Egiaz eta begiaz

1964ko otsailak 24, Gasteizko ikastolaren lehen argazkia

1963ko abenduaren 4koa da Gasteizko lehen ikastola. Egun hartantxe hasi ziren haurrak Izaskun Arrueren etxera, euskaraz eskolatzera. Bi hilabete geroagokoa da, otsailaren 24koa, ikastola haren lehen argazkia. Bertan ageri diren zenbait lagunek garai hartako oroitzapenez hitz egin dute.

Ikastolako lehen ikasleetakoak, oraingo egunean: Iñaki Arriola, Pedro Elosegi eta Alberto Otsoa zutik. Makur: Itziar Lopez de Lacalle, Arantza Aranzabal eta Rafael Pikatoste. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Arantza Aranzabal, Iñaki Arriola, Pedro Ignazio Elosegi, Itziar Lopez de Lacalle, Alberto Otsoa eta Rafael Pikatoste bildu zaizkigu berriketan argazki zaharra berritzera. Gasteizko lehen ikastolako ikasleak dira, Izaskun Arrueren ikastolako erdigune gotorra.

1963ko abenduaren 4an hasi eta, lehen ikasturte hartan, hamalauren bat ikasle izan ziren Zerkabarren kaleko 9. zenbakian, Pikatoste-Arrue senar-emazteen etxean. Hala ere, neketan biltzen omen ziren ikasle guztiak egunero Izaskun Arrueren ikastolara.

Lehenbiziko argazkia

Elosegik dioenez, Zerkabarren kaleko ikastolako lehen argazkia behar du izan: «Urtebetetzea duzu, tartak salatzen duenez: Rafaelena [Pikatoste], Izaskun Arrue andereñoaren lehenengo semearena. Hiru kandela, hiru urte Rafaelek: 1964ko otsailak 24 da. Ikastola hasi eta bi hilabetera egina da argazkia. Hala ere, han ez gara ikastolako ume guztiok ageri, Rafaelen 3 urteko «kuadrilla» besterik. Argazkia arratsaldean egina da, eskola eta gero, gainerako umeak etxera joan zirenean». Argazkia eskuan, banan-banan identifikatu ditu neska-mutikoak. Atzean, ezkerretik eskuinera, Joseba Grajales, Arantza Martinez de Marigorta, Pedro Elosegi, Jabi Ugarte eta Alvaro Lopez Goikoetxea, nahiz Alvaro hura ikastolakoa ez izan; aurrean, jarrita, Idoia Ioldi, Itziar Lopez de Lacalle, Iñaki Arriola, Arantza Aranzabal, Aitor edo Asier, beharbada, Anakabe eta Rafael Pikatoste.

Haietan zaharrena zen Lopez de Lacalle. 5 urte zituen. Argazkiari begira, esan digu. «Horiexek ginen hasierakoak, gutxi-asko. Gero, ume berriak ere etorri ziren, eta beste batzuk, berriz, joan». Etorritakoetan, lehenengo ume haien senide txikiak: Itziar Lope de Lacalleren ahizpa Izaskun, Arantza Aranzabalen ahizpa Aintzane, Pedro Ignazio Elosegiren eta Iñaki Arriolaren anaia txikiak... Haurren kopurua hazi zenean, Izaskun Arrueren etxebizitza txiki, eta bestelako eraikina hartu zuen ikastolako gurasoek Gasteizen, Estibaliz Hiribidean.

Zerkabarren kalean

Itziar Lopez de Lacallek gogoan du nola heldu zen ikastolara, aita-amen eskutik lekua ikustera joana. Ordurako, dena den, eskolara hasita zegoen, etxe ondoko Florida eskolan eman baitzituen ikastolara hasi aurreko bizpahiru hilabeteak. «Izaskun ezagutzera eta tokia ikustera joan ginen, eta pertsona atsegina iruditu zitzaidan. Hasieran haur gutxi ginen han. Gero, gehiago». Hamalauren bat izateraino.

Arantza Aranzabali dagokionez, amak zuzendu zuen eskola hartara: «Bebarrura iritsi ginen, amak txirrina jo eta gogoratzen naiz esan zuela, eskaileretan behetik gora: «Izaskun, hor doa gure Arantza!». Lau solairuak oinez igo eta harrera egin zidan Izaskunek, eta gelara!».

Pedro Ignazio Elosegiren historiak badu istoriotik. Bihurri zetorren: «Gure amamak jatetxea zuen Mateo Moraza kalean. Casa Paco zuen izena. Oso kale bizia zen. 3 urte nituen, 4 urte betetzeko zorian. Trizikloa nuen, eta nire zaletasuna zen kale hartan dendaz denda joatea. Kaleko haurra nintzen, eta kale hura nirea zen. Arratsalde batean, bi ama eta umeren bat ikusi nituen, kanpotarrak nire buruaren arabera, kale hartakoak ez baitziren! Nire lurraldea inbaditzera zetozela iruditu zitzaidan! Ni, neure trizikloan guztiz ero, guztiz ume, bi emakume haien artean sartu eta erditik igaro nintzen. Carmen Jimenez zen haietako bat, gure amaren laguna, eta, askotan bezala, tabernara sartu zitzaion berriketan. Nire maliobra hura ere kontatu zion: «Ume zahar hauek! Beti endredoan! Hire horrek ere ia-ia harrapatu gintinan trastetzar horrekin!». Horretan, Carmen hark euskaraz ikasteko akademiaren berri eman zion gure amari. Akademia hartan ari zen bere semea, Joseba Grajales. Abendua zen, artean. Biharamunean, han non ginen ama-semeok, agindutako helbidean. Buruan sartuta daukat amarekin eskailerak igo nituela, txirrina jo genuela, Izaskun atera zitzaigula. Ez dago fantasiarik, horrelaxe gertatu zen bene-benetan».

