikuskizun bat nazioartekoa izango da, bi inklusiboak, bat euskarazkoa eta hiru irisgarriak. Aldi honetan, gainera, programazioa Tafalla, Beire, San Martin Unx eta, lehen aldiz, Pitillasera zabalduko da. Zuzeneko ikuskizun horiez gain, Erriberrin bi egoitza sortzaile, lau prestakuntza tailer eta artistekin eta kazetariekin bi topaketa egingo dira. 25. urteurrena ospatzeko ziklo bat ere programatu da: gala bat, hiru mahai inguru eta hiru erakusketa.
Egitarau zabala
Nafarroako Hitza-n aurreratu zuten gisan, egitarau berezi bat antolatu dute Erriberriko Antzerki Jaialdiko arduradunek 25. urteurrena ospatzeko. Pikaza eta Goirizelaia zuzendariek aitortza egin nahi diete haien aurretik jaialdiaz arduratu diren lantalde guztiei, baita eskertu ere jaialdian parte hartu duten profesional guztien lana. Mahai inguruak, erakusketak, tailerrak eta beste egingo dituzte, eta Marta Pazosek urteurrenerako egindako instalazio bat jarriko dute, gainera, Erriberriko Teobaldos plazan.
Aurten, esaterako, hamar ikuskizun programatu dira La Cavan, eta emanaldi guztiak 22:00etan izango dira. Ostiralean izango da lehena: Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean maskaren hizkuntzaren alde egiten duen Forever ikuskizuna. Larunbatean, berriz, Chevere konpainiak Helen Keller, ¿la mujer maravilla? aurkeztuko du, Xronen zuzendaritzapean. Azkenik, igandean, Moríos Cultura i Conflicte eta Teatre de l'Aurora taldearen antzezlana aurkeztuko dute.
Antzerki jaialdirako sarrerak asteartetik daude salgai. Besteak beste, Festivalteatroolite.es/eu eta Baluarte.com/eu helbideetan eskuratu daitezke.