Memoria historikoa

1813ko uda gogoratzeko lanean

Ingeles eta portugaldar tropek Donostia erre zutenetik 211 urte beteko dira bihar. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte tragedia hura jasan zuten donostiarrei omenaldia egiteko.

Donostia Sutan 1813 kultur elkartearen ekitaldia, abuztuaren 31 batean. DONOSTIA SUTAN 1813
Donostia Sutan 1813 kultur elkartearen ekitaldia, abuztuaren 31 batean. DONOSTIA SUTAN 1813
urtzi urkizu
Donostia
2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Bihar beteko dira 211 urte Ingalaterrako eta Portugalgo soldaduek Donostia suntsitu eta erre zutenetik, eta hiriko Parte Zaharrean tragedia hura gogoratuko dute. Batetik, Donostiako Udalak babesten duen egitarau ofiziala dago, eta bestetik, Donostia Sutan 1813 kultur elkarteak beste talde batzuekin batera antolatu duena. Josean Catalan Donostia Sutan 1813 elkarteko ordezkariak horren arrazoia azaldu du: «Ikusi genuen hutsune bat zegoela. Batzuek nahi zuten bezala kontatzen zen historia, epika militarrari lehentasuna emanez. Herritarrei egin zietena ezkutatuta gelditzen zen, eta horrela izan da berrehun urtez». Bigarren mendeurrenean sortu zuten Donostia Sutan 1813 elkartea.

Urte luzez Donostiako Udalak iragarritako ekitaldia izan da abuztuaren 31koa. Orain, berriz, bi egitarau eta bi ekitaldi daude. Donostia Sutan 1813 kultur elkarteak antzerki ibiltaria antolatu du biharko: San Bizente elizatik abiatuko dira, 20:15ean, eta Parte Zaharreko kaleetan barna ibiliko dira zuziak eskuan dituztela, Plaza Berrira ailegatu arte. Omenaldi bat eginez bukatu ohi dute.

Donostiako Udalak eta Donostia Festak erakundeak emandako babesarekin, Donostia 31 kultur taldeak egiten du ekitaldi ofizial eta militarra: bihar 17:00etan, kanoi hotsak entzungo dira Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren artean, eta tropak abiatu egingo dira; horren ondoren, indar aliatuak Zuloaga plazaraino joango dira. 19:00etan, Boulebarreko kioskoan, minutu bateko isilunea egingo dute. Hori amaitzean, Donostiako ereserki zaharra interpretatuko dute, eta gertaberritze historikoa egingo dute Parte Zaharreko kaleetan —Bretxan ere egingo dute antzezlana—. 21:30etan hasita hiriko hainbat elizatan kanpaiak jo, eta aukera izango da abuztuak 31ko prozesio zibikoa ikusteko. Parte Zaharrekoa San Bizente elizan hasiko da.

Abuztuaren 31ko ekitaldiak.
Abuztuaren 31ko ekitaldiak, 2022an. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Donostia Sutan 1813 elkarteak, bestalde, beste ekitaldi bat antolatu du irailaren 6rako: Zuzi martxa. Abuztuaren 31ko kalean egingo dute omenaldi ekitaldia, 20:00etan. «Ez zaigu iruditzen tragedia hura militarrez jantzita gogoratu behar denik», dio Catalanek. Elkarte horrek antolatutako ekitaldietan, herri palestinarra jasaten ari den genozidioa aipatuko dute. «Donostiak sarraski bat jasan zuen 1813an, eta bidezkoa iruditzen zaigu Palestinan jasaten ari diren sarraskia salatzea», diote elkartekoek.

Jone Auza Donostia Sutan 1813 elkarteko ordezkariak testuinguru historikoarekin lotu du hiriaren setioa: «Tropa britaniar eta portugaldarrak ez ziren Donostian sartuko Espainiako Gobernuaren eta armadaren baimena izan ez balute. Espainiakoak ere errudunak dira». Auzak gogoratu duenez, Francisco Javier Castaños jeneral espainiarrak agindua eman zuen Donostiako herritar guztiei «labana sartzeko». Hortaz, Donostia babesik gabe utzi zuten espainiarrek. «Espainiako armadak hiriaren suntsiketaren erantzukizun bera du. Mendeku bat izan zen hura».

Donostiako ehunka emakume bortxatu eta hil zituzten abuztuaren 31 hartan. «Emakumeak dira edozein gerratan gehien sufritzen dutenak. Sekulako sarraskia izan zen, eta tropa aliatuek basakeria galanta egin zuten», azaldu du Auzak.

Catalanen arabera, 1813an gertatu zena «serio eta sakon» aztertu beharko litzateke. «Donostiaren historiako gertaerarik garrantzitsuena izan zen: hiria desagertu egin zen».

Leclercqen liburu berria

Donostiako Udalak sustatuta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunotarako. Erakusketa bat jarri dute San Jeronimoko kriptan. Halaber, lau hitzaldi egingo dituzte; tartean, Jose Maria Leclercq Saiz historialariak El asedio de San Sebastián: Aquel verano de 1813 liburu mardula aurkeztuko du gaur, 19:00etan, kriptan bertan —845 orrialde ditu lanak—. «Liburu hau eromen hutsa izan da. Aitaren partetik jaso nuen gai honekiko harra, baina ez nintzen fio orain arte argitaratu zenarekin», azaldu du Leclercquek. «XIX. mendeko bizpahiru argitalpenetan oinarritzen zen historiografia gehiena, eta ez ziren datu gehiago gaineratzen. Bila eta bila hasi nintzen orduan». Memoria pertsonal ugari aurkitu zituen, gutunak, agiri ofizialak eta bestelako artxiboak. Beste historialari batzuek plazaratu ez zituztenak, gainera. «Hortaz, liburu honetan setioko protagonisten bizipenak jaso ditut: militarrenak eta herritarrenak». Kronologikoki ordenatu ditu bizipen horiek guztiak. «Liburuan 1813ko udari buruz kontatzen dena berritzailea da. Istorio txiki guztiek kontakizun erraldoi bat sortzen dute. AEBetan gertatu izan balitz, Hollywoodeko makina bat film egingo zituzketen».

Jose Maria Leclercq historialaria
Jose Maria Leclercq historialaria, joan den astean, Donostian, setioari buruzko bere liburua eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU

Bestalde, aurten bada beste berrikuntza bat 1813ko gertaerei lotua: Thomas Haigh (1769-1808) musikariaren The Siege of San Sebastian obraren partitura aurkitu dute Roman eta Ainhoa Garridok. Partituraren lehen zatia aurkitu dute, eta, hura erabiliz, kontzertu bat egin zuten igandean udalbatza aretoan. Leclercquek azaldu duenez, partituraren beste zatiak Britainiar Liburutegiaren funtsean daude, Londresen. «Horien kopiak bidaliko dizkigute, eta datorren urtean kontzertu bat egin ahalko da partitura osoarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.