Bi bereizgarri ditu Richard Weindlingek (Glasgow, 1961): kazetaria da, eta Iruñean hogei urte daramatzan eskoziar bat da. Atzo bigarrenak eraman zuen Barañaingo (Nafarroa) liburutegian hitzaldi bat ematera: Disunited Kingdom: does Great Britain have a future? (Erresuma Banatua: Britainia Handiak badu etorkizunik?). Eskoziako independentzia prozesuaz aritu zen.
Erresuma ez da batua?
Erresuma Batua desegite prozesu batean murgildurik dago; komunikabideetan oso ohiko iritzia da hori. Urteetako prozesua da, baina urte luzez urpean egon da, eta erreferendumarekin batera atera da azalera. Ezezkoak irabazi zuenean, jende askok —independentistek ere bai— aukera galdu zela pentsatu zuten. Baina egun gutxira ikusi zuten errealitatea bestelakoa zela, ez zegoela atzera-bueltarik. Orain, gehienak independentziaren aldekoak dira.
Baina ezezkoak irabazi zuen.
Ni sortu nintzenean, Eskozian, independentziaren kontzeptua pentsaezina zen. 2011n, inork ez zuen ikusten independentzia lortzeko aukerarik. Baina erreferendumaren aurreko astean, baiezkoak irabaziko zuela uste genuen denek. Ez zen alderdi bati esker izan, herri mugimenduari esker baizik: ezkerrekoa eta erradikala. Hedabideak aurka izanda eta mundu guziak kontrako adierazpenak egin arren, %25etik %45era igo zen baiezkoa.
Orain zer gertatuko da independentistekin?
Erresuma Batuan hauteskundeak ditugu aurki. Alderdi laboristaren eta kontserbadorearen artean berdinketa izanen da, eta SNP hirugarren alderdia izanen da. Laboristek gobernatu nahi badute, gurekin kontatu beharko dute, eta gure baldintzak onartu. Horretaz gainera, hedabide ingelesak eta alderdi kontserbadorea eskoziarrekiko gorrotoa sustatzen ari dira. Hori independentzia nahi dugunontzat ederra da, gure sua pizten ari direlako.
Beraz, zartagina eskoziarren eskuetan dago?
Erabat. Dinamika horrek guziak banaketara garamatza.
Euskal Herrian posible ikusten duzu halako prozesurik?
2020 aurretik Eskoziak independentzia lortu dezakeela uste dut. Hemen ez naiz hain baikorra. Lehenbiziko urratsa Nafarroan erregimena aldatzea da, baina hori ere zaila ikusten dut.
Gaelikoz mintzo zara?
Ez.
Zer iritzi duzu gaelikoaren egoerari buruz?
Hiztunak oso gutxi dira, 50.000 inguru. Hizkuntzaren afera ez zen garrantzitsua izan erreferendumaren kanpainan, eta gaeliko hiztunak asko kexatu ziren. Euskara oinarrizkoa da Euskal Herriaren sentimenduan, eta gaelikoa eskoziarrenean, ez. Gainera, inoiz ez da izan Eskozia osoaren hizkuntza. Hegoaldean eta ekialdean eskoziera mintzo zen, baina XIX. mendean galdu zen.
Hemen, egoera ere ez da samurra, baina euskara ikastea erabaki zenuen. Zergatik?
Bi haur euskaldun zoragarri ditut. Guraso asko bezala, ikasketekin laguntzeko arazoak izanen nituelakoan hasi nintzen ikasten. Denbora neraman hemen, baina nagia nuen. AEK ikastetxean bertan eskolak ematen hasi zen, eta joan nintzen. Lan hori ezinbestekoa dela uste dut.
Kanpokoek bertakoek baino begirune gehiago dutela iduri du.
Ingelesaren erlijioa gaixotasun bat da. Jendeak gehiegizko garrantzia ematen dio. Ulergarria da gurasoek beren haurrentzako tresnarik egokienak nahi izatea, baina hori ez da tresna bakarra.
PAI ereduaz ari zara?
D ereduaren kopia merkea saltzen ari zaizkigu. Nafarroako Gobernuak, D ereduaren izen onaren eta arrakastaren jakitun, horren aurka egin nahi du, gurasoei sinetsaraziz PAI ingelesezko D eredua dela, baina ez da hala. Hasteko, ez dagoelako irakasle egokirik. D ereduak hobeki funtzionatzen du irakasle natiboak, kalitatezkoak eta, batez ere, euskararekin konprometitutakoak dituelako, baita material propioa ere. PAI eredua lardaskeria bat da. Barcinak ere esan zuen: D eredua suntsitzeko tresna bat da.
Hitzaldiak ingelesez ematen dituzu batzuetan. Zein da hemengo ingeles maila, zure aburuz?
Igotzen ari da, noski, baina ez administrazioari esker, norberaren esfortzuagatik baizik. Hemen ingelesak duen arazoa euskarak duen bera da: gaztelaniazko elebakartasunaren defentsa irmoa. Hizkuntza eskolan norbait bertako azentua egiten saiatzen bada, ikaskideek irri egiten diote. Hori frankismotik dator, kristauen tankeran hitz egiteko tradiziotik. Oraindik ere jarraitzen du bikoizketen kontuarekin.
Mundu osoak jakin beharko luke ingelesez?
Ez. Gaur egun, ingelesaren arazoa zera da, gehiegizko garrantzia ematen zaiola eta hura bezain erabilgarri izan daitezkeen beste hizkuntza batzuen ikasketa zokoratzen duela. Baina mundu guziak daki ingelesez; beraz, txinerak, adibidez, balio gehiago du gaur egun.
ATZEKOZ AURRERA. Richard Weyndling. Kazetari eskoziarra
«2020 aurretik izan gaitezke burujabe»
Iruñean bizi bada ere, ingelesa da haren lan hizkuntza. Irakasleei hizkuntzarekin laguntzen ibili izan da, eta orain ingurumen gaietan espezializatutako kazetaria da Weyndling. Independentista da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu