Bilboko Aste Nagusiak badu aurtengo jaia girotzen hasteko kartela. Irudian, Marijaia hegazkin bat pilotatzen ageri da, Bilbo gaineko zeru urdina zeharkatzen. Gure mundua izena du kartel irabazleak, eta Mario Larrinaga Mochalesek egin du.
133 kartel aurkeztu ziren lehiaketara, eta sei izan dira Aste Nagusiko irudi bihurtzeko finalistak. Larrinagaren afixak lortu ditu boto gehien. Botoen %40,75 eskuratu ditu. Ekainaren 10etik 14ra bitartean izan zen botoa emateko aukera. Bilboko Udalak bozketa mistoko sistema erabili du kartela hautatzeko. Azken emaitzan % 66ko balioa izan dute herritarren botoek, eta % 33koa, berriz, epaimahai espezializatuaren iritziak.
Aurten, Aste Nagusia abuztuaren 17tik 25era ospatuko da. Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak aurreratu duenez, "aurreko edizioetako arrakasta barritzea espero dugu, parte hartze handiarekin eta giro atseginarekin. Jo eta su ari gara lanean, kalean dohainik eskainiko ditugun jardueren xehetasun guztiak adosteko. 400 ekintza baino gehiago izango dira guztira. Gaur, irudiaren aukeraketarekin hasiko gara, hori baita Bilboko jaiak mundu zabalean ezagutzera emateko modurik onena".