Iñaki Arriolak ere gogoan du Zerkabarren kaleko ikastola, Izaskun Arrueren etxe hura. «Laugarren solairuan zen, ezkerreko atean: etxera sartu eta logela bana ezker-eskuin... Gogoratzen naiz ikasle berriak etorri ohi zirela, eta, beste batzuek, aldiz, ez zutela bertan segitzen. Jon eta Andoni Mendizabal, edo Garbiñe Aginako, adibidez, gurekin batera izan ziren, baina ez dakit noiz arte».

Alberto Otsoak Izaskun ez baina haren etxe-laguntzailea du gogoan, nola eskuan zerabiltzaten maletak ipurdi azpian ipinarazten zizkien… «Nik Zerkabarren kaleko akademia hura besterik ez nuen ezagutu, Estibaliz Hiribidekora ez nintzen joan. Gure etxetik aparte leku hura, eta gurasoek ondoko ikastetxera eraman ninduten». Eta hortxe bukatu zen harreman hura, bizpahiru urte iraun zuena.

Rafael Pikatoste Arruek egin zuen biderik laburrena, nahiz eta ez duen akorduan: «2 urte nituen! Zer dakit, bada, nik! Ez dut uste etxea eta eskola bereizten nituenik ere». Izaskun Arrueren seme zaharrenak, orduko ikasle ttikienak, ditu oroitzapen lausoenak.

'Martin txilibitu', 'Xabiertxo'

Hasierako ikasle haietan inork ere ez du ahantzia. Irakurtzen eta idazten ikasteko, Martin Txilibitu izan zuten gida. Lopez de Lacalle da kontari. «Lehenengo, letrak irakurtzen ikasi genuen. Gero, hitzak. Ondoren hasi ginen Martin Txilibitu hura irakurtzen. Koloretako txotxak erabiltzen genituen, eta haiek erabiliz letrak egiten genituen lurrean». Matematikako zenbakiak, berriz, barbantzuak, babarrunak eta botoiak manipulatuz osatzen zituzten, Izaskun Arruek Elbira Zipitriari ikasitako moduan.

Lopez de Lacalleren hitzak bere eginez, Arriolak dio Xabiertxo ere erabili zutela, «baina liburu hartatik, irakurtzen ondo ikasi eta gero hasten ginen». Elosegi ere oroitzen da: «Egipto eta Israelen arteko gerra izan zen garaian, egunkaria hartu eta gerrako berriak irakurtzen nizkion egunero Izaskuni!». 1967an izan zen delako gerra hori...

Itziar Lopez de Lacalle oroitzen da Enciclopedia erosi zuela, orduko ikasle guztiek erabili ohi zuten liburua: «»Biharko, halako eta halako ikasi behar dituzu buruz», agintzen zigun Izaskunek. Etxera joan, gaztelaniaz ikasi, eta biharamunean, gaztelaniaz ikasitakoa euskaraz azaldu behar genion!».

Gaztelania kezka

Institutura baino lehen ere, besterik ikasi zuten gaztelaniaz: kristau doktrina. Izaskunen etxean euskaraz errezatzen ikasi zuten. Katekesian, berriz, gaztelaniaz zen dena. Lopez de Lacallek gogoan du lehenengo jaunartzea prestatzen ari zen garaiko estutasuna: «Apaizak doktrinako galdera bat egin zidan. «Badakit erantzuten, baina beste hizkuntza batean». «A, bai?», apaizak, «eta zein hizkuntzatan?». «Euskaraz», nik, xalo eta inozo. «Bada, esan». Eta hasi eta buka esan nuen, euskaraz, osorik. Eta ume guztiak niri begira! Eta ni lotsatan! «Baina zu nongoa zara?». «Gasteizkoa, zu bezalaxe».

Itziar Lopez de Lacallek ditu oroitzapen zehatz gehienak. «Gogoratzen naiz, 9ren bat urte nik ordurako, udalekuak antolatu zituztela eta Lekarozera joan ginela, talde txiki batean. Gure lehenengo udalekua!». Gisa berean gogoan du Eibarren ere izan zirela. «Arraten, lehiaketa batean, betiko bostok. Komiki bat eman ziguten, mutu, eta guk hitzak jarri behar genizkion». Lopez de Lacalleren gogoa ez dabil oker. Handik urteetara, Peli Martinek Arrateko bilkura hartaz idatziko zuen bere oharretan, esanez haurron gurasoak pozik itzuli zirela handik, Gasteiztik joandako umeok sariren baten jabe ere egin zirelako.

1967-68 ikasturtean Izaskun Arrueren etxea utzi eta Estibaliz hiribideko ikastolara joan ziren ikasleak, Araban orain diren ikastolei bidea irekita.

Bitartean, memoria historikoaren lekuko zuzen eta zaindari ditugu lehen argazki hartan ageri zaizkigun lehen ikasle haiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.