Etorkizunari begira daude Ipar Euskal Herrian. Batzuk, kantonamenduetako bozen emaitzek ekarriko dutenaren esperoan; besteek, berriz, hauteskunde giroa alde batera utzi, eta etorkizun urrunago bati erreparatzen diote: 2040. urtea dute buruan. Radio Kultura Interneteko irratiak eta Kazeta.info egunkari digitalak elkarlanean antolatutako egitasmoa da Ipar Euskal Herria 2040: erronkak, eta hamasei lagunek geroaren inguruko gogoetak egiten dihardute.
INSEE Frantziako Estatistika Institutuak 2040rako egin duen aurreikuspen bateko datuak mahai gainean, «eguneroko errealitatetik abiatuta lurralde honen etorkizunari buruz gogoeta egitea» proposatu nahi dute bi hedabideek, Maite Ubiria Kazeta.info-ko editorearen hitzetan. Horrela, ekimenaren sustatzaileek arlo ezberdinak hartzen dituzten lau galdera planteatu dizkiete parte hartzaileei: lurraldea, kultura, hizkuntza, gizarte eremua eta garapen ekonomikoa dira gaietako batzuk. Astero-astero entzunez nahiz idatziz jarrai daitezke partaideen erantzunak Radio Kultura eta Kazeta.info-ren webguneetan. Egitasmoa amaitutakoan ere eskuragai izango dira parte hartzaile guztien gogoetak. Demografiaren inguruan galdetu diete lehenik, estatistika institutuak kaleratu zituen datuen harira. Txosten horren arabera, biztanleria %23 haziko da Ipar Euskal Herrian, eta batez besteko adina 42 urtetik 47 urtera aldatuko da.
Kulturaz eta ekonomiaz
Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren hitzetan, Ipar Euskal Herria «ez da segur aski nahi dugun bezalakoa izango». Dena den, gauza garrantzitsu bat azpimarratu du: «Tira dezagun euskararat, tira dezagun euskal kulturarat, bestela janen gaituzte». Eta euskararekin eta euskal nortasunarekin lotuta egin diete bigarren galdera. Populazio aldaketak bi arlo horietan sortuko dituen erronkak izan dituzte hizpide bigarren. Eneko Gorri ikasleak jendearen joan-etorriek eragiten dituzten ondorioak kudeatzeko «urrats tipien politika» aipatu du: elkarteen lana eta esku hartze pertsonalizatuak, esaterako.
Ixabel Etxeberria irakasleak, berriz, «formakuntza zentroen sortzea eta unibertsitatea garatzea» ikusten du erronka nagusienetako baten moduan, baita garapen ekonomikoa ere. Eredu sozialaz eta garapen ekonomikoaz ere jardun dute hamasei parte hartzaileek. «Bertako ekoizpena babestuz, jarduera ekonomiko pluralak bultzatu behar ditugu», dio Christinne Bessonart Senpereko auzapezak. Thomas Ergik, Biharko Lurraren Elkarteko langileak, laborantza ekologikoaren aldeko apustua egiten du: «Egun, jateko eta edateko aski badugu; baina 2040an? Gaurdanik behar dugu gure lurra zaindu, jakien ekoizpenean kalitatea bermatuz».
Azken gogoetari eutsiko diote aste honetan hamasei lagunek: Euskararen normalizazioaren bidean urrats eraginkorrak emateko zer nolako tresnak izanen dira beharrezko?. Egitasmoa amaitu ondoren ere, «herritarrei hitza emateko ahaleginak segida izan dezake», Ubiriak adierazi duenez.
Partaideen aniztasuna
Egitasmoko partaideak ere hainbat esparrutatik bildu dituzte antolatzaileek, «oreka ezberdinak errespetatzeko nahian». Indo, Bessonart, Gorri, Ergi eta Etxeberriarekin batera, honako hauek ari dira parte hartzen Ipar Euskal Herria 2040: erronkak egitasmoan: Claude Labat irakasle erretiroduna, Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, Peio Etxeberri Aintzart argitaratzailea, Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkaria, Jean-Baptiste Etxeto Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakaria, Patxi Oillarburu Euskal Gazteria elkarteko kidea, Adrien Kempf Bizi mugimenduko kidea, Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundearen sortzaileetako bat, eta Marie eta Bertrand Vio AEK-ko euskara ikasleak.
Komunikazioa
2040. urteko Ipar Euskal Herria dute hizpide hainbat arlotako eragileek
Etorkizuneko kulturaz, hizkuntzaz, gizarteaz eta ekonomiaz gogoeta egitea proposatu diete hamasei laguni
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu