Martin Ugalde foroak 'Klima eta ekologia krisia' hartu du hizpide, 'Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian' Aleka bildumako liburu berrian parte hartu duten zenbait adituren eskutik. Haiekin batera aritu da solasaldian Iñaki Petxarroman kazetari eta liburuaren egilea, arazoaren atal bakoitza bereizi eta xehatzeko. Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta EHUko irakasleak hidrologiaz mintzatu dira; Ibai Rico eta Eñaut Izagirre glaziologoek, izotz eta glaziarrei buruz; Naima el-Bani paleozeanografoak, berriz, iraganean izandako klima aldaketak eta gaur egungoa (antropikoa) aztertu ditu; Unai Pascual eredu ekonomikoak behar duen eraldatze ekologikoaz mintzatu da, eta Elisa Saenz de Murieta, azkenik, klima aldaketak kostaldean izan ditzakeen ondorioez aritu da.