Zientzia

2020: lau odisea Marten

Marte izango da aurten espazioko proiektu nagusien helmuga: AEBek, Europako Batasunak eta Errusiak —elkarrekin—, Txinak eta Arabiar Emirerri Batuek bidaliko dituzte misioak planeta gorrira, iraganean bizia izan zuela erakusten duten zantzuak aurkitzeko.

NASAren Mars 2020 ibilgailu esploratzailea Marten irudikatzen duen marrazkia. NASA.
jakes goikoetxea
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
MARTE
Bizitza arrastoak aurkitzera

Baliteke Marten bizi arrastoak aurkitzeko hamarkada izatea 2020koa. Lan handia egin dute NASA Ameriketako EstatuBatuetako Espazio Agentziaren Viking zundek, Curiosity robotak eta Mars Global Surveyor misioak. Marten badago ura, izoztuta bada ere, eta garai batean izaki bizidunak egon zitezkeela uste dute. Uste horiek baieztatzeko edo ezeztatzeko froga bila bidaliko dituzte aurten misioak planeta gorrira.

Uztailean eta abuztu hasieran egongo dira Lurra eta Marte beren orbiten posiziorik egokienean lerrokatuta Martera misioak bidaltzeko (26 hilabetean behin gertatzen da): 54 milioi kilometro egongo dira bataren eta bestearen artean, eta erregai gutxiago beharko da hara iristeko. Zazpi hilabete inguruko bidaia da. NASAk aukera baliatu nahi du Mars 2020 esplorazio ibilgailua bidaltzeko, uztailaren 17aren eta abuztuaren 5aren artean. 2021eko otsailaren 18an lur hartuko luke Marten.

Ikertu nahi dute ea Marte bizia edukitzeko moduko planeta bat izan zen eta mikrobioak bizi izan ziren. Noizbait pertsonak bidali ahal izateko esperimentuak ere egingo ditu: Marteko atmosferarekin oxigenoa sortzea, lurrerartzeko teknikak hobetzea...

Mars 2020 gai da lurra zulatzeko eta lur eta harri zatiak biltzeko. Asmoa da bildutako materiala metalezko hodi batzuetan gordetzea, hodiak zigilatzea eta Marteko leku jakin batzuetan uztea, zehazteko dagoen beste misio batek etorkizunean jaso eta Lurrera ekar ditzan. Noiz? 2030. urte inguruan. Jauzi handia litzateke Marte ezagutzeko.

ESA Europako Espazio Agentziak eta Roscosmos Errusiakoak ere badute asmoa aurten Martera joateko. Rosalind Franklin robot txikia bidaliko dute, Errusiako Proton suziri batean, berez uztailaren 26aren eta abuztuaren 11ren artean. 2021eko martxoaren 19an lur hartuko luke. Hala ere, ESAko ordezkariek onartu dute oso zaila izango dela epe horiek betetzea.

Robota gai da Marteko lurrazalean bi metroko zuloak egiteko eta materialak biltzeko. Gaitasun hori garrantzitsua da iraganeko bizi arrastoak topatzeko, egungo erradiazio baldintzetan ezinezkoa baita lur azalean bizi arrastorik topatzea.

Txina lehendik ere saiatu izan da Martera iristen. 2012an ez zuen lortu: txinatarren zunda zeraman espaziontzi errusiarra lehertu egin zen. Huoxing 1 bidaliko du uztailean edo abuztuan, orbitatzaile batekin eta esplorazio ibilgailu batekin. Bizi arrastoak bilatuko ditu Marten, lurraren analisi kimikoak eginda, besteak beste. Marteren lurrazalaren mapak ere egin nahi ditu Txinak.

Arabiar Emirerri Batuak ere joango dira Martera. Ez bertan lur hartzera, haren orbitara baizik. Orbitatzaile bat bidali nahi dute: Hope Mars Misssion. Orbitatzailearen funtzioa Marteko atmosfera eta klima aztertzea litzateke: zergatik ari den goi atmosfera galtzen eta zergatik ihes egiten dutenoxigenoak eta hidrogenoak, besteak beste.

EGUZKIA
Heliosfera eta poloak ezagutzera

Solar Orbiter zunda otsailaren 10ean abiatu zen eguzkira bidean. Zunda horren bitartez jakin nahi dute nola sortzen eta kontrolatzen duen eguzkiak heliosfera, hau da, eguzkiaren eremu magnetikoak eta eguzki haizearen partikulek eragina duten eremua edo burbuila. Eremu handia da, eguzki sistemako planeta guztiak hartzen baititu. ESA Europako Espazio Agentziak zuzendutako misio bat da, baina AEBetakoak ere, NASAk, parte hartze handia du.

Eguzkiaren ipar eta hego poloak erakustea izango da misioaren beste helburuetako bat, polo horiek ezezagunak baitira —ez dira ikusten Lurretik—. Zunda haien gainetik pasatuko da. Eguzkiaren barne egitura ezagutzen ere saiatuko dira, heliosismologia baliatuz.

Zunda eguzkitik 42 milioi kilometrora gerturatuko da gehienez, haren inguruan egingo duen orbitan (Lurra 150 milioi kilometro ingurura dago). Titaniozko ezkutu batek babestuko ditu kamerak eta gainerako tresnak. Mira batzuetatik zehar begiratu ahal izango dio eguzkiari. Ezkutuak badu berezitasun bat: animalien hezurren errautsez egindako geruza batekin babestu dute, tenperatura altuetan ez baita urtzen, askatzen eta degradatzen, eta zundaren tenperatura egonkor mantentzen baitu. Aurreko misioetan ere erabili dute.

Solar Orbiter maiatzean hasiko da lanean. Azaroan arituko da, ordea, bete-betean lanean, teleskopioa pizten duenean.

ILARGIA
Txinaren eta Indiaren helburu

Txinak ilargia du erronka. Jada hainbat espaziontzi eta robot bidali ditu Lurraren satelitera, eta han lur hartzea lortu du. Azkena Chang'e 4 misioa izan zen, iazko urtarrilean. Aurten Chang'e 5 misioa bidaliko du; helburua da ilargira joatea eta Lurrera ilargiko lurrarekin eta harri zatiekin bueltatzea. Ilargiko materiala ekartzea lortuz gero, hori egingo lukeen lehen misioa izango litzateke 1976tik: Sobietar Batasuna zenaren Luna 24 misioak 170 gramo lur ekarri zituen Lurrera. Hiru herrialdek baino ez dute lortu espaziontziren batek ilargian lur hartzea: AEBek, Sobiet Batasuna zenak eta Txinak. Ilargia ez da Txinaren erronka bakarra: aurten bertan hasi nahi du espazio estazio bat eraikitzen. Aurretik Long March 5B suziri espaziala probatuko du, zama astunak espaziora eramateko.

Indiak kale egin zuen 2019an. Irailean bidalitako misioa ilargiaren kontra lehertu zen, hego poloan lur hartzen saiatzen ari zela. Porrot mingarria izan zen herrialdearentzat. Misio berri bat jarri du abian, Chandrayan 3. Espazioaren Ikerketarako Indiako Erakundeak (Isro) aurten bidali nahi du, baina onartu du agian 2021ean izan beharko duela. Indiak garrantzitsua izan nahi du espazioan ere, eta aurten gutxienez 25 misio bidali nahi ditu espaziora, guztiak astronautarik gabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.