120 urte gizartea islatzen

1902ko urriaren 5ean ireki zuten Donostiako San Telmo museoa. Baserriari lotutako ondarea bildu zuen lehenik, eta euskal gizartearen aldaketen ispilu izan da gerora, garaian garaiko gaiei heldu dietelako hainbat eragilerekin elkarlanean. Urteurrena ospatzeko, urrian doako bisita gidatuak egingo dituzte.

Urteurrena dela eta, bisita gidatuak antolatu dituzte urriko astearte, larunbat eta igandeetan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Maiestateak, haren gizon itxura ikusirik, esan zuen hura ez zela emakume bat, eta ez zuela ematen sekula emakumea izan zenik», hala gorde zuen Donostiako San Telmo museoaren irekiera ekitaldiko kronika batek Espainiako erregeak Katalina Erausoren erretratua ikustean esandakoa. Duela 120 urteko kronika da, eta ondo gordeta dauka Susana Soto museoko zuzendariak paper artean, garai hartako pentsamenduaren ispilu delako: «Kronika hauek bere garaian kokatu behar dira, eta San Telmoko gauza guztiekin hori gertatzen da: beti gizartearen parean doala».

Asteazkenean 120 urte bete zituen museoak, 1902ko urriaren 5ean inauguratu baitzuten. Zuzendariak uste du «sekulako zortea» dela museoa hain goiz sortu izana, ondare «oso aberasgarria» dagoelako orain urte horietako errealitatea azaltzeko. Horixe da, beste gauza batzuen artean, Donostiako San Telmo museoa: euskal gizartearen erradiografia bat, denboran zehar.

Andia eta Garibai kaleen arteko eraikin batean ireki zuten museoa, baina bi urte lehenago sortu zen ideia, Sociedad Economica Bascongada de Amigos del Paiselkarteak Donostiako Udalari museo bat sortzeko ideia aipatu zionean. Izan ere, XX. mendearen hasiera zen, belle époque-aren garaia, eta Donostian hasiak ziren bertako jendea entretenitzeko moduak bilatzen. Giro horretan jaso zuen udalak proposamena, eta baietz esan zuen. Baina ez zeukaten ez dirurik eta ez funtsik museo bat irekitzeko.

Hori ikusita, garai hartako alkate Jose Machimbarrenak hiritarrei ekarpenak egiteko deia egin zien; etxean zerbait baliotsua izanez gero, dohaintza edo depositu gisa uztea proposatu zien, museoaren parte izateko. «Dinamika bat jarri zen martxan, urteetan iraun duena: San Telmoren ondarea eta funtsaren zati nahiko handi bat dohaintza edo deposituak izan dira, beti egon da mugatuta erosteko», adierazi du Sotok. Madrilgo Prado museoan, esate baterako, eskaera egin zuten pieza batzuk San Telmora eramateko, eta sorreraz geroztik museoan dauzkate; baita irekiera kronikak aipatzen zuen Katalina Erausoren erretratua ere.

Pixkanaka, handituz eta sendotuz joan zen museoa, eta 1911n, Urdaneta kaleko eraikin batera pasatu zuten, udal liburutegiarekin eta Lanbide eskolarekin batera. 1932an lekualdatu zen museoa San Telmoko domingotarren komentura, gaur egun dagoen tokira. Izan ere, hiriko udalak erosia zuen eraikina, eta horretarako prestatzen ari zen.

Hasierako urteetan, baserriari lotutako piezak ziren nagusi San Telmon, baserri mundua aldatzen ari zelako eta hiriak hazten ari zirelako. «Lehen urteetan kezka hori azaldu zen: gure identitatea, hain mitikoa den euskal mundua, desagertzen ari da, eta hori sartu behar dugu museoan», azaldu du zuzendariak.

Erakunde eta adituen etxea

Ondarearen gordeleku ez ezik, ikerketarako eta lanketarako lekua ere izan zen museoa urte batzuetan, hainbat erakunde eta aditu aritzen zirelako bertan lanean: Aita Barandiaran, Telesforo Aranzadi, Aranzadi zientzia elkartea... Urte «oso oparoak» izan ziren museoarentzat, zuzendariaren arabera: «Horrek indar handia ematen zion museoari; bestela, langile kopuruaren aldetik, beti estu antzera ibili da. Baina arlo zientifikoa beste modu batean betetzen zuen entitate horiek eraikinean egoteak».

Denborarekin, ordea, aditu horien jardunak museoak erakusketak egiteko eta modernizatzeko zituen beharrak mugatzen zituen. Horregatik, erakunde horiek kanporatzea erabaki zuten, eraikin osoa museo gisa geratu zedin. Baina erabaki horrek ez zuen dena konpondu, «definizio falta bat» sortu zelako: zer egin museoarekin? Bertako ondarea baserriarekin lotuta zegoenez, museo etnografiko bat sortu? Edo ondare hori erabilita beste gai batzuk ere landu?

