Biologia

25 urte bete dira Dolly ardiaren jaiotzatik: zelula helduekin klonatu zuten lehen ugaztuna

1996. urtean klonatu zuten, eta gertaera hori mugarri izan zen biologian. Ian Wilmut eta bere lantaldeak sortu zuten, Eskoziako Roslin Institutuan.

Dolly, bere sortzaile Ian Wilmut zientzialariarekin.
Nagore Arin.
2021eko uztailaren 5a
16:21
Entzun

Batzuek ez dute gogoratuko; beste batzuek oroitzapen lauso batekin oroituko dute; eta beste batzuek, berriz, 1996. urtean izan zen mugarri garrantzitsu gisa proiektatuko dute. Horiek eta gehiago dira Dolly ardiak eragin ditzakeen oroitzapen ugariak: zelula helduekin klonatu zuten lehen ugaztuna izan zen, 1996. urtean jaio zen, eta ordutik 25 urte bete diren honetan, gertakari hark biologian izan zuen eragina nabarmendu dute.

Uztailaren 5ean jaio zen Dolly, ugaztun heldu baten zelula batetik abiatuta eta nukleo transferentzia deituriko prozedura bat erabilita. Gertakari hori mugarri izan zen biologian, eta, ez klonazioagatik bakarrik, enbrioiak informazio genetiko jakin batekin diseinatzeko ahala posible egin zuelako baizik.

Dolly sortzeko, ardi baten DNA hartu —adibidez, azaletik— eta beste ardi baten obuluari txertatu zioten, obuluak berez zekarren DNA kenduta. Hots, ardi bakar baten informazio genetikoa zuen obulu bat sortu zuten —ernaltze arruntean, arraren eta emearen DNA informazioak batzen dira obuluan—. Eta, hala, obulu hori beste ardi bati txertatuta jaio zen Dolly.

Iraultza gisa izendatu zuten haren jaiotza; izan ere, gertakari horri esker, aurrez esploratu ez ziren beste hainbat ate ireki zituzten mediku eta zientzialariek, batez ere birsorkuntzaren gaia lantzen duen medikuntzaren, biologiaren eta nekazaritzaren arloan. Hala adierazi du, adibidez, Lluis Montoliu ikerlariak: «Funtsezko gertaera izan zen biologiaren munduan, XX. mendean izan zen garrantzitsuenetariko bat. Erakutsi zuen garun, giltzurrun edo gihar baten zelula heldu batetik abiatuta, nukleoak enbrioi garapenaren urrats guztiak errepikatu ditzakeela».

Ian Wilmut eta bere lantaldeak sortu zuten, Eskoziako Roslin Institutuan, eta PPL Therapeutics lantegiak eta Nekazaritza Ministerioak finantzatu zuten. Mundu zabalean egin ziren ezagun, eta hedabide ospetsu ugariren albiste nagusi bilakatu zuten Dolly –1996. urtean jaio baldin bazen ere, 1997. urtean agertu zen lehen aldiz hedabideetan, haren berri lehen aldiz eman zutenean–. Eta hain izan zen zabala albisteak izan zuen hedapena, ezen telebista iragarki bat egin zuten Dolly ardiarekin eta hura egin zuten zientzialariekin. Beste hainbat hedabidetan ere trataera berezi batekin landu zuten gaia, eta Science aldizkariak urteko aurkikuntza gisa izendatu zuen.

Sei urte bizi izan zen

Dolly ardiak Roslin Institutuan igaro zituen goiz, arrats eta gau guztiak, jaio zenetik hil zuten arte. Bertan, umeak izan zituen Galesko ahari batekin, eta sei bildots izan zituzten: Bonnie, Sally eta Rosie bikiak, eta Lucy, Darcy eta Cotton hirukiak. Gero, 2001. urtean, artritisa diagnostikatu zioten, eta, denbora pasatu ahala, txarrera egin zuen. Azkenean, 2003. urtean hil zuten, artritisaz gain biriketan ere arazo ugari zituelako.

Hil zutenean, askok eta askok jarri zuten zalantzan bere heriotza, baina hil ondoren egin zizkioten azterketen arabera, biriketako minbiziaren ondorioz ahuldu zen Dolly. Roslin Institutuko zientzialarien esanetan, baina, Dolly ez zen gaixotu ardi klonatu bat izateagatik, eta nabarmendu zuten Dollyren gisako ardiek sarritan garatzen dutela gaixotasun hori, eta harekin ibili ziren beste hainbat ardiek ere gaixotasun bera garatu zutela.

Mugarri bat bai, baina zeren aurrekari?

Eztabaidaezina da mugarri bat izan zela Dollyren jaiotza, bai biologian izan zuen eraginagatik, bai albisteak mundu zabalean izan zuen oihartzunagatik. Baina, mugarri askoren antzera, askotariko iritziak eragin zituen. Beldurra erein zuen askorengan; izan ere, aurkikuntza hori zeren aurrekari izan zitekeen pentsatzen hasi ziren asko eta asko, eta buruan irudikatu zutena ez zitzaion jende askori gustatu: Dollyren jaiotza gizakien klonaziotik gertu kokatu zuten, eta, hori aurreikusita, horrelako jardueren aurka egin zuten.

Hain zuzen, saiatu ziren Dolly ardiarekin erabilitako metodo berbera gizakiekin ere erabiltzen, baina zorionez edo zoritxarrez, huts egin zuen. 2003. urtean egin zuten saiakera: hiru umeki sortu zituzten, baina bost hilabete bete aurretik hil ziren hirurak. Guztira, bost emakumerekin saiatu zen metodo hori jarraitzen, baina bakarra gelditu zen haurdun. Dolly ardiaren gertaeraren antzera, hiru umekien kasuak ere harrabotsa sortu zuen jendartean, eta klonazioaren gainerako zalantza ugari erein zituen. Hain justu ere, BERRIAk erreportaje batean bildu zituen esperimentu horren nondik norakoak, eta jendearen zalantza askotarikoak argitzeko kontzeptuen zerrenda bat osatu zuen. Lotura honetan irakur daiteke, amaiera aldean (Infografia, 2003).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.