Netflix streaming plataforma handia gailendu da Emmy sarietan, bi ekoizpen arrakastatsurekin: The Crown eta The Queen's Gambit. Lehen aldiz, sari esanguratsuenetariko bi jaso ditu: dramazko lanik onenaren saria eta telesail laburrik onenarena. Buckinham Palaceko familiaren gorabeheretan oinarrituriko lanak lortu ditu aitortza gehien. Diana Galeskoa protagonista duen denboraldi berria zen lehena izendapenen zerrendan, eta ez du hutsik egin.
Lan onenaren sariaz gain, The Crown-eko Josh O'Connor eta Olivia Colman aktore protagonistek sari bana jaso zuten, baita bigarren mailako aktoreek ere: Tobias Menzis eta Gillian Andersonek. Zuzendaririk onenaren saria ere eraman zuen Jessica Hobsek eta gidoilaririk onenarena Peter Morganek. Astebete lehenago izan ziren Emmy teknikoen sarietan gainera, beste lau garaikur jaso zituen telesailak; hamaika lortu ditu orotara, beraz.
Netflixen telesailik goraipatuenetakoa izan den Queen´s Gambit ere ez zen esku hutsik geratu. Telesail labur onenaren garaikurra jaso zuen xakearen munduan murgiltzen den lanak. Halaber, aktorerik onenaren saria beste faborito batentzat izan zen: Kate Winslet Mare of Easttwon telesaileko protagonistak eraman zuen.
Ezustekorik ez komedian
Komedian sorpresarik ez zen izan: Ted Lasso telesailak eraman zuen lanik onenaren garaikurra. Futbolaz ezer ez dakien entrenatzaile baten istorioak ikusleak bereganatu eta kritikak irabazi ditu lehen denboraldiarekin. Lasso gorpuzten duen Jason Sudeikis aktore, ekoizle eta gidoilariak jaso zuen aktore onenaren saria. Apple Tv Plus plataforma gorenean jarri du telesailak: ez ditu bi urte bete, eta telebistako saririk esanguratsuenetarikoak eskuratu ditu.
Txanponaren beste aldea Disney Plus plataformarentzat izan zen. The Mandalorian telesaila faboritoenen artean zegoen 24 izendapenekin, baina ez du sari nabarmenik eskuratu. Ez eta WandaVision lanak ere.
Emmy sarien 73. aldiak azken urteetako joera aldaketa inoiz baino nabarmenago utzi du. Telebista indarra galduz doala dirudien garaiotan, gero eta toki handiagoa hartu dute plataforma handietako ekoizpenek. Aurtengoan, haien esku egon dira saririk esanguratsuenak.
Bart gauean izan zen sari banaketa gala, Los Angelesen (AEB), eta, iaz ez bezala, aurten alfonbra gorria bueltan izan da. Aurrez aurreko ekitaldia egin zuten; mugatua, ordea: 600 gonbidatu soilik izan ziren, eta sarituetako askok pantaila atzetik jaso behar izan zuten garaikurra.