160 urtez etxean

Aranzadi zientzia elkarteak Altzoko Handiaren «hezurduraren elementu gehienak» aurkitu ditu, Altzoazpiko hilerriaren hezurtegian. Azkenik, teoria bakarra gailendu da: Altzoko Handia etxean egon da beti.

Lanean. Aranzadi elkarteko kideek hiru egun pasatu dituzte indusketa lanetan. ARANZADI.
Amaia Jimenez Larrea.
Altzo
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Altzoko hilerria jendez lepo dago. Kamerak izkina guztietan, momentua ahalik eta ondoena harrapatzeko asmoz. Izan ere, egun garrantzitsua da. Altzoko Handiaren irudi erraldoi batek hartzen du hilerriaren atzealdea, inguratutako guztiek haren itxura eta handitasuna mires dezaten. Baina badago haren handitasuna miresteko are ikusgarriagoa den beste zerbait: haren hezurdura. Mahai baten gainean dago txukun jarrita, paperezko estalki batez ezkutaturik. Jendeak zirraraz begiratzen dio mahaiari, ezkutuan dagoena imajinatu nahian.

[Youtube]https://youtu.be/FoH_MkDo9qM[/Youtube]

Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurrak topatu ditu, hiru eguneko indusketa lanen ondoren. Abuztuaren 12an hasi zituzten lanak, eta abuztuaren 14an —ostirala— bukatu. Txomin Rezola Altzoko alkateak adierazi duen moduan, «arratsaldeko 16:15ean» aurkitu zuten lehenengo hezurra. Une berezia da hau Rezolaren hitzetan: «Oso albiste ona da, Altzoko Handiaren misterioa argitzen hasi baita».

Mahaiko paperezko estalkia kendu, eta hezurrak agerian geratu dira. Isilune berezi bat ere antzeman da giroan; kameren hotsa besterik ez da entzuten. Lurdes Herrastik hartu du hitza. Arkeologo lanetan ibili da espedizioan. Mahaian, Altzoko Handiaren tamaina bereko hezurduraren silueta bat dago, eta beltzez dauden hezurrak dira aurkitu dituztenak. «Hezurduraren elementu gehienak aurkitu ditugu, eta, oraindik ere, gehiago topa ditzakegu», adierazi du Herrastik.

Hezurren tamaina

Hezurren tamainak garbi erakusten du zer-nolako garaiera zuen Altzoko Handiak: 2,40 metro inguru. Hasieran, familiaren hilobian hasi ziren bilatzen, baina ez zuten ezer aurkitu. Hezurrak hezurtegian aurkitzeko esperantza zuen taldeak. Eta hala izan zen. Han aurkitu zuten, Herrastiren hitzetan, gainontzeko hezurren aldean «tamaina zeharo ezberdina» zuen hezur bat. «Aurkitu genuenean, izugarrizko sorpresa izan zen guretzat», azaldu du Herrastik.

Nahiz eta 160 urte geroago topatu, hezurrak oso egoera onean daude: bai 64 zentimetroko femurra, bai masailezurra eta baita bizkarreko ornoak ere, besteak beste. Akromegaliak beste gaitz batzuk ere ekarri zizkion Altzoko Handiari: osteoporosia eta min izugarriak sortzen zizkion artrosia.

Hain egun garrantzitsua izanik, Altzoko Handiaren familia ere bildu da hilerrira. Besteak beste, Pilar Unsain Elizegi, bosgarren belaunaldikoa. Familiak beti izan du erraldoiaren istorioaren berri: «Beti jakin izan dugu Migel Joakin handia zela», azaldu du Pilar Unsainek, baina ez zuten datu zehatz eta egiazkorik haren gorpuzkien inguruan. Duda zen nagusi familian: ea hezurrak egoera onean topatuko zituzten, eta han egongo ote ziren. Hala eta guztiz ere, Unsainek eta familako gainontzeko kideek «oso pozik»hartu dute berria. Esker ona adierazteko asmoz, lore sorta bat eman diote Unsaini, egia agerian geratu baita, azkenean.

Hezurrak topatuta, gero zer? Aranzadik txosten bat osatuko du; Altzoko Handiaren historia, aurkikuntzaren nondik norakoak, eta laborategiko lanaren azalpenak bilduko dituena. Txostena amaitutakoan, udalari entregatuko dio. Altzoko alkateak, Txomin Rezolak, hau esan du hezurren inguruan: «Familiarekin hitz egin beharko dugu aurrenik, baina oraindik ez dugu ezer erabaki».

'Handia'

Jon Garaño eta Aitor Arregi Handia filmaren zuzendariak ere izan dira Altzoazpiko hilerrian. Eurek zabaldu zuten mundura Euskal Herrian hain ezaguna zen istorioa.

Harriduraz jaso zuten Garañok eta Arregik indusketa lanen berria, eurak beste proiektu batzuetan murgilduta zeudela. Larunbatean jakin zuten hezurrak aurkitu zituztela, eta «telefonoari itsatsita» igaro zituzten orduak, aurkikuntza ofizial egin zen arte.

Garañok txikitatik izan du buruan Altzoko Handiaren istorioa, eta, filmari esker, hainbeste aldiz entzundako pertsonaia horren bizitzaren inguruan apur bat gehiago ikertzea lortu zuen. «Sentsazio berezi bat izan da hezurrak hor zeudela ikustea», esan du Garañok. Filma amaitu zutenean, bi zinemagileek pentsatu zuten Altzoko Handiaren hezurren inguruan dokumental bat egitea, garai hartan inork ez baitzekien non zeuden. Indarrean zeuden bi hipotesien berri izan zuten haiek ere, eta inkognita hutsa zen haientzat. Ziklo bat itxi zaie Arregiri eta Garañori ere: «nik uste dut bukaera hau hobea dela gure filmarena baino», esan du Arregik barre artean.

Egia gailendu da Altzon: Migel Joakin Eleizegi Arteaga, Altzoko Handia, ez zen inoiz jaioterritik atera. 160 urtez etxean egon zen, berak nahi zuen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.