100 urteko saltoa historian

Antzinako bizibide eta usadioak gogoraziko dituzte ostiral eta larunbatean Otsagabian, Orhipean jaialdiaren barruanFestaren 10. urteurrena ospatzeko, inoiz baino ekintza gehiago antolatu dituzte

Garai bateko jantziak soinean, duela ehun urteko lanbideak antzeztuko dituzte herritarrek. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Orhipean: bizibide eta usadioak festaren prestaketa lanak martxan jarri dituzte otsagabiarrek dagoeneko. Ostiralean eta larunbatean, Nafarroako herri horrek 100 urteko saltoa emango du denboran. Garai hartan herritarrek zuten bizimodua gogoraraziko dute antzezpenen bitartez. Aurten, gainera, jaiaren 10. urteurrena ospatuko dute.

2003an jarri zen martxan antzinako ohiturak eta bizimoduak berpizten dituen tradizioaren herri festa. «Herritarren parte hartzerik gabe, festa hau antolatzea ezinezkoa litzateke. Jendea asko mugitzen da», dio Jone Villanuevak, antolatzaileetako batek. Otsagabiarrak, antzinako tradiziozko arropei hautsa kendu, eta haiek jantzita kalera aterako dira bi egunetan, herriaren historia bertara hurbiltzen direnei erakusteko.

Batzuk aktore lanetan aritzen dira, aktiboki parte hartuz. Beste batzuek, berriz, euren etxeak eta haietan urteetan gordetako antzinako materialak lagatzen dituzte, antzezlan erraldoi horretan zeharka parte hartzeko. «Herritarrek ilusio eta gogo handiz prestatzen dute festa. Lan asko eskatzen du horrelako jai bat antolatzeak, baina inongo zalantzarik gabe, merezi du eta egiten jarraituko dugu etorkizunean ere», dio Villanuevak.

Duela hamar urte, Orhipean jaialdia lehen pausoak ematen hasi zenean, beste ekintza batzuk antolatzen ziren. Jaialdiaren ildoa beste bat izaten zen. Orduan, bertako produktuen azoka antolatzeaz gain, erraldoien kontzentrazio bat egiten zuten. Musikak ere izaten zuen tartea: kontzertuak izaten ziren bi egun horietan.

Denborarekin jaialdiak beste bide bat jarraitu zuen. Herritarrek antzinako ohiturak gogorarazi nahi izan zituzten. Horretarako, jaialdia momenturik egokiena zela pentsatu zuten. «Denborarekin jaialdiak aldaketa izan du, eta orain, urteak daramatzagu herria agertoki erraldoi bilakatzen», azaldu du Villanuevak.

Herriaren kokapenak eta banaketak antzezlanerako agertoki bikaina eskaintzen duela uste du Villanuevak. «Xarma handiadauka Otsagabiak. Bertatik pasatzen den erreka, hura gurutzatzeko zubiak... Agertokia dagoeneko muntatuta dagoela esan liteke», dio. Ekintza guztiak herriko kaleetan eta plazetan barrena izango dira. Aurten, urteurrena ospatzeko, 10 urtean egin izan diren ekintza guztiak antolatuko dira egun bakarrean. Hori dela eta, inoiz baino biziago izango dira jaialdiko orduak. Herritarrek ez ezik, tabernak eta etxeek ere antzinako itxura hartuko dute berriro ere. Tabernetan garai hartako altzariak eta apaingarriak izango dira nagusi.

«Urtero kanpotik Otsagabiara etortzen den jende ugari dago. Horien artean, batzuek bederatziurte daramatzate etortzen», dio Villanuevak. Parte hartzea oso handia da; urteotan gorakada nabaritu dute.

Bihar, eguzkia estaltzen denean emango diote hasiera festari. Gaueko bederatzietan izango da pregoia. Jai giroan hasiko dute otsagabiarrek eta bisitariek tradizioen jaia. Herriko kale eta plazak musikaz eta alaitasunez bustiko ditu kalejirak. Gauez herria esna izango bada ere, goizean goiz, bederatzi eta erdietan ezkilen soinuak festa eguna hasi dela igarriko du. Soinuarekin bat, herritarrak kalera aterako dira duela ehun urteko soineko, zapata eta orrazkerak berreskuratuz. Hamaiketan, artzainak abelbidetik pasatzearekin bat, garai hartan egin ohi zen bezala, ogi-mamiak jango dituzte. Artzainak artaldeekin pasatuko dira, herria gurutzatuz.

Goizean eta arratsaldean, dagoeneko desagertu diren ofizioak berpiztuko ditu herriko jendeak. Besteak beste, emakumeak errekara jaitsiko dira arropa garbitzera. Okindegian, gailu modernoak alde batera utziz, eskuekin eta aspaldiko lanabesekin ogia egingo dute. Dendek eta ostatuek ere ateak zabalduko dizkiete bisitariei. Bien bitartean, iruleak aritzen arituko dira eta artilea mugarritzen beste otsagabiar batzuk. Matatxerri izeneko ekitaldia da bisitatuena herritarren artean. Antzinan egiten zen txerri hilketa egingo dute, ondoren jateko. Etxeko txikienek ere jaiaz gozatzeko aukera izango dute; garai hartako jokoak azalduko dizkiete eta haietan parte hartzeko aukera izango dute.

Arratsaldeko zazpi eta erditatik aurrera, dantzaldiak eta musika izango dira nagusi. «Urteurrena ospatzeko eta jaiari amaiera ona emateko, dantzari helduenek dantzatuko dituzte antzinako dantzak. Omenaldi moduko bat izango da», dio Villanuevak. Jaialdiaren ostean, datorren astean, parte hartzaileendako propio antolaturiko afari bat egingo da. «Eskerrak emateko modu bat da afari hori, urteetan egin duten lana saritzeko», dio Villanuevak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.