Herritik jasoa herriari zabaltzeko. Asmo hark jarri zuen, berrogei urte atzera, Beasaingo (Gipuzkoa) Ostadar taldea dantzan. Jesus Mari Garatek sortu zuen Ostadar, 1984an, haurren dantza talde gisan —lehenengo urteetan behintzat—. Berrogei urteotan hasierako helburuari eutsi diote taldekideek: euskal kultura musikaren eta dantzaren bidez transmititzea eta berdintasunaren eta aniztasunaren aldarria egitea.
Taldearen forma, dena dela, aldatu egin da pixka bat; gaur egun, haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako dantza taldea baita Ostadar. «Talde plurala osatzen dugu, publiko osoarentzat zuzendua», kontatu du Xabi Meabe Ostadar dantza taldeko kideak. «Gure jardun gehiena herri mailakoa da, baina tarteka irteera batzuk ere egiten ditugu; eskualde eta Euskal Herri mailan betiere».
Xabi da Ostadar taldeko mutil bakarrenetako bat, eta, hortaz, erronka gisara ikusten du arazoa. «Hori dantza talde askotan gertatzen da; errealitate bat da. Saiatu behar dugu kulturako esparru guztiak denengana irits daitezen; eta erronka ez da dantza talde honena bakarrik, baizik eta gizarte osoarena».
Aurtengo urteurrenaren aitzakian, ostiral eta larunbat honetarako egitasmo berezi bat prestatu dute herrian: 24 orduz dantzan. Horixe izanen da, finean, egun oso batez eginen dutena: dantza. Hamabortz minutuko txandatan banatu dituzte 24 orduak, eta taldeka edo bakarka parte hartzera deitu dute jendea.
Bi aukera izanen dira egunean parte hartzeko: musikari gisa edo dantzari gisa. Batean zein bertzean izena eman beharko da, eguna zuzen antolatu dezaten, eta norberak jakin dezan noiz eta non dantzatu edo musikatu behar duen.
«Hutsuneak pixkanaka betetzen ari dira», dio Meabek. «Antolakuntzan ari garenak ere han izango gara, hutsunerik gertatuko balitz hura betetzeko». Dena dela, espero dute euren laguntzarik behar izan gabe txanda guztiak betetzea. Horretarako, baina, koordinazio «handia» behar dela dio, eta administrazio lanetan ari dira orain, guztia lotuta egon dadin biharko. «Itxaropentsu gaude; ondo aterako da», baieztatu du Meabek.
Bideluze plazan izanen da egitasmoa: bihar 20:00etan hasi eta etzi ordu berean bukatu arte. Ekitaldi herrikoia egin nahi dute; beraz, lotsa ahaztu eta parte hartzera gonbidatu dute jendea. Plaza dantzen katea, fandangoa, arin-arina eta jauziak dantzatuko dituzte, bertzeak bertze.
Maurizia
Ostadar taldearen berrogeigarren urteurrena ez ezik, Maurizia Aldeiturriagarena ere ospatuko dute, asteburuan 120 urte beteko baitira pandero jotzaile bizkaitarra jaio zela. Hortaz, ekitaldiaren barrenean tarte bat eskainiko diote Mauriziari, egindakoak eskertzeko. «Beti iruditu izan zaigu Mauriziak bere baitan hartzen dituela gure dantza taldea definitzen duten hainbat balio», azaldu du Meabek. «Herriak emandako dantzak herriari ematen zizkion Mauriziak, eta horixe da pixka bat gure dantza taldearen bidea».
Horrez gain, Mauriziak bere lekua lortzeko borrokatu behar izan zuen, eta horretan ere ikusten dute antzekotasunik: «Gu oso talde txikia gara, eta askotan gure lekuaren bila aritzen gara, mundu handiago batean. Elkarlana, konpromisoa eta gogoa behar dira, eta guk, zorionez, hortik nahikoa daukagu». Erromeria proiektua da Ostadarren urteurren egunekoa, eta, beraz, «ezinbestekoa» iruditu zitzaien Mauriziaren irudia herrira ekartzea.
24 orduko dantza katearen ondotik, larunbatean, besta jarraipena izanen dute Beasainen. «Zutik erromeria taldea etorriko da, eta kontzertua emanen dute», dio Meabek. «Gainera, sorpresa txikiak egongo dira 24 ordu horietan, parte hartzaileei egingo dizkiegunak». Izen ematea irekita dago oraindik, eta, beraz, Euskal Herri osoko jendea deitu du Meabek bihar Beasainera etortzera.