Internet

10.000 artikulu ezinbestekoen langara heldu da euskarazko Wikipedia

Abenduaren 1ean bota zuten erronka, urte bukaerara bitartekoa; orduan, 378 artikulu falta zituzten. Euskarazkoaren aurretik, soilik serbierazkoak zuen lortua helburua. Guztira, 403.220 artikulu daude euskarazko Wikipedian.

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 27a
12:48
Entzun

Lortu dute: euskarazko Wikipediak jadanik baditu «Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak» sarean. Kalitatea aztertze aldera, Wikipediak berak zerrenda bat du hizkuntza bakoitzaren atarian irakurgai dauden artikuluak «aski» ote diren neurtzeko. Sistemak irizpide nagusi bat du oinarri: zehaztua dago gai bakoitzeko –hala nola teknologia, historia eta artea– zenbat artikulu egon beharko liratekeen argitaratuta. Abenduaren 1ean, euskarazko Wikipediak zerrenda horretako 9.622 zituen sarean plazaratuak, eta argi zuten erronka: 378 gehiago izatea urtea bukatu aurretik. Esan, eta egin.

Erronka bota zuten egunean zehaztu zutenez, orain arte serbierazko Wikipediak baizik ez zuen lortua 10.000 artikuluak edukitzea. Dena dela, ikusgai dago langa horretatik hurbilen dauden hizkuntzen sailkapena. Egunek aitzina egin ahala, apurka, euskarazkoak gora egin du nabarmen. Esaterako, japonierazko Wikipedia aurreratu zuen abenduaren 9an.

Twitter bidez, ia egunero eman dute eginiko urratsen berri.

Erronka bete dadila erdiesteko argitaratutako azken artikulua taldeen errepresentazio teoriari buruzkoa izan da, matematikari buruzkoa alegia. Halaber, euskarazko Wikipediak aipamen berezia egin dio Joxan Garaialderi. Atariak azpimarratu duenez, azken 27 egunotan 89 artikulu idatzi ditu Garaialdek euskaraz. Guztira, 403.220 artikulu daude euskarazko Wikipedian plazaratuta. 400.000 artikuluren langa urriaren 19an gainditu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.