24 emakumerentzako aitortza

'24 emakume' erakusketa jarri du Jakiundek Donostian, San Telmo museoko atarian. Zientziako, arteko eta letretako 24 emakumeri egindako omenaldia da bilduma. Horrez gain, solasaldiak antolatu dituzte erakusketaren harira.

Jakiunderen 24 emakume erakusketa
Donostiako Zuloaga plazan Jakiundek ezarri duen erakusketa. IÑIGO URIZ / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko otsailaren 14a
05:00
Entzun

«Bat, bi, hiru, lau, bost... harrapatuko zaituztet!», esan du 6-7 urteko umeak. Korrika dabiltza, 24 emakumeren irudien artean, metalezko zortzi panel zuriren atzean ezkutatuz. Panel bakoitzean hiru emakume daude, zientzian, artean eta letretan arrakasta izan dutenak. Guztira, zortzi panel: 24 protagonista eta 24 istorio. 24 emakume izena du Jakiundek Donostiako Parte Zaharreko Zuloaga plazan jarri duen erakusketak. Paneletan argazki handi bat ikusten da, eta, beheko aldean, protagonistaren izena eta ogibidea. Azpian, emakume bakoitzak bere sormenerako zuriune bat izan du, eta bakoitzak nahi izan duena idatzi du hor.

11:00ak dira, eta umeak jolas orduan daude. Era berean, jendea panelak ikusten ari da, eta oztopo dira umeen jolas parkean. San Telmo museoko atarian dago erakusketa; beraz, han sartzen eta handik ateratzen direnen begiradak bereganatzen dituzte irudikatutako emakumeek. Museotik aterata, Ana Zubiaga ikertzailea da lehendabizi ikusten dena, EHUko katedraduna genetika arloan. Argazkian, baserri zahar bateko pareta zuri baten aurrean ageri da eserita, mahatsondo bat ondoan duela. Irudiaren alboan QR kode bat dago, eta erronka bilakatu da hurbildu den adineko gizonarentzat. Hainbatetan saiatu da sakelakoarekin kodea irekitzen, eta, azkenean, lortu du. Bertso bat entzun da bat-batean, Donostiako hiru damatxo doinuaren antzekoa den melodia batekin. Emakume bakoitzak sormen lekua dauka bere panelean eta baita egitasmorako egindako bideo bat ere; Zubiriak hiru bertso sortu ditu.

Mariasun Landa, Conchi de la Rua, Teresa Catalan, Itziar Artiasaran... metalezko hirukien aurpegiei begiratuz, izen berri ezberdinak agertzen dira. Naroa Ibarretxe da irudikatutako emakumerik gazteena. Neuropsikologoa da, eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Garuna itsasoarekin alderatzen du, bata bestea bezain «zoragarria» dela aitortuz. Kasualitatez, itsasotik ehun metrora dago erakusketa, eta olatuak zakar dabiltza; bertara hurbiltzean gogor entzuten dira Pasealeku Berriko arroken aurka talkan. Otsailaren 21ean, asteazkenean, izango da Ibarretxe San Telmo museoan, Conchi de la Ruarekin batera; erakusketaren harira, Jakiundek hiru solasaldi antolatu ditu. Otsailaren 27an izango da hurrengoa, Helena Matute eta Itziar Alkortaren eskutik. Lehenengoa aurreko astean egin zuten; Lourdes Fañanas izan zen hizlari.

2022ko eta 2023ko egutegiak izan ziren erakusketaren hastapenak. Egutegi horietan paneletan agertzen diren 24 emakumeak izan ziren protagonistak. Jakeline Barker Jakiundeko kidea da, kazetaria ogibidez, eta argi du, emakumeei aitorpena egiteaz gain, belaunaldi berrientzat erreferenteak irudikatzea dela erakusketaren helburuetako bat: «Gaur egun arraroa egiten zaigu norbaiten amonarengan pentsatzea eta biokimikaria edo arrakasta handiko abokatua izan daitekeela konturatzea. Emakume horiek gizarteko arlo ugaritan ekarpen asko egin dituzte, eta, askotan isilpean egon arren, oso garrantzitsuak dira. Belaunaldi berriek emakume erreferenteak eduki behar dituzte». Agian, ezkutaketetan dabiltzan umeek, jolasteaz gain, ikasteko aukera izango dute Zuloaga plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.