113. iritsi direnen garaipena

Ia lau hamarkadako prozesuaren ostean, iazko abenduan lortu zuen Usansolok udalerri izendapena ofizialki, eta hori ospatzeko antolatu dute Lortu Dugu Eguna.

Usansolo udalerri bilakatu dela ospatzeko, Lortu Dugu Eguna ospatu dute. ARITZ LOIOLA / FOKU
Usansolo udalerri bilakatu dela ospatzeko, Lortu Dugu Eguna ospatu dute. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Usansolo
2024ko martxoaren 9a
17:30
Entzun

Independentzia. Lau hamarkadako kiribil, bihurgune eta harresi burokratiko eta politikoak gurutzatu behar dira hura lortzeko, lehenik, baina, gero, txakolin botila bat ireki, eta, plop!, berehalakoa izan daiteke ospakizuna. Lortu Dugu Eguna ospatu dute Usansolon (Bizkaia) gaur. Lortutakoa ospatzeko izan da, bai, baina baita oraindik egiteko dutenerako indarrak biltzeko ere. Iazko abenduaren 28az geroztik bilakatu direlako Bizkaiko 113. udalerria ofizialki, baina, era berean, lan handia dutelako udalerria erabat osatu arte. Udaletxea non jarri zehaztu gabe dute, esaterako, eta beste hamaika detaile ere lotzeko dituzte. Baina lortu dute. Eta bide hori elkarrekin egin dutela eta aurrerantzean ere elkarrekin egin beharko dutela gogorarazi nahi izan diote elkarri egun osoko festa antolatuta.

Usansolo Herria plataforma izan da segregazio prozesuaren motor nagusietako bat, eta galtzak bete lan ibili dira ospakizunean ere. Leire Arana plataformako kideak azaldu duenez, hain justu, herrian lanean aritu diren beste eragile guztiak ere omentzea izan baita festaren asmoa. «Prozesu osoan egon diren guztien lana errekonozitu nahi dugu».

«Orain artekoa ez da erraza izan, urteak behar izan ditugulako lortu duguna lortzeko, baina orain dator zailena: lehen ere baginelako herri, eta orain lortu behar dugu udaletxea geure neurrira egitea».ITSASO GUTIERREZUsansolo Herria plataformako zinegotzia Galdakaon

Hogei elkarte inguru bildu dituzte oholtza ondora, horregatik, eguerdiko ekitaldi nagusian. Eta bertan izan dira orain arte Galdakaoko Udalean zinegotzi aritu diren plataformako kideak ere. Iñaki Urgoiti izan da ekitaldian hitza hartu duenetako bat, eta herritarrak zoriondu ditu lehen-lehenik. «Gu izango gara Galdakaora doazen azken zinegotziak, eta hori izan da zuei esker!». Eta, aurrerantzean, lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Itsaso Gutierrezek ere. «Orain artekoa ez da erraza izan, urteak behar izan ditugulako lortu duguna lortzeko, baina orain dator zailena. Lehen ere baginelako herri, eta orain lortu behar dugu udaletxea geure neurrira egitea».

«Burugogorkeriaren harriak»

Usansolok bezala, segregazioa lortzeko lan egin behar izan duten beste hainbat herri ere izan dituzte gogoan. Hala nola Iurreta (Bizkaia), Ziortza-Bolibar (Bizkaia) eta Erandio (Bizkaia) gonbidatu dituzte, bai eta Igeldo ere (Gipuzkoa). Ametz bat ere eraman diete opari igeldoarrek, herriko itsas labarretik hartutako bi harrirekin batera: 113 zenbakiarekin bata, eta 89 zenbakiarekin bestea. Eta Larraitz Dorronsoro igeldoarrak azaldu du zergatik: «Zuek lortu duzue Bizkaiko 113. udalerria izatea, guk oraindik ez 89. udalerria izatea, baina bi harri horiek erakusten dute gure burugogorkeria!».

Eta zuhaitza ongi haz dadin, badaezpada, txakolin basokada bat ere bota diote.

Igeldoko herritarren ametz bat eta bi harri eraman dizkiete opari usansolotarrei. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igeldoko herritarren ametz bat eta bi harri eraman dizkiete opari usansolotarrei. ARITZ LOIOLA / FOKU

«Batzar batean, ikusi genuenean zenbat gauza egin behar ditugun oraindik, halaxe esan nien: 'Aizue, eta herria itzultzen badiegu? Lasaiago geunden-eta!'. Baina lortu dugu!».

MARISA GONZALEZUsansoloko herritarra

Ospakizunaren eta lanerako deiaren artean joan da eguna. Usansolo udalerria dela ospatzeko pinak banatzen aritu da Marisa Gonzalez, esaterako, joaldunen, gaiteroen eta erraldoien buru joan den pankartan. Zornotzan jaio zen (Bizkaia), baina 56 urte daramatza herrian, eta buru-belarri ibili da Usansolo udalerri bilakatzeko prozesuan. «Usansolo beti izan delako herria, eta puntu». Eta orain ere jarraitzen du udalerria osatzen jarraitzeko bileretara joaten, eta barrez azaldu du hango giroa. «Batzar batean, ikusi genuenean zenbat gauza egin behar ditugun, halaxe esan nien: 'Aizue, eta zer iruditzen zaizue herria itzultzen badiegu? Lasaiago geunden-eta!'. Baina lortu dugu! Hau da Lortu Dugu Eguna!».

Paella ordubetean, herria 40 urtean

Festarako lanean aritu dira Felix Zahatoa Olamendi, Isortze Legarreta eta Igor Barrueta ere. «Herriko bazkari handi guztiak guk egiten ditugu», azaldu du Olamendik, eta egin dituzte batzuk, udalerri bihurtzeko bide horretan. Seiehun pertsonarentzako paella egin dute oraingoan, eta, era berean, udalerria osatzeko bileretan ere buru-belarri jarraitzen dute. Bi erantzun tekniko eman ditu, horregatik. Lehena: zenbat denbora behar du seiehun pertsonarentzako paellak? «Gutxi gorabehera ordubete. Apur bat gutxiago». Eta bigarrena: zenbat denbora behar da 4.500 biztanle ingururentzako udalerri bat sortzeko? «Gutxi gorabehera 40 urte».

Eta poza haren aurpegian. Egiteko dutenagatik, baina batez ere, jada egin dutenagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.