DANTZA

1935. urtetik dantzatzen ez zen emakumezkoen sokadantza berreskuratu eta osatu dute Otxandion

Sukaldari eta garbitzaileen egunean dantzatzen zen, emakumeek jaietan libre zeukaten egunean. Otxandioko Urduri dantza taldeak eta Santurtziko Mendi Alde taldeak berreskuratu dute dantza, ia laurogei urteren ondoren.

Urduri dantza taldeko kideak soka dantza dantzatzen, 2017. urteko emanaldian. URDURI DANTZA TALDEA
jone arruabarrena
2021eko uztailaren 22a
13:05
Entzun

1935an dantzatu zuten azken aldiz Otxandioko emakumeek bertako sokadantza tradizionala. Orduz geroztik, bazirudien desagertuta zegoen traidizio bat zela, harik eta 2017. urtean Otxandioko Urduri dantza taldeko kideak Santa Marina jaietako ohiko emanaldian berriro dantzatzen hasi ziren arte. Orduko hartan, jende ugari hurbildu zen dantza ikustera, baina, Urduri dantza taldekoek azaldu dutenez, hainbatek aipatu zien dantzako zenbait xehetasun ez zetozela bat Durangaldeko gainontzeko herrietan egiten ziren sokadantzekin.

Izan ere, badira otxandiarrek sokadantza iurretarren antzera dantzatzen zutela baieztatzen duten dokumentuak. Orain, duela lau urteko dantza osatu dute, eta gaur dantzatzekoak dira, Otxandioko plazan. Koronabirusaren ondorioz, ordea, herrian dagoen egoerak ekitaldiko edukiera murriztera behartu du udala.

2017. urteko emanaldiaren ondoren, pandemiako konfinamendua baliatu zuten Urduri dantza taldekoek dantzaren inguruan gehiago ikertzeko, baina ez ziren hutsetik hasi. Izan ere, duela bost urte berreskuratu zuten sokadantza hark Santurtziko Mendi Alde dantza taldeko Mundi eta Andoni Flores anaiek Otxandioko taldeari egindako proposamen batean zeukan oinarria: antzinako sokadantza tradizionala birsortzea. Santurtziarrek, gainera, informazio baliotsua zuten haren inguruan.

Sabina Oiangurenek hainbat urrats erakutsi zizkien, eta, horrez gain, 80ko hamarkadan sokadantzaren inguruko informazio historikoa, ahozko testigantzak eta herriko hainbat abestiren partiturak bildu zituzten. Oianguren, hain justu, Otxandion sokadantza modu zaharrean dantzatu zuen azken belaunaldiko emakumea zen. «Ikerketa hau egin genuen garaian Sabina Oiangurenek kontatu zigunaren arabera, ematen du bazirela gutxienez berrogei urte errementarien sokadantza dantzatzen ez zela», azaldu dute Mendi Alde dantza taldekoek.

Tradizionalki, uztailaren 22an egin izan da sokadantza, Otxandioko Santa Marina jaietan. Gaur egun, jaien errepikapena egiten da, baina sokadantza dantzatzen zen garaian ez zegoen halakorik. Uztailaren 22a jaietako laugarren eguna zen: sukaldari eta garbitzaileen eguna. Emakumeek etxean igarotzen zituzten jaietako gainerako egunak, etxeko lanak egiten eta jaietako prestakuntza lanetan. Egun hura, ordea, berezia izaten zen etxeko andreentzat, askatasun arrasto bat ekartzen baitzien.

Soka luzea dakarren dantza

Otxandio, tradizionalki, errementarien herria izan da, eta hori dantza eta errituetan ere islatzen zen. Sokadantza, hain zuzen, olagizonak lanetik irteten zirenean hasten zen, arropa eta esku zikinekin. Emakumeak herriko garbilekuetan egoten ziren ordurako, eta gizonak, txistuak lagunduta, andreen bila joaten ziren, garbileku horiek lotzen zituen ibilbide bat osatuz. Herriko plaza zen azken geltokia, eta gizonak eta emakumeak batu egiten ziren han, Flores anaiek egin zuten ikerketaren arabera, «askotan, gogoz kontra, olagizonen usain txarragatik». Hala ere, beste testigantza batzuen arabera, emakumeak joaten ziren gizonen bila lantegira.

Santi Kapanaga otxandiarrak ere hori baieztatzen zuen. Haren hitzetan, orduan, emakumeei lanetik zetozen errementariak aurkezten zitzaizkien. Emakume bakoitzak gizon bat aukeratzen zuen, eta haren aurrean dantzatzen zen. «Burdinolak desagertzean eta fabrika modernoak eta kooperatibak funtzionatzen hastean, errementariak jada ez ziren joaten laneko arropekin, esku zikinekin eta aurpegi belztuarekin etxera. Orduan, garai zaharrak gogoratzeko, gizonak tailerrera joaten ziren, laneko arropa zikinak janzten zituzten, eta aurpegia eta eskuak zikintzen zituzten nahita, sokadantza egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.