Osasuna. Adimen emozionala

24 ordu epaile?

2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Izenburuak dioen bezala, horrela dihardute askok eta askok: etengabean guztia epaitzen; inguruan dituztenen jokaerak epaitzen, besteen hitzak, ekintzak, erabakiak… Beti esan ohi da auzokoaren etxea gobernatzea errazagoa dela; erosoagoa ere bai, noski. Beste joera ohiko bat, berriz, norbera juzgatzea da: horrek ere energia dezente eskatzen du, berezitasun horrek etengabeko lanaldia eskatzen baitu; egia esan, ia gehienetan, astelehenetik igandera ere egin ohi da lan hori. Esandako hitzak, edo esan gabe gelditu direnak; hobeto egin zitekeena gogoratzea; lo gehiegi egiteagatik, gutxiegi; iragan edo etorkizunaz gehiegi arduratzeagatik, edo gutxiegi arduratzeagatik; pazientzia handiegia azaldu eta besteek errespetua galtzeagatik; pazientzia gutxiegi izan eta petralegi aritzeagatik…

Are gehiago, epaile denak inguruan gertatzen dena osorik epaitzen du; ezer egitekorik ez bada ere, juzgatu, balioetsi eta sailkatu beharra du; gauza guztiak, ongi edo gaizki, txarrak edo onak diren ebaztea da haren helburua. Nahiz eta norberarekin inongo loturarik ez izan, juzgatu; ezinbestean bete beharreko egitekoa bailitz.

Ufa! Nekagarria benetan. Izan ere, geldi ezineko konpultsio modura aritzen denean, epai-ebazpena emateko beharra sentitzen baita, egoera garrantzitsua izan edo azalekoa, norberarekin lotura izan edo ez. Pentsa ezazu sakonean, izango ez da nekagarria?

Okerrena da, ingurukoak nekatzeaz gain, etengabeko buru eta gogamen jarduera horrek norbanakoaren barne izatea, intuizioa eta bihotza lainotu egiten duela. Benetan sentitu, eta barruak esentzian behar duenaz jabetzerik ez du etengabeko epaileak, zurrunbiloan korapilatua baitago. Beharrezkoa al da hainbeste epaitzea? Ez al da garaia, dagoeneko, buruari atseden ematen hasteko? Alde ederra izango da, bai horixe!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.