Nazioarteko itsas kulturaren topaleku bihurtuko da bigarrenez Pasaia (Gipuzkoa), maiatzaren 26tik 29ra. 2018ko jaialdiaren «arrakasta» ikusita, Itsas Festibala jaialdi erreferentziala izatea nahi dute nazioartean itsas ondareari dagokionez. 2018an 110 ontzik parte hartu zuten, eta, aurten, 150 izango dira. «Lorpen handia» izan da hori, Xabier Agote Albaolako presidente eta Itsas Festibaleko zuzendariaren arabera. Gaur goizean eman dituzte xehetasunak, Pasaiako Juanba Berasategi kulturgunean egindako agerraldian.
Aurtengo berrikuntza nagusia da herriko lau barrutietan antolatuko dituztela ekintzak. «Pasaian hori beti da erronka bat, sakabanatuta baikaude», azaldu du Agotek. San Pedron egongo da itsas ondarearekin zerikusia duten «edukirik landuena», itsasontzi handiak bertan egongo baitira. 2018an, Kaskelot motako itsasontzia izan zen jaialdiaren ikurra, eta, aurten, ezaugarri antzekoak dituzten lau itsasontzi handi izango direla aurreratu du Agotek. Beste batzuen artean, Bresteko (Bretainia) XIX. mendeko La recouvrance zurezko ontzia eta duela ehun urte baino gehiago Normandian (Frantzia) eraikitako Marité, 45 metro inguruko ontzia. Azken hori Islandian eta Ternuan bakailaoa arrantzatzeko eraiki zuten.
Lehorrean, itsas ondarearen elkarteak, Euskal Itsas Museoa eta beste hainbat erakunde egongo direla adierazi dute, eta lanbide tradizionalak ezagutzeko aukera ere egongo dela. Trintxerpen, adibidez, elkartasunarekin lotutako eragileak egongo dira: Aita Mari elkartea, besteak beste. Itsasontzia bertan izango ote den ez dakite oraindik, baina elkarteak erakusketa bat jarriko du bertan. Horrez gain, ingurumenarekin harremana duten erakundeak ere Trintxerpen egongo dira, Pasaiako Mater itsasontzia, kasurako. Donibanen, berriz, itsasoarekin zerikusia duten artisauak egongo dira, eta bertan egongo da festibalaren bulego teknikoa ere. Azkenik, Pasai Antxon kontzertuak egingo dituzte, gainerako hiru barrutietan bezala.
Itsas ondareari balioa emateko
Izaskun Gomez alkateak adierazi du Itsas Festibalaren gisako ekintzei esker Pasaia «euskal itsas ondarearen erdigune bilakatu» dela, eta jaialdiak garrantzi handia duela bai herriarentzat eta bai nazioartean ere: «Jaialdiaren indargunea da lurraldeko eragile sozial, ekonomiko eta kulturalak biltzea eta horiek guztiak abiarazteko plataforma izatea». Jaialdia antolatzeko 700.000 euro inguruko aurrekontua dutela azaldu du, baina ez dutela baztertzen babesle gehiago lortzea. Horrez gain, nabarmendu du «itsas ondarea kultura dela», eta salatu du instituzioek sarri ahaztu egiten dutela hori. Jaialdian parte hartzeko deia egin du: «Ezinbestekoa da honelako proiektuak antolatzea, kultura eta turismoa elkartzeko».
Bestalde, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Diputatuak azaldu du jaialdiaren indarguneetako bat «kulturaren eraldaketarako gaitasuna eta desberdinen arteko lotura» bultzatzea dela. Horrez gain, nabarmendu du herriak itsasoarekin izandako lotura mantentzen lagunduko duela: «Euskal kostaldeko gainerako herrietan bezala, itsasoarekin mendeetan izandako harreman estua galduz joan da hemen, eta beharrezkoa da berreskuratzea».
Datozen asteetan emango dituzte egitarauari buruzko zehaztasunak.