Azkenean, urte batzuetan gogoeta egin eta hainbat eredu landu ondoren, erabaki zuten San Telmo Euskal Gizartearen eta Herritarren museo bilakatzea. Eraldaketa hori egiteko, 2007an, itxi egin zuten museoa, eta proiektu arkitektoniko bat jarri zuten martxan, bi helbururekin: batetik, eraikin zaharra birgaitzea —komentua XVI. mendekoa delako—, eta, bestetik, eraikin berria egitea.

Eredu berria lantzean, bildumari zer itxura eman pentsatzen aritu ziren, eta erabaki zuten euskal gizarteari buruz hitz egiteko erabiliko zutela. Gizarte museo baten ezaugarriak azaldu ditu Sotok: «Alde batetik, piezak ez daude diziplinaren arabera antolatuta. Gizarte museoek diskurtso bat antolatzen dute, eta ondarea diskurtso hori helarazteko erabili». Hortaz, zabaldu nahi duten mezuaren arabera antolatzen dituzte atalak.

Lau urtez itxita egon ostean, 2011n ireki zuten museoa gaur egungo itxurarekin. Zati berria Urgull mendian oinarrituta eraiki zuten, eta erabat lotuta dago eraikin zaharrarekin: museoan barrena, konturatu gabe pasatzen da bisitaria eraikin berritik zaharrera, eta alderantziz. Erakusketa iraunkorrean, adibidez, baserriari buruzko azalpena komentuko zatian dago, eta oharkabean, eraikin berrian, industrializazio garaiko azalpena ikusten du bisitariak. Uneko erakusketekin ere gauza bera gertatzen da: bi eraikin dira, baina bat eginda daude.

Edukiei dagokienez, argi izan zuten museoaren helburua ondarearen bidez Euskal Herriko historia lantzea zela. Ez zuten gerretako historia landu nahi, ordea: «Ez genuen landu nahi gudekin lotutako historia edo militarra, baizik eta nola aldatu den gure gizartea hasieratik gaur arte, zer aldaketa egon diren eta zer elementu izan diren interesgarriak gaur garen bezalakoak izateko», zehaztu du zuzendariak.

Ondarea, kezkei begira

Bost gai edo ardatz zehaztu zituzten gizarteko erronkak aintzat hartuta: Europa, giza eskubideak, feminismoa, bakea eta ingurumena. Eta horien barnean aukeratzen dituzte azpigaiak, gero erakusketak sortu eta jarduerak antolatzeko. Heriotzari buruzko erakusketa sortu zutenean, esate baterako, erritua nolakoa zen eta nola aldatu den azaldu zuten, ondaretik abiatuta. Gero, ordea, beste kulturetan gaia nola lantzen duten azaldu zuten, eta hamaika jarduera antolatu zituzten gaiarekin lotuta: gazteak eta suizidioari buruzko hitzaldia, eskoletan dolua lantzeko materiala... «Hori da gure eredua: gure ondarea lantzea, baina gaurko kezkekin harremanetan».

Gizartearen ispilu izateko, eta bertako kezkak jasotzeko, ezinbesteko bi gako aipatu ditu Sotok: gaurkotasuna eta gizarteko eragileekin elkarlana. Izan ere, etengabe egon behar dute gizartean gertatzen denari begira, eta, gai bat lantzea erabakitzen dutenean, inguruko eragileengana jotzen dute. «Gai bakoitza lantzeko, urte osoan bizpahiru erakunderekin harremanetan egoten gara. Azken batean, haiek sortzen dituzte ezagutzak». Giza eskubideez aritzeko, adibidez, EHUra edo Deustuko unibertsitatera jotzen dute, eta ingurugiroaz jarduteko, Cristina Enea fundazioarekin batera aritzen dira.

Ondarea zaintzen egindako lana eta eragileekin sortutako harreman sarea ditu Sotok azken urteetako ibilbidearen lorpentzat: «Lortu dugu sare bat sortzea gure gizartearekin, eta asko aurreratu dugu ondarea zaintzen». Hain zuzen, harreman horiek mantentzea eta posible balitz horietan sakontzea da museoak etorkizunerako daukan erronka.

Aurrera begira, ez dago jakiterik museoak zer itxura izango duen, edo zer gai landuko dituen. Izan ere, ezinezkoa da jakitea gizarteak bost urte barru zer erronka izango dituen: «Nola aldatuko da gizartea? Ba maila horretan aldatuko da museoa ere», esan du Sotok. Dena den, ez dauka zalantzarik: «San Telmo hor egongo da, ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.