1970eko hamarkadari so

Horman Poster taldearen 'Iragan perfektua' antzezlana gaur egingo dute, Aulestiko udal aretoan

Egileek azaldu dutenez, «zuri-beltzeko memoria ariketa bat» da Iragan perfektua antzezlana. BERRIA.
2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Iraganari begiratu bat emango dio gaur Horman Poster taldeak, Aulestiko udal aretoan (Bizkaia). Zehazki, 1970eko hamarkada izango du hizpide taldeak; urtaldi hori hartuko dute ardatz Iragan perfektua antzezlanean. 21:00etan hasiko da ikuskizuna.

Igor de Quadra eta Matxalen de Pedro aktoreek parte hartuko dute antzezlanean; 1970eko hamarkadari buruz arituko dira, eta gogoeta egingo dute: «Nola gogoratu bizi izan ez duzuna? Imaginen bitartez? Zer gogora dezakegu? Imaginak baino ez?».

Antzezlan hori baliatuz, ariketa bat egin dute Horman Poster taldekoek: «Zuri-beltzean egindako memoria ariketa bat da Iragan perfektua antzezlana. Gure bizitza markatu zuen, baina, era berean, ezezagun zaigun 1970eko hamarkadan eginiko ibilbidea da». Besteak beste, garai horretako haurtzaroari buruz arituko dira Horman Poster taldekoak: «Nolakoak izan ziren haurtzaroko urte horiek?».

Aulestin antzeztuko dute gaur Igor de Quadrak eta Matxalen de Pedrok; ez da lana interpretatzen duten lehen aldia, ordea. Leioan (Bizkaia) estreinatu zuten Iragan perfektua, otsailaren 28an, Kultur Maratila aste kulturalean.

Aulestin ikuskizun gehiago ere emango dituzte, atzo hasi baitziren antzerki topaketak, eta larunbat honetan amaituko dira.

'IRAGAN PERFEKTUA'

Noiz. Gaur, 21:00etan.

Non. Aulestin, Